“Elkarlanean oinarritutako norabide sendo batekin erantzun dio Gipuzkoak ziurgabetasunari”
“Elkarlanean oinarritutako norabide sendo batekin erantzun dio Gipuzkoak ziurgabetasunari”
Energiaren garestitzearen eta inflazioaren aurrean, “lehentasun nagusia” gizarte desberdintasunei aurre egitea izan behar dela adierazi du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Etorkizuna Eraikizeko uda ikastaroaren irekieran
Egungo gizartea eta ekonomiak bizi duen ziurgabetasun egoeraren aurrean, “lehentasun nagusia” gizarte desberdintasunei aurre egitea eta “pertsona nahiz kolektibo zaurgarrienak” babestea behar duela izan adierazi du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Etorkizuna Eraikizeko uda ikastaroaren irekierarekin ekin dio foru gobernuak ikasturte politiko berriari eta, bertan, testuinguruaren “irakurketa ilunak” ekidin arren, egungo krisialdi energetikoaren aurrean industriaren “iraunkortasuna bermatzea hil ala bizikoa” dela azaldu du eta trantsizio energetikoan “jauzi berri bat” emateko beharraz mintzatu da.
“Zailtasunak eta ziurgabetasunak handiak dira, agerikoa da. Baina Gipuzkoa sendo eta elkarlanean ari da erantzuten desafio zahar eta berriei. Ziurgabetasunaren aurrean, Gipuzkoak norabide sendo bat ezarri dio bere buruari; etorkizunean eta elkarlanean oinarritutako norabide argi bat”, nabarmendu du Olanok. Diputatu nagusiaren iritziz, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez lurraldean zabaldutako “egiturazko eta maila guztietako elkarlana” da norabide horren lekuko. “Aurrerantzean etorriko diren desafioei aurre egiteko garaian, konfiantza gure erakundeetan, enpresetan eta gizartean. Lankidetzan sakonduz, lortuko dugu epe laburreko, ertaineko eta luzeko zailtasunei aurre egitea”, gehitu du.
Adierazpen hauek UPV/EHUren Uda Ikastaroetan egin ditu diputatu nagusiak, non parte hartu duen Gipuzkoaren etorkizuna aldaketa eta ziurgabetasun testuinguru batean jardunaldiaren irekieran. Lurraldeko erakundeen, gizartearen eta ekonomiaren alorreko 150 ordezkari inguruk parte hartu duten ikastaro honetan hitza hartu dute, baita ere, Eva Ferreira unibertsitateko errektoreak; Adil Najam, Bostongo Unibertsitateko Frederick S. Pardee Ikasketa Globalen Ikastetxeko inaugurazio dekanoak; eta Auxkin Galarragak, UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Lan Saileko irakasleak.
Bi urte pasa ondoren pandemiaren aurkako “ahalegin kolektibo betean”, aurtengo udan izandako “osasun egoera lasaiagoa” baloratu du diputatu nagusiak. Ikasturte berriaren hasieran, ordea, “leku berean dirauten laino ilunak” izan ditu mintzagai; larrialdi klimatikoa, energia eta lehengaien garestitzea eta inflazioa, kasu. Ildo horretan, testuinguru ekonomiko “zailari” aurre egiteko euskal erakundeek hartutako neurri nagusiak zerrendatu ditu eta, inflazioaren eta energiaren garestitzeak lurraldeko enpresetan eta familietan duen eragin “kaltegarria” saihestu gabe, langabeziak eta Gipuzkoako enpresen esportazio mailak azken hilabeteetan utzitako “datu positiboak” aipatu ditu.
Populismoaren mehatxua
Bere diagnosian Olanok aipatu du, baita ere, Errusiak hasitako “inbasio-gerra onartezina” eta Ukraina sei hilabetez jasaten ari den “injustizia krudela”, ukrainar herriari bere “elkartasun osoa” adieraziz. “Mahai gainean jarri nahi dut mundu osoko demokraziei eragiten dien elementu larri bat: populismoen, indibidualismoaren eta autoritarismoaren gorakadaz ari naiz. Europari, une historiko zail batean, modu berezian eragiten dion mehatxua da”, azpimarratu du.
