Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gure baliabide guztiak lurraldeko egoitzetara bideratzen ari gara”

“Gure baliabide guztiak lurraldeko egoitzetara bideratzen ari gara”

Eider Mendoza foru bozeramaileak berretsi du Aldundia ahalegin guztiak egiten ari dela Covid-19 gaitzaren hedapenari eusteko egoitza sarean.

Covid-19 gaitzak sortu duen pandemia globalaren testuinguruan, lurraldeko egoitzak dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren “lehentasun nagusia”, foru erakundeko bozeramaile den Eider Mendozak gaur berretsi duenez. 240 zentrok osatzen dute azpiegitura sare hau, adinekoei, desgaitasuna dutenei, haurrei, gizarteratzeari eta osasun mentalari lotuta, eta hauetan 7.000 lagun artatzen dira. “Gure ahalegin eta baliabide guztiak, une honetan, Gipuzkoako egoitza sarean Covid-19 gaitzaren hedapena gelditzera bideratuta ditugu”, azaldu du, gogoratuz foru erakundeak lehen neurriak martxoaren 5ean hartu zituela, lehen kasu positiboa eman baino bi aste lehenago.

          Mendoza gaur agertu da bideokonferentzia bidez hedabideen aurrean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Agerraldian zehar, duela hiru aste aktibatu zen gizarte politika arloko Txoke Planaren testuinguruan erabakien errepasoa egin du, bai eta gizarte zerbitzuen esparruko egoitza eta zentroen egoeraren azterketa ere. Azken datuen arabera, atzo ezagutarazi zirenak, guztira 26 pertsona dira adinekoen egoitzetan gaixotasuna gainditu dutenak, eta beste bat sendatu da desgaitasuna duten pertsonen zentroetan. Bestalde, 99 dira adinekoen egoitzetan zendu direnak eta 302 positibo eman dutenak, eta beste 15 positibo daude desgaitasuna duten pertsonen zentroetan.

          Mendozak gogoratu du Aldundiaren Txoke Planak zazpi jarduketa lerro eta 50 ezohizko neurri aurreikusten dituela, eta helburu nagusia modu estrategiko eta koordinatuan erantzutean Covid-19 gaitzak sortu duen aurrekaririk gabeko egoerari. Honela, Aldundia zentro guztien egoeraren eguneroko jarraipena egiten ari da, gaixotasunaren eboluzioa momentu oro monitorizatzen, dituzten material eta formakuntza beharrak aurreikusten eta hartzen dituzten prebentzio neurrien jarraipena egiten. Testuinguru honetan, krisiaren hasieratik PCR frogak egin zaizkie sintomak dituzten pertsona guztiei, eta jarraipen hau indartzen joan da eskura dauden baliabideak hazten joan ahala. Honela, pasa den apirilaren 10etik, Osakidetza test bikoitzak egiten ari da (test azkarra+PCR) egoitzetako egoiliar eta langile guztiei.

          Foru bozeramaileak esan du baloratu diren beharren arabera banatzen dela materiala eta Aldundiaren papera dela osatzea osasun agintariak egiten ari diren material hornidura. Baita ere, nabarmendu du Aldundiak maskarak esterilizatzeko makina erosi duela eta, honi esker, maskarak hiru aldiez berrerabiltzea ahalbidetzen dela. 

          Mendozak gogoratu duenez, Aldundiak arreta zentro berriak aktibatu zituen Gipuzkoan egoitzetan lehen kasua atzeman aurretik. Oraingoz, baliabide hauek modu egokian ari dira erantzuten momentuko beharrei. Honela, adierazi du Matia kaleko Gurutze Gorriaren ospitalean, zeinek 120 plaza dituen, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan jazo diren Covid-19ko kasu positiboak artatzen ari direla; eta, Hondarribia, Orio eta Zarauzko aterpetxeetan, 75 plaza dituztenak, etxebizitza esklusio egoeran dauden pertsonei ematen zaie arreta.

