“Euskara eta euskal gizarteari izugarrizko ekarpena egin dio Torrealdaik”
“Euskara eta euskal gizarteari izugarrizko ekarpena egin dio Torrealdaik”
Joan Mari Torrealdai euskal idazle, soziologo eta kazetaria zendu da, eta euskalgintzaren alde eginiko lan eskerga goraipatu du Markel Olanok.
Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanok, Joan Mari Torrealdairen heriotzagatik “tristura eta saminik sakonenak” adierazi ditu, eta euskalgintzaren alde eginiko lan eskerga goraipatu du: “Euskara eta euskal gizarteari izugarrizko ekarpena egin dio bere bizitza osoan zehar, asko zor diogu, eta berak marraztutako bidean jarraituko dugu lanean: gizarte euskaldunago eta berdinzaleago baten alde”.
“Euskalgintzari eskaini dio bere bizitza, jakituria eta talentua”, osatu du. Soziologoa, kazetaria, euskaltzain osoa eta euskal idazle “bikaina” izan da Torrealdai, Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat, Jakin aldizkariko zuzendaritzako kidea sorreratik, euskaltzain urgazlea eta Euskaldunon Egunkariaren lehendakaria ere izan zen, besteak beste. Diputatu nagusiak gogoratu du euskal gizartearen “babes osoa” jaso zuela Egunkariaren auzian, “injustuki” auzipetutako gainontzeko kideek bezala. “Gaur ere, beste behin, jasandako bidegabekeria eta injustizia hura publikoki salatu nahiko nuke”, esan du.
Egindako lan eta ekarpen guztiengatik hainbat errekonozimendu eta sari jaso ditu Joan Mari Torrealdaik. Manuel Lekuona saria ere jaso zuen Eusko Ikaskuntzaren eskutik 2016an, baita Gipuzkoako Urrezko Domina ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an Jakin Taldea omendu zuen lurraldeko ikur nagusia eskaintzeko, euskalgintza ulertzeko, bizitzeko eta aldarrikatzeko modu iraunkor eta ireki bat sortzeagatik.
Diputatu nagusiak “doluminik sentituenak” helarazi dizkie Torrealdairen senitarteko eta gertukoenei, Jakin talde osoari eta “euskaldun guztioi utzi digun ondarea oinarri hartuta lanean jarraitzeko konpromisoa” hartu du: “Herri ikuspegi zabal eta anitz batetik abiatuta eta euskara oinarri hartuta”.
1609