Diputatu nagusiaren ustez, korronte populistek “desberdintasun sozialen gorakada” eta “erakundeekiko konfiantza falta” baliatzen dituzte “gizartea zatitzeko”. Horregatik, gaineratu duenez, gizarte kohesioa da korronte populistei eta xenofoboei aurre egiteko “modurik eraginkorrena”. “Gipuzkoan eta Euskadin ez dugu Putin, Maduro, Trump edo Abascalik nahi. Eta, horretarako, ezinbestekoa da ezaugarri dugun gizarte kohesioari eustea”, berretsi du. Hain zuzen ere, ziurgabetasun egoeraren aurrean, Gipuzkoaren lehentasun “nagusia” gizarte desberdintasunei aurre egitea dela azpimarratu du, ekonomiaren gora beherek “gehien” kaltetu ditzaketen pertsonak eta kolektiboak babestuz.
Horrez gain, testuinguru aldakorrari aurre egiteko beste hiru oinarri nagusi deskribatu ditu. Batetik, “industriaren oraina babestea eta etorkizuneko ekonomia garatzea”, etor litezkeen ekaitz berrien aurrean “azkartasunez” neurriak hartuz. “Gure eskuetan dagoen guztia egiten ari gara enpresa sarearen lehiakortasunari eta berrikuntza gaitasunari eusteko. Horrekin batera, ezinbestekoa da geroko sektore berriak garatzen jarraitzea”, iradoki du.
Bestetik, trantsizio energetikoan “jauzi berri bat” emateko beharraz mintzatu da diputatu nagusia. Azaldu duenez, energiaren kontsumo orokorra %23 jaitsi da Gipuzkoan azken hamarkadan, gipuzkoarrek eta lurraldeko industriak deskarbonizazioaren alde egindako apustuei esker. Olanok Aldundiaren konpromisoa adierazi du ahalegin partekatu horretan eta nabarmendu du Euskadik “bide orri sendoa” ezarri duela alor honetan. Euskal industria berriztagarrien erabileran eta energia efizientzian ematen ari den aurrerapausoak eta herri nahiz auzoetako energia komunitateak aipatu ditu, horren lekuko.
Azkenik, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez, lankidetzazko gobernantza zabaltzen jarraitzea ere lehentasun nagusien artean kokatu du diputatu nagusiak. “Dagoeneko ezinezkoa da herri politika eraginkorrak abian jartzea herritarrekin eta gizarte antolatuarekin lankidetza esparru zintzorik gabe. Ziur nago lankidetzazko demokrazian sakontzea lortuko dugula. Elkarlanaren bidez aurrera egiten asmatzen badugu, ziur nago Gipuzkoak etorkizuna izango duela. Etorkizun berdinzale, berde eta lehiakor bat izango duela”, aldarri egin du.
Egiturazko eta funtsezko eraldatzea
Bestalde, Adil Najamek bere hitzaldian adierazi duenez, planetak gaur egun jasaten dituen eraldaketa globalek “egiturazko eta funtsezko” izaera dute. "Bizi izan dugun beste edozein aldaketatik ezberdina da oraingo hau", hausnartu du, aurrean ditugun arazo global nagusiak azpimarratu ondoren, hala nola pobrezia, zatiketa, demokrazien krisia, segurtasunik eza, ingurumenaren degradazioa eta ondoriozko herritarren ondoeza, besteak beste. Aitzitik, Bostongo Unibertsitateko adituak gogorarazi du gizateriak, gaur egun, inoiz ikusi gabeko gaitasun teknologiko eta zientifikoak dituela, gero eta pertsona gehiago dituela arazoei aurre egiteko oso ondo prestatuta eta inoiz baino elikagai gehiago ekoizteko gaitasuna duela.
Testuinguru horretan, Najamek hainbat elementu proposatu ditu ziurgabetasun globalari arrakastaz aurre egiteko. Lehenik eta behin, azpimarratu du klima-aldaketa jada ez dela “etorkizuneko erronka bat, baizik eta oraingo arazo bat”. “Bere ondorioak arintzea ez da nahikoa izango, eta, beraz, ezin diogu soilik energia-politikekin erantzun; aitzitik, naturarekin, urarekin, elikagaiekin eta migrazioekin lotutako egokitzapen-neurriak eskatzen ditu, besteak beste”, gehitu du.
Bigarrenik, adituak botere egituretan beharrezkoak diren aldaketez ohartarazi du, pandemiak erakutsi duen bezala, baita demokraziak birpentsatzeko beharraz ere. "Arazoa ez da soilik populismoa, herritarrek erakundeekiko eta politikarekiko duten konfiantza falta baizik, oro har", gaineratu du. Azkenik, lanaren izaera eta haren ondorio sozial eta ekonomikoak aldatzen ari direla azaldu du. Horren aurrean, “pertsona bakoitzarengan ez ezik, gizarte osoarengan eraldatze horrek dituen ondorioak” aztertzea gomendatu du.
4028