          Giza baliabideen alorrean, foru erakundeak martxan ditu egoitzetako zaintzaileen eta erizainen lan poltsak. Gainera, eguneko zentroak itxita daudenez, hauen langileria egoitzetakoa indartzera pasa da. Bestalde, Gipuzkoako 14 hotelek osatzen duten ostatu sarea ere osatu da, egoitzetako langileen eskura jartzeko, hauek beraien etxeetara itzuli nahi ez duten kasuetan, bai familian kide zaurgarriren bat dutelako edo alarma egoera dela eta mugikortasuna mugatuta dutelako.

          Txoke Planaren bitartez, egoitzetan ikuskaritzak ere indartu egin dira, eta astean behin zentro guztiak modu presentzialean ikuskatzen dira. Desinfekzioen atalean, egoitza bakoitza gutxienez lau egunean behin desinfektatzen da. Suhiltzaileen foru zerbitzua ari da lan hau egiten, Donostiako suhiltzaileen eta DYAren laguntzarekin. Ondoren, enpresa espezializatu batek logela guztiak desinfektatzen ditu. Gainera, Aldundiak aholkularitza eta formakuntza zerbitzu pertsonalizatuak ari da eskaintzen egoitza sare osoan, beti ere Covid-19 gaitzarekin lotutako agertokien kudeaketa errazteko eta Matia Fundazioa, Aita Meni eta Osakidetzaren laguntzarekin.

          Krisaren hasieran martxan jarri zen Telezaintza (900 43 43 43) zerbitzuari dagokionean, Covid-19a dela eta dauden zerbitzuen inguruko harrera eta orientazio zerbitzua eskaintzen du. Egoitzetako langile eta familiei babes psikosoziala ere eskaintzen die, eta egoiliarrak behin behinean beraien etxeetara bueltatu nahi duten kasuetan honen kudeaketaz ere arduratzen da. Gainera, egoitzetako langileen eskura dagoen ostatu sareari lotutako informazioa ematen du, eta eskariak jasotzen ditu. Txoke Planaren testuinguruan, baita ere, lurraldeko egoitzetan dauden egoiliarrei etxera bueltatzeko aukera eman zaie behin behinean, horretarako laguntza ekonomikoa eta teknikoak eskainiz.

          Azkenik, komunikazioaren arloan, kasu positiboak dituzten egoitzetan egunero mantentzen da harremana erabiltzaile guztien familiekin, positibo eman edo ez. Komunikazio hau komunikazio publikoaren aurretik doa kasu oro. Eta ‘Besarkada birtualak’ ekimenaren eskutik, egoitza guztiak doako linea eta gailuz hornitu dira, egoiliarren eta familien artean komunikazio konexio segurua sortzeko. Astean, eta egoiliar bakoitzeko, gutxienez hiru bideo dei egitea da helburua.

 

Indarkeria matxista

Bestalde, indarkeria matxistaren biktimei arreta eskaintzeko zerbitzuen eta komunikazio kanalak indartu eta egokitzeko estrategia partekatua sustatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, egungo konfinamendu egoeran balizko bortizkeria jasaten ari daitezkeen emakumeengana “modu azkarren eta egokienean” iritsi ahal izateko. Hala jakinarazi du gaur Eider Mendoza foru bozeramaileak, zeinek bere “ardura” adierazi duen, itxialdia luzatzen doan heinetan, adituen arabera, indarkeria maila eta kasuen kopurua igo egin daitekeelako.

Mendozak jakinarazi duenez, larrialdi egoeraren “hasiera-hasieratik”, bortizkeria matxistari aurre egiteko ardura duten erakundeek “zerbitzuak osasun larrialdira egokitu eta koordinazioa estutu” dituzte, bortizkeria matxistaren biktima diren emakumeei “ahalik eta erantzun egokiena eman asmoz”. Arreta jasotzeko zenbaki eta zerbitzuen inguruko komunikazio publikoa ere indartu egin dute azken asteotan. “Orain, testuinguru hau luzatzen ari dela ikusita, pauso bat harago joan nahi dugu. Biktimek arreta jasotzeko dituzten zailtasunak identifikatu nahi ditugu, konfinamendua bortizkeria mota honetan izaten ari den eraginaren lurraldeko mailako argazkia osatu, udalek martxan dituzten praktika eredugarriak identifikatu eta, behin hori eginda, arreta zerbitzuetan presazko egokitzapenak egingo ditugu”, azaldu du bozeramaileak.

