"Desberdintasunen aurkako borroka izango da gure lehentasun nagusia COVID-19aren testuinguruan"
"Desberdintasunen aurkako borroka izango da gure lehentasun nagusia COVID-19aren testuinguruan"
Aldundiak proiektu estrategikoak indartu eta egokitzeko lanean dihardu, egitasmoak Europako Berreskuratze Funtsera aurkeztu asmoz
COVID-19aren pandemiak eragindako osasun, gizarte eta ekonomia krisi larriaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere 2020-2023 Plan Estrategikoa berrikusi du azken hilabeteetan. Azterketa horren ondorioz, foru gobernuaren erakunde jardueran «erabateko lehentasuna» identifikatu du, hau da, «gizarte kohesioa eta desberdintasunen aurkako borroka». «Orain inoiz baino gehiago, gure politikak, programak eta ekintzak pertsonarengan eta haren bizi-kalitatearen hobekuntzan ardaztuko dira», berretsi du diputatu nagusi Markel Olanok, gaur goizean Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan.
Eginkizun horrekin, foru erakundeak konpromisoa hartu du COVID-19ren testuinguruan «gizarte babesa, ongizatea eta bizikidetza komunitarioa bermatzeko», eta horretarako, «birusak gizarte baliabideen sare publikoan duen inpaktua prebenitzea eta murriztea» bilatuko da, «etengabeko alerta, prebentzio eta zaintza egoera» aktibatuta. Era berean, areagotu egingo da larriagotu daitezkeen gizarte desberdintasunen aurka borrokatzeko «ahalegina, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, mugikortasuna, euskara, kultura edo kirola» bezalako eremuetan.
Desberdintasunei aurre egiteko konpromiso hori, azken bi hilabeteetan egindako berrikuspen lanean islatu denez, lehentasunezko beste lau eremurekin osatzen da: garapen ekonomiko iraunkorra eta enpleguaren babesa; lankidetzazko gobernantza; etorkizuneko proiektuak; eta, azkenik, eraldaketa berde eta digitala. Azken eremu hori, zehazki, krisitik ateratzen lagunduko duen «eragile gehigarri» gisa identifikatu da, «palanka» gisa, enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko «trantsizio sozial, ekologiko eta digitalen inguruan».
Diputatu nagusiak azaldu duenez, Plan Estrategikoaren berrikuspenaren abiapuntua izan da pandemiak aldatu egin duela, «aste gutxiren buruan», hasierako dokumentua planteatu zen testuingurua, zeina iazko azaroan aurkeztu baitzen lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoen ordezkaritza zabal baten aurrean. «COVID-19aren agerpenak jarduteko agertoki berri bat ireki dio Aldundiari. Urrats berri honekin gure kudeaketa tresna guztiak eguneratu ditugu egoera berri honetara», zehaztu du Olanok, eta aurreikusi du pandemiak gure gizartean gertatzen ari zen «eraldaketa sozioekonomiko sakonaren azeleratzaile» gisa jardutea.
«COVID-19aren testuinguruak ez du gure helburua aldatzen, berretsi eta indartu egiten du. Gaur egun inoiz baino baliagarriagoa eta garrantzitsuagoa da desberdintasunak murrizteko lan egitea, bai egiturazkoak, bai pandemiak eragindako koiunturakoak», adierazi du, «nahiz egungo egoeran inoiz baino latzagoa izan eginkizun hori». Ildo horretan, diputatu nagusiak berretsi du «Europan desberdintasun maila txikienak dituen erkidegoa» izateko lehentasuna «inoiz baino beharrezkoagoa dela gaur egun ere», gure zeruertzean ikusten diren «hodei ilunen» aurrean: BPGaren beherakada, langabezia handitzea, fakturazioa eta salmentak murriztea, eta pobrezia jasateko arriskuan dauden pertsonen kopurua handitzea.
