“Etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzeko unea da, gure biharko ongizatearen bermea baita”
“Etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzeko unea da, gure biharko ongizatearen bermea baita”
Diputatu nagusiak 2021 urtearen likidazioaren balorazio positiboa egin du, erakunde publikoek baliabide gehiago izateak lurraldea indartuko baitu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 5.340 milioi euro jaso zituen 2021 urtean, inoizko zenbatekorik altuena. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren esanetan, “emaitza biribila” izan da, pandemia aurreko datuak hobetzen baitira. Datuak atzo Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan baieztatu zituzten euskal erakundeek eta foru arduradunak nabarmendu duenez, berri “oso onak” dira Gipuzkoarentzat. Bere ustetan, zerga bilketaren hazkundetik eratorritako baliabide gehikuntza hau oso beharrezkoa dute lurraldeko erakundeek: batetik, krisiak gehien kaltetu dituen pertsonak babesten jarraitzeko, gizarte politikan gehiago inbertituz; eta bestetik, etorkizuneko ekonomia eraikitzen segitzeko, “gure biharko ongizate eta gizarte kohesioaren bermea baita”.
Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu da gaur goizean, atzoko bilkuran hartutako erabakien berri emateko. Berarekin agertu da Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatua. Lurraldearen zerga bilketaren ikuspuntutik, 2021 errekorreko urtea izan da zentzu guztietan. “Urrian aurreikusten zen hobekuntza bat izango genuela, baina datu haiek ere hobetu egin ditugu”, esan du diputatu nagusiak. Zehazki, 2020 urtean baino 705 milioi euro gehiago jaso dira (+% 15,2); urrian aurreikusitakoa baino 164 milioi euro gehiago (+% 3,16); eta 2019 urtean baino 316 milioi euro gehiago (+% 6,3).
Igoera azaltzerako orduan, bi elementu nagusitan jarri du azpimarra diputatu nagusiak. Batetik, zailtasunak zailtasun, Gipuzkoako ekonomiak itxi duen urte ona, adierazle askotan pandemiaren aurreko datuak hobetuz. Esaterako, enpresen salmentak pandemia aurreko urteetan baino %3,9 gehiago hazi izana edota langabezia tasa Estatuko baxuena duen lurraldea izatea (INEren arabera) nabarmendu ditu. Bigarren elementua, 2021 urtean zehar izandako ezohizko zenbait sarrera aipatu behar dira, lurraldearen zerga bilketa igoarazi dutenak: BEZaren akta bateratuen sinadura, BEZ MOSS/OSS ituntzea edo 2020 urtean atzeratutako zenbait diru sarrera jasotzea, pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak medio.
Honen ondotik, diputatu nagusiak baikortasun mezua plazaratu du, pandemiak ekarri maila ezberdinetako krisialdia gainditzen ari delako Gipuzkoa. “Beti ere zuhurtzia alde batera utzi gabe, eta dauden ziurgabetasun elementuak kontuan hartuta, erlaxatu gabe; baina argi dago beste agertoki batean sartzen ari garela, osasun ikuspuntutik, zein ekonomikotik”, adierazi du. “Horregatik, bereziki garrantzitsua da zerga bilketaren datua; izan ere, erakundeek baliabideak izango dituztela bermatzen du datu horrek, bakoitzak bere aldetik krisitik ateratzeko bultza dezan”, osatu du.
Diputatu nagusiaren ustetan, erakundeek momentu honetan apustuak egiteko momentua dute. “Gure kasuan, oso argi daukagu zein den etorkizunerako nahi dugun Gipuzkoa: gizarte kohesioa eta lehiakortasun ekonomikoa oinarri dituena”, gogoratu du. “Krisi garai guztiek gizartearen mailarik zaurgarrienak kolpatzen dituzte, eta gizarte ezberdintasunak areagotzeko arriskua dakarte. Arrisku faktore honi aurre egitea Aldundiaren estrategiaren erdigunean dago. Beraz, gizarte kohesioa babesteko, gizarte politika babesteko inbertsioak inoiz baino beharrezkoagoak dira” azaldu du.
Bigarren lehentasun lerroa etorkizuneko ekonomiaren eraikuntza dela azpimarratu du gero Olanok, “gure biharko ekonomiaren zutabeak izango diren azpiegituren inbertsioei jarraipena emanez”. Gaineratu duenez, Etorkizuna Eraikizen foru ekimenaren bitartez, bi behar horiei erantzuna ematen ari zaio Foru Aldundia: arlo sozialean, Adinberri edo Elkar-Ekin bezalako proiektuen eskutik eta, arlo ekonomikoan, MUBIL, ZIUR, Naturklima, Gantt, Quantum… bezalako ekimenekin. “Zentzu honetan, etorkizuna eraikitzearena ahalegin kolektiboa da, lurralde osoarena, biharko ekonomia bermatzea, gure etorkizuneko ongizate eta gizarte kohesioa baita. Eta gaur zuekin partekatzen ari garen datu hauek, posible egiten dute norabide horretan jarraitzea”, aldeztu du.
Udalen finantzaketa
Azkenik, diputatu nagusiak udalen finantzaketa ere izan du hizpide. Azaldu duenez, eguerdian elkartuko da Donostian Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta bertan emango dute datuen xehetasuna. Hala ere, aurreratu du 2021 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) zuzkidura 582 milioi eurokoa izango dela. “Urrian 55 milioi euro gehiago jasoko zituztela esan genien udalei eta, azkenean, 84 milioi euro gehiago izango dira”, azpimarratu du. Gogoratu duenez, duela hilabete beste 25 milioi euro banatu zituen Aldundiak udalekin, Estatutik iritsitako COVID-19 funtsak medio, eta Gipuzkoari dagokion defizita tokiko erakundeekin partekatzeko erabakia ere mahai gaineratu du (2022an, 21 milioi euroko defizit ahalmena).
“Guztira, Gipuzkoako udalek 100 milioi euro gehigarri baino gehiago jaso dituzte hilabetean modu zuzenean”, azpimarratu du diputatu nagusiak, gaineratuz hau guztia “albiste pozgarriak direla” Gipuzkoarentzat eta gipuzkoar guztientzat. “Sendo ageri da erakunde hauen finantzaketa, datu hauek ez dute itzalik”, azaldu du, gogoratuz udalak direla herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. “Beraz, oso positiboa dela deritzot beraien finantzaketak bizi duen momentu ona, ziur bainago guztion ongizatean eragin ona izango duela”, amaitu du.
2146