Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea "Errefuxiatuen arretan elkartasuna, giza eskubideak eta duintasuna izan behar ditugu gidari"

"Errefuxiatuen arretan elkartasuna, giza eskubideak eta duintasuna izan behar ditugu gidari"

Egungo migrazioen eta euskaldunek munduan babesa bilatu izan duten fase historikoen arteko lotura aztertzen du gaurtik aurrera Photomuseumen Aldundiak bultzatutako 'Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea' erakusketak.

'Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea' erakusketak migrazioen egungo errealitatearen eta euskaldunek kanpoan babesa bilatu izan duten fase historikoen arteko antzekotasunak aztertuko ditu gaurtik aurrera eta uztailaren 25era arte Zarauzko Photomuseumen. Ekainaren 20an ospatzen den Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzak sustatutako argazki erakusketan, guztira 65 elementu grafiko biltzen dira, II. Gerra Karlistara eta, batez ere, Gerra Zibilera atzera egiten dutenak, ondoren ezagutarazteko gaur egun Sirian eta Mediterraneoan dauden errefuxiatuen eta gertatzen ari diren migrazio errealitateen egungo irudiak.

"Batzuetan ahaztu egiten zaigu inoiz ere laguntza behar izan genuela. Gaur egun, herrialde batzuen egoera sozial, politiko eta ekonomiko prekarioak, bai eta gerra suntsitzaileek ere, milioika pertsona bultzatzen dituzte beren lurraldean duten bizitza atzean uztera eta urrun dauden herrialdeetan babesa eskatzera", gogorarazi du Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, gaur arratsaldean Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan egindako inaugurazio ekitaldian. Bertan izan dira, halaber, museoko zuzendaria, Martxel Altuna; CEAR-Euskadiko lehendakaria, Javier Galparsoro; erakusketaren komisarioa, Juantxo Egaña; Zarauzko alkatea, Xabier Txurruka, Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro, eta Giza Eskubideetako foru zuzendaria, Ion Gambra.

Olanok azpimarratu du Gipuzkoa eta Euskadi, oro har, "solidarioak direla", eta ezaugarri horrek, bere ustez, lurraldeko gizartea eraman behar duela "babes bila dabiltzan eta beren jatorrizko herrialdeetatik kanpo aske bizitzeko proiektu bat eraiki nahi duten pertsonekiko sentsibilitatea mantentzera". Ildo horretan, diputatu nagusiak esan du "harro" sentitzen dela, gipuzkoar gisa, Aita Mari ekimenarekin, Zaporeak elkartearen sukalde solidarioekin edo aspalditik CEAR-Euskadi bezalako elkarteek lurraldean egiten duten lanarekin, "aintzatespen osoa" merezi baitute.  "Ezin diegu bizkarra eman errefuxiatuei, Europako, Mediterraneoko eta Atlantikoko hainbat lekutan egunero bizitzen ari den giza dramari", adierazi du, ondoren azaltzeko badakiela erakusketak balio izango duela errealitate hori herritarrei hurbiltzeko.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Gipuzkoa "ez dago Europan babesa bilatzen ari diren pertsonen errealitate gogorretik kanpo"; izan ere, errealitate horren «aurpegirik garratzena eta tragikoena» ikusi ahal izan genuen duela hilabete bat, Bidasoako uretan 28 urteko gazte bat hil zenean. "Bai gizarteak, bai erakundeek, bereziki migrazio gaietan eskumenak dituztenek, ahal dugun guztia egin behar dugu hain gertaera mingarriak berriro gerta ez daitezen Euskadin, Estatuan eta ez Europa osoan. Giza eskubideak, elkartasuna eta giza duintasuna gidari izan beharko genituzke bizitza hobearen bila gerrak, gatazkak eta gabeziak atzean uztea erabakitzen duten pertsonei arreta eskaintzerakoan", esan du amaitzeko.

Hiru atal

Erakusketa hiru ataletan banatzen da, komisarioak azaldu duenez. Lehenengoan, motibazio politikoek Euskal Herrian eragindako zenbait migrazioren memoria historikoa islatzen da. Atal honetan nabarmentzekoa da XIX. mendearen erdialdean Habanan erreproduzitutako dagerrotipo bat, Domingo Belaustegigoitia II. Karlistaldiko euskal erbesteratua erakusten duena. Gainera, bisitariek garaiko aldizkarien irudiak eta azalak ikusi ahal izango dituzte, Frantziako errefuxiatu-esparruak, gerraosteko erbestea eta II. Mundu Gerra ezagutu zituzten euskal herritarren eszenak erakusten dituztenak.

Bigarren atalak, Gipuzkoa-Bidasoa izenburupean, lurraldean bizi diren edo bertatik igarotzen diren errefuxiatuen errealitatea ezagutarazten du; hirugarren atalak, berriz, Mediterraneoko exodoaren eta itsas salbamenduaren irudiak jasotzen ditu. Gaur egungo argazkiak egile ezagunek egindakoak dira, besteak beste, Andoni Lubaki, Diego Ibarra, Santi Palacios, Ricardo García Vilanova, Javi Julio, Daniel Castro, Juantxo Egaña, Jesús Elosegui, Philippe Gaussot eta Arkaitz Saiz.

  

2473