“Emergentzia zerbitzuen kalitatearekin konpromiso osoa dugu, Bidasoaldean zein lurralde osoan”
“Emergentzia zerbitzuen kalitatearekin konpromiso osoa dugu, Bidasoaldean zein lurralde osoan”
Eider Mendoza diputatu nagusia Irungo suhiltzaile-etxean izan da, joan den urteko balantzea egin eta energia aurrezteko aurrerapenak ezagutzeko
Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia Bidasoa suhiltzaile-etxean izan da gaur, lantaldearekin lan bilera egin eta Irunen kokatzen diren instalazioetan egindako azken berrikuntzak gertutik ezagutzeko. Harekin izan dira Irune Berasaluze, Gobernantza diputatua eta Josu Idigoras, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamenduko Zuzendari Nagusia. Hain zuzen, Irunen gaur egindako bisitarekin, lurralde osoko 8 suhiltzaile-etxeetara egindako erronda osatu dute foru ordezkariek. Bidasoa parkea da gainera, Gipuzkoako handiena dotazioari dagokionez eta baita ere herritar gehienei zerbitzua ematen diena eta, hala, diputatu nagusiak su-itzaltze eta salbamendu lanak nabarmendu nahi izan ditu gaurko bisitan, “Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuen artean garrantzitsuenetakoak” direla azpimarratuz eta Aldundiaren “konpromiso osoa” berretsiz, emergentzia gaietan ere “Bidasoaldean eta lurralde osoan ahalik eta zerbitzurik onena ematen jarraitzeko”.
Irungo egoitza da Gipuzkoako suhiltzaile-etxeen artean Energia Jarduketa Plana bete duen lehen parkea eta eraginkorra diren instalazioak ditu gaur egun, 2020 urtean hasitako lanak guztiz burutu eta gero. Apustu honen bidez, ingurugiroarekin konpromisoa bete eta energia-baliabideen kudeaketa arduratsua egin nahi izan dute, egoitzako arduradunek azaldu dutenez. Bidasoa suhiltzaile-etxea 1987. urtean eraiki zuten eta eraikinaren eraginkortasuna hobetzeko hainbat jarduketa gauzatu dira azken urteotan. Bestak beste, isolamendu-inguratzailea birgaitu da, galdara-gela ere berritu da aerotermiarekin eta LED luminaria instalatu da, presentzia eta argitasun detektagailuekin. Ekoizpen fotovoltaikoko instalazio bat ere jarri da.
Bilera, halaber, joan den urteko jardueraren balantzea egiteko baliatu dute suhiltzaile-etxeko ordezkariek eta foru arduradunek. Irungo egoitzak, aipatu bezala, garrantzi berezia du lurralde mailan, populazio aldetik biztanle gehien artatzen dituen parkea baita. Hain zuzen ere, 6 udalerriri (Irun, Errenteria, Hondarribia, Oiartzun Pasai Donibane Lezo) eta eskualde honetako 135.473 herritarri ematen die zerbitzua. Plantillari dagokionez, 36 suhiltzailek, 6 kabuk eta 4 sarjentok osatzen dute. Dotazioa bera ere lurralde osoko handiena da.
Urteko balantzea
Datuak eskuan, orokorrean 2023. urtean lurralde osoan esku-hartzeen igoera bat eman da eta, horien artean, kopuru handienari Bidasoa parkeko suhiltzaileek erantzun zaie. Guztira, 817 irteera egon ziren iaz eta, ohikoa den moduan, gehienak, % 41,6, salbamendu lanekin lotutako irteerak izan ziren, 340 guztira. Suteek 219 irteera eragin zituzten eta laguntza teknikoei lotutakoak 192.
Era berean, Irun da esku-hartze gehien izan zituen udalerria, bai parkeari dagokionez, baita lurralde osoari dagokionez ere, hiriburua salbu. Hala, 100 sute, 157 salbamendu eta 111 laguntza teknikori erantzun zitzaien iaz. Zehazki, % 6,5 igoera egon da 2022tik 2023ra esku-hartzeei dagokienez Bidasoa suhiltzaile-etxean. Hain zuzen, Errenteria da bigarrena zerrenda orokorrean baina Irunen interbentzio kopuruaren erdia baino gutxiago izan zituen iaz udalerri honek. Nabarmenak dira Hondarribiko datuak ere, Zarautzen pareko interbentzio kopurua izan baitzuen 2023an, gehienak ere salbamendukoak.
3343