“Emakumeen kirola gaurko eta biharko gizarte justu eta berdinzale baten aldeko hazia da”
“Emakumeen kirola gaurko eta biharko gizarte justu eta berdinzale baten aldeko hazia da”
Datozen asteotako hitzordu garrantzitsuei erreparatuz, Eider Mendoza diputatu nagusiak dei egin die gipuzkoarrei emakumezkoen talde eta kirolariak indar guztiz babestera eta haien jardunarekin gozatzera
Kirol ekitaldi handi, partida eta lehiaketa garrantzitsuz betea dator maiatzeko kirol egitaraua Gipuzkoan, kirolzale eta herritarren gozamenerako. Asteburu honetatik aurrera, eskubaloia, txirrindularitza, mendi lasterketak eta futbolaren alorrean goi mailako hitzorduak biziko ditugu, guztiak ere emakumezkoen kirolari lotuak eta gipuzkoar emakumeen partaidetza nabarmena izango dutenak. Lurraldeko taldeak eta kirolariak “aukera, mugarri eta lorpen berrien bila” buru-belarri lehiatuko diren honetan, diputatu nagusiak dei egin die gaurkoan herritarrei emakumezkoen kirola “indar eta bihotz betez” babestera eta haien jardunarekin gozatzera.
“Gurean, azken urteotan, une gozoa bizi du emakumezkoen kirolak, gipuzkoar talde eta kirolarien mailari dagokionez eta, baita ere, disziplina anitzetako lehiaketetan lortzen ari diren emaitza bikainei dagokionez. Hori guztia hainbat eta hainbat pertsonek, taldek eta elkartek urte luzez egindako lanaren emaitza da. Baina, batez ere, gure kirolarien pasioari eta dedikazio izugarriari zor zaio. Horregatik, datozen aste hauetan, beste behin ere merezi duzue gipuzkoar guztion hauspoa eta berotasuna sentitzea. Zuen ametsak, desafioak, helburuak… gipuzkoar guztionak dira”, adierazi die Mendozak gaur Naia Amondarain txirrindulariari (Laboral Kutxa Euskadi Fundazioa), Alba Menendez eskubaloi jokalariari (Amara Bera Bera), Iris Arnaiz eta Izarne Sarasola futbolariei (Real Sociedad) eta Ainara Uribarri korrikalariari, haiekin Donostian egindako topaketa batean.
Ostiral honetan hasiko dira aipatutako ekitaldi garrantzitsu horiek, hala nola, Donostian igandera arte jokatuko den Eskubaloiko Erreginaren Koparen final laurdenekin eta Elgoibarren amaituko den Emakumezkoen Itzuliko lehen etaparekin. Lehen hitzorduan, Super Amara Bera Bera izango da Illunbe Arenan lehiatuko diren Estatuko zortzi taldeetako bat –Atletico Guardesen aurka jokatuko du final laurdenekoa–. Bigarrenean berriz, besteak beste, Laboral Kutxa Euskadi Fundazioko txirrindulariek hartuko dute parte eta, Elgoibarren amaituko den saioaz gain, hirugarren eta azken etapa ere Donostian hasi eta amaituko da igandean bertan. Horrez gain, bigarren aldiz futboleko Erreginaren Kopa lortzen saiatuko da Reala hilaren 18an, Zaragozan, eta aste bat beranduago, hilaren 26an, mendiko lasterketen erregina den Zegama-Aizkorrin lehiatuko dira gipuzkoar atleta nabarmenenetako batzuk.
“Goi mailako partida eta lehiaketak ikusi, kirol ikuskizunarekin gozatu eta emakumeen kirola babesteko aukera paregabea” izango dugu maiatzeko asteburuetan Gipuzkoan, diputatu nagusiaren iritziz, eta, gainera, horien testuinguruan hainbat ekitaldi eta festa antolatu ditugu klubek, elkarteek eta erakundeok elkarlanean, herritar “guztiok batera ondo pasatu, kirolzaletasunak berekin dituen baliorik ederrenak ospatu eta gure kirolariak gogotsu animatzeko”. “Gizarte bezala, berdintasunaren aldeko aldarriak batu egiten gaitu. Emakumeen kirola, gaurko eta biharko gizarte justu eta berdinzalearen hazia da. Horregatik, haur, gazte eta heldu, emakume eta gizon, denok batera emakumeen alde egiteko aukera
dugu. Guztiok batera, kirolzale gisa nahiz eta komunitate bezala partekatzen ditugun balioak ospatzeko aukera dugu. Horregatik, Gipuzkoa datozen egunotan emakumeen kirolarekin bat egingo du bete-betean; balio eta energia kolektibo horrek guztiak zuen helburuak lortzen laguntzea nahi genuke”, adierazi du Mendozak.
Hori dela eta, gipuzkoarrak beren balkoiak gustuko taldeen koloreekin dekoratu eta, batez ere, kirol ikuskizun horietara gerturatu eta parte hartzera animatu ditu diputatu nagusiak. Are gehiago, urte guztian ere emakumeen kirolak berotasun hori sentitu dezan hauspoa ematen jarraitzeko konpromisoa adierazi du.
1564