“Deba-Mutriku errepidearen hobekuntzarekin, mutrikuarren aldarrikapen historiko bat konponbidean jartzen dugu”
“Deba-Mutriku errepidearen hobekuntzarekin, mutrikuarren aldarrikapen historiko bat konponbidean jartzen dugu”
“Deba-Mutriku errepidearen hobekuntzarekin, mutrikuarren aldarrikapen historiko bat konponbidean jartzen dugu”
Mutrikuk Gipuzkoarekin duen lotura nabarmen hobetuko duten lanen hasieran izan da Markel Olano diputatu nagusia
Martxan dira Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepidea hobetzeko proiektuko obrak. Egitasmoak oinezkoentzako bidea eta bidegorria egitea ere aurreikusten ditu. Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olano Mutrikuko Laranga auzoan egiten ari diren lanak bisitatzen izan da gaur, obren aurretiazko jarduketen parte direnak. “Proiektu hau martxan jarrita, mutrikuarren aldarrikapen historiko bati erantzun eta konponbidean jartzea lortu du Foru Aldundiak”, esan du foru arduradunak. Izan ere, eta Olanok gogoratu duenez, errepideak lurraldearen gainerako herriekin eta Mendaroko ospitalearekin lotzen du Mutriku.
Diputatu nagusiarekin batera, ekitaldian egon dira Bide Azpiegituretako foru diputatu den Aintzane Oiarbide eta Deba eta Mutrikuko alkatea, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, hurrenez hurren. Proiektuak 10 milioi euroko aurrekontua dauka eta, foru arduradunak azaldu duenez, lanak otsaileko lehenengo egunetan hasi ziren. Orain, aurretiazko obrak egiten ari dira, hala nola, aipatutako Mutrikuko Laranga auzorako sarbideen egokitzapena, soberakinen deposituen prestaketa eta ezpondetara iristeko pisten eraikuntza. Behin lan hauek eginda, errepidea itxi egingo da datorren apirilaren 26an, eta lau hilabetez egongo da horrela. Proiektu osoaren amaiera 2020 urtearen hasierarako espero da.
Diputatu nagusiak berak zuzentzen duen foru Gobernuarentzat lurralde orekak duen garrantzian jarri du azpimarra, eta adierazi du egitasmo hau norabide horretan doala. “Gure nahia da Gipuzkoako biztanle guztiek, bizi diren lekuan bizi direla, oinarrizko zerbitzu berdinak jasotzea. Kasu honetan, errepide honen hobekuntzak Mutrikurako sarbidea hobetzea dakar, eta honek eragin zuzena du herriaren lehiakortasun ekonomiko eta herritarren bizi kalitatean”, aldeztu du foru arduradunak.
Olanok azaldu duenez, proiektuaren helburua da, batetik, GI-638 errepidean dauden gune arazotsuetan hobekuntzak eginez. “Galtzada gutxienez zazpi metroraino zabalduko da, eta jarduera nagusienak Ipitxarri bihurgunean eta Alkolea Muturrean egingo dira. Azken hau guztiz ekidingo da, bertan egingo den tunel berriari esker”, zehaztu du diputatu nagusiak. Era berean, erantsi du proiektu honek nabarmen hobetuko duela errepidearen trazatua.
Zirkulazio handiko errepidea da, eguneko batez besteko intentsitatea 6.000 ibilgailukoa da, eta gainera, bi udalerri horiek lotzen dituen errepide bakarra da ia”, gogoratu du Olanok. Hobekuntza lan hauekin gidarien segurtasuna handitzeaz gainera, herritarren bizi kalitateari egingo dioten onura ere nabarmendu du foru arduradunak. “Oinezko pasealekuarekin eta bide gorriarekin, herri hauetako biztanleak gure itsasertzeko paisaiaz gozatu ahal izango dute ibilaldi osasungarriak eginez”, erantsi du diputatu nagusiak.
Kalbarioko errepidea
Bestalde, Olanok lasaitasun mezua zabaldu du, Kalbarioko mendateko GI-3230 errepidean egiten ari diren lanen inguruan. Egun errepidea itxita dago, obrak direla eta, baina hau izango da Mutrikurako sarbide nagusia GI-638 errepidea itxita dagoen bitartean. “Gaur egun hiru esku hartze ari gara egiten errepide horretan, Aste Santurako bukatutako egongo direnak. Beraz, ez du inongo eraginik izango kostako errepidea hobetzeko proiektuan”, azaldu du diputatu nagusiak.
Olanok zehaztu duenez, alde batetik, emergentziazko esku hartzea ari da egiten Aldundia, hilabete hasieran jazo zen luiziak eragindako kalteak konpontzeko. Lan hauek Aste Santurako amaitzea espero da. Gainera, Astigarribia auzoan zenbait lan egiten ari dira, galtzadaren zabalera handitu eta hobetze asmoz. Azkenik, errepidearen gainazalean egon daitezkeen zuloak konpondu eta hobekuntzak ere egingo ditu Aldundiak.
GI-368 errepidea itxita dagoen bitartean, luzera eta pisu mugak egongo dira Kalbarioko errepidean. Autobus lineek ohiko zerbitzua eskainiko dute bide honetatik, horretarako ezarriko diren zirkulazioa baldintzak betetzen dituzten ibilgailuak erabiliz.
1992