Lanketa honen helburua izango da baliabideak egokitzea biolentzia kasuak “prebenitzeko” eta, gertatzen diren erasoen aurrean, “arreta azkarra, egokia eta eraginkorra” bermatzea. Izan ere, konfinamendu egoerak, faktore ugariengatik, indarkeria sexista kasuen inguruko zailtasunak areagotu ditzake.

Asteburua izan ohi da, bereziki igandea, indarkeria sexista kasuak gehien gertatzen diren une nagusia, bikoteek ordu gehien elkarrekin pasatzen dituzten egunak, alegia. Beraz, adituen esanetan, konfinamendu egoerak emakumeen aurkako indarkeria areagotzea ekar dezake berekin. Emakundek berriki eskainitako datuen arabera, ordea, bortizkeria matxista dela eta jarritako salaketa kopurua erdira jaitsi da itxialdian zehar. Jaitsiera horren jatorria izan liteke, alde batetik, gizartearen sentsibilizazioa dela eta, guztiok etxean gauden egunotan, bizilagunen kontrolak balizko disuasio-eragina izatea. Bestetik, gerta daiteke emakumeek arreta zerbitzuetara iristeko arazoak izatea.

Aipatutako guztiagatik, lurralde osoan indarkeria matxistaren aurkako politika egokiak sustatzea dagokion heinean, Foru Aldundiko Berdintasun Organoak azterlan “azkar eta partekatu” bat sustatuko du Gipuzkoa mailan, non tokiko udaletan teknikari eta arduradun politikoek hartuko duten parte.

Helburu horiek bete asmoz, hainbat langune eta esparru antolatu dira, udalerrien tamaina eta baliabideak kontuan izanda. Lehenik, 10.000 biztanletik gorako herrietan, bi langune antolatu dira. Batetik, ordezkari politikoekin lansaio bat aurreikusi da eta, bestetik, berdintasun teknikariekin bi hitzordu ezarri dira beren ekarpenak jasotzeko; hain zuzen ere, bi hitzordu horietan lehena bihar bertan egingo da. Bigarrenik, 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriekin ere beste lansaio bat antolatuko da eta, aldi berean, kontuan izanda baliabide urriagoak dituztela, egoera berriari aurre egiteko laguntza eta aholkularitza zerbitzu bat ematea aurreikusi da.

“Zorigaiztoko pandemia honek eragindako larrialdia dela eta, hainbatetan azpimarratu dugu kolektibo zaurgarrienen arretan jarri dugula lehentasuna. Konfinamendua egoerak sortzen dituen bizi baldintza bereziak direla eta, zalantzarik gabe, bortizkeria matxistaren biktima diren emakumeen arretak berariazko estrategia sendo bat osatzea eskatzen du, testuinguru berezi horretara egokituko dena. Horixe egin nahi dugu, gainerako erakundeekin elkarlanean”, adierazi du Mendozak.

“Emakumeen aurkako biolentzia, giza eskubideen aurkako erasoa izateaz gain, emakumeek jasan behar duten egiturazko subordinazio eta desberdintasun egoera erreal baten ondorioa da. Halako jokabide eta erasoak ez ditu onartzen Gipuzkoako gizarteak, edozein delarik ere testuingurua. Horregatik, herritar eta erakunde orori dei egin nahi nioke inoiz baino determinazio handiagoz, konpromiso horri eutsi eta, komunitate gisa, adi egon gaitezen inguruan izan ditzakegun eraso matxistei, biktimei beharrezko arreta eskaini ahal izateko”, osatu du bozeramaileak.