Proiektu estrategikoen indartzea
Esparru horretan, diputatu nagusiak zehaztu du Aldundiak «krisiaren kudeaketa duala» egiten diharduela, eta erabaki hori orain Plan Estrategikoan sartzen dela. Alde batetik, erakundea «bere esku dagoen guztia» egiten ari da gaixotasunak gizarte zerbitzuen erabiltzaileengan duen eragina prebenitzeko eta murrizteko, bereziki egoitzetan eta eguneko zentroetan, kolektibo «zaurgarrienak» baitira COVID-19aren aurrean; gizarte zerbitzuak egoera pandemiko aldakorrera egokitzeko 20 milioi euro baino gehiago bideratzea aurreikusten da 2021aren erdialdera arte. Larrialdiko kudeaketa horretan sartzen dira, halaber, «pertsonak eta haien enplegua babesteko» neurriak, Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Planean islatuta daudenak, apirilaz geroztik, 28 milioi euroko hornidurarekin.
Bestalde, Olanok azaldu duenez, «epe ertainean» proiektatutako lan ildoak daude, eta nabarmentzekoa da «adinekoei arreta emateko eta zahartze aktiboko eredu berri baten» aldeko etorkizuneko zeregina, Gipuzkoan pandemia iritsi aurretik abiarazi zena eta datozen urteetan areagotuko dena, bai eta etorkizuneko sektoreetan «enplegu berria eta jarduera ekonomikoa» sortzeko ahalegina ere. Diputatu nagusiak, halaber, berretsi nahi izan du Aldundiak diseinatutako «proiektu estrategikoen» garrantzia. Aditzera eman duenez, foru erakundea dagoeneko lanean ari da egitasmo horiek “indartzeko eta egokitzeko”, Europar Batasunak abiarazitako Next Generation funtsera aurkeztu ahal izateko. “Zorpetzeko aukera hori eskatzen ari garen moduan, funts berri honek finantziazio aukerak berriak zabaltzen ditu eta horiek probesten saiatuko gara”, osatu du.
Etorkizunaren aldeko apustua, apustu berde eta digitala
«Plan estrategikoaren berrikuspen honetan, COVID-19aren pandemia egoera berrian, gure politikak berrantolatu egin ditugu, osasun krisia konpontzeaz gain, susperraldi ekonomikoari ere lehentasuna emanez, Europako politiken ildotik, susperraldi berdea eta digitala bultzatuz, inor atzean utzi gabe», gaineratu du Jose Ignacio Asensiok. Ingurumeneko foru diputatuak adierazi du garapen jasangarriko helburuekin lerrokatutako «azelerazio politika bat» gauzatzeko erabakia hartu dutela, «pertsonak, komunitatea eta ingurumena» lehen lerroan jarrita, eta politika publikoak jardunaren ardatz gisa kokatuta.
Asensiok azpimarratu duenez, «gai izan behar dugu ekonomia iraunkortasunaren ikuspegitik eraldatzeko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko politikak areagotzeko».
Gipuzkoa eredua oinarri gisa
2020-2023 Plan Estrategikoaren berrikuspenak dioenez, Gipuzkoako gizarteak beti erakutsi duen «lidergoa, bizitasuna eta lankidetzarako gaitasuna indartzea» funtsezkoa izango da «krisia gainditzeko eta indartuta ateratzeko». Balio propio horiekin eta «Gipuzkoa eredu» horrekin, Aldundiak bere lehentasunak garatzeko konpromisoa hartzen du «maila anitzeko elkarlaneko gobernantza baten bidean» eta «gizartearekiko esteka estu batez», «enpresekin eta gizartearekin batera buru izateko ekonomiaren eta gizartearen susperraldian, eta Gipuzkoaren lehiakortasun eraldaketan».
Berrikuspenean planteatutako beste printzipioetako bat da «zaintza eta moldagarritasuna» pandemiaren aurrean; izan ere, testuinguru «zalantzagarri eta aldakorrak» herritarren eta enpresen premia larriei» erantzuten jarraitzea eskatzen du. Zaintza eta ekintza lan hori koordinatzeko, COVID-19aren bilakaeraren barne behatoki bat sortu da, diputatu nagusiaren kabinetea buru dela, eta inpaktu handiena jasaten duten departamentuen parte hartzearekin.
Azkenik, batez ere proiektu estrategikoei dagokienez, beste erakunde maila batzuetako funtsak eta proiektuak eskuratzeko «aukerak» aipatzen dira, Next Generation EU edo Green Deal – Green Recovery binomio berdea berreskuratze tresnaren bidez, eta kontu publikoen iraunkortasuna indartzen laguntzen duten eredu alternatiboen alde eginez.
2004