 

Errenta online

Bestalde, bihar irekitzen da 2019ko Errenta aitorpena modu telematikoan aurkezteko epea, Zergabidea plataformaren bidez. “Covid-19 gaitzak eragin duen alarma eta konfinamendu egoera dela, beharrezkoa izan da errentaren modalitate mekanizatua edo aurrez aurrekoa (Ogasuneko bulegoetan egiten dena) atzeratzea agertokia normaltzen den arte. Honen aurrean, Ogasunak kaltetuei egiten dien gomendioa da aitorpenak internet bidez aurkeztea”, gogoratu du Mendozak.

          Bihartik aurrera, modalitate hau erabiltzea nahi duten zergadunek Zergabidea online plataformara sartu beharko dute (https://zergabidea.gipuzkoa.eus/). Atari honetan sartzeko beharrezkoa da ziurtagiri elektronikoa edota B@kQ edo B@k kodeak erabiltzea. Behin barruan, Ogasunak duen informazio fiskala jaitsi ahal izango du zergadunak, falta diren datuak txertatu eta plataforma honen bitartez bere aitorpena aurkeztu. Gainera, aurreko urteko zerga aitorpena inportatzea ere ahalbidetzen du Zergabideak eta, autolikidazio proposamena jaso dutenen kasuan, hau aldatu eta onartzea.

Zergabideara sartzea errazteko, Ogasunak B@k kodea eskuratzeko modu guztiz telematikoa aktibatu du, eta honi esker erabiltzaileak edozein tramite egin ahal izango du plataforman. Pasahitza lortzeko online galdetegi bat prestatu da Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus/es/bak). Bertan kontraste datua eskatuko da, aplikazioan sartu beharko dena alta emateko. Kontraste datua zergadunak bakarrik ezagutzen informazioa da, eta azken lau urtetan Gipuzkoan aurkeztutako errenta aitorpenen emaitza da.

          Behin kontraste datua sartuta, eskatzaileak posta elektronikoa jasoko du kode batekin eta IZENPEko web helbide batekin. Bertan kodea sartu beharko du, eta tramitazioarekin jarraitu. Prozesua osatzen duenean, identifikazio medio bat eskuratuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko zerbitzu guztietara sarbidea emango diona, Ogasuneko departamentuak Zergabidea plataformaren bidez ematen dituenak barne. B@k kodea hau alarma egoera amaitu eta 15 egunera iraungi egingo da, eta bere funtzionamendu eta utilitateak B@kQ kodearen ia berdinak dira.

Aldi berean, Gipuzkoako foru Ogasunak prozedura telematikoa jarri du martxan, zergadunak beste pertsona bati bera ordezkatzeko baimena emateko, bigarren honek bere 2019ko Errenta aitorpena aurkeztu dezan. Gaurtik aurrera dago erabilgarri mekanismoa, Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus). Sistema berri honek ez du behar inon bertaratzea, ez eta ordeztuaren eta ordezkariaren arteko kontaktu fisikorik. B@k kodea eskuratzeko prozeduran bezala, hemen ere kontraste datu bat txertatu beharko da alta ematerako orduan, horretarako sortutako aplikazio informatikoan. Datu hau zergadunak azken lau urtetan Gipuzkoan aurkeztu duen azkeneko errenta aitorpenaren emaitza da, itzultzera edo ordaintzera. Modu honen bidez emandako ordezkaritzak aldi baterako bakarrik izango dira.

Azkenik, B@k kodea lortu eta aitorpena aurkezteko beste pertsona bati ordezkaritza emateko prozeduretan eskatzen diren kontraste datuak eskuratzeari dagokionean, zergadunak dagokion urteko zerga aitorpena kontsultatu dezake, edota bere kontu korronteko mugimenduetan begiratu. Beste aukera bat da zerga informazio hau 943 11 30 00 doako telefonoan eskatzea, edota Ogasuneko web orrian, www.labur.eus/ogasuna esteka jarraituz. Informazioa eskatu ostean zergadunak jakinarazpenak jasotzeko Ogasunari adierazi dion helbidean jasoko ditu, posta orokor bidez. 

  

1789