“Explore San Sebastian Región” Gipuzkoa sustatzeko
“Explore San Sebastian Región” Gipuzkoa sustatzeko
Gipuzkoako turismo bulego berria Donostian
Donostiako erakargarri turistikoek urtez urte gero eta turista kopuru handiagoa erakartzea lortzen dute, eta hori positiboa da hiriko turismoarentzat; ez, ordea, eskualdeko gainontzeko puntuentzat, izan ere, Gipuzkoako hiriburuaren edertasunaren itzalpean gelditu ohi dira. Horregatik, hiriko indarguneek gainontzeko udalerriei laguntzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak turismo bulego berri bat ireki zuen duela 2 hilabete, eta Donostiako eskualdeari buruzko informazioa, bereziki, eskeintzen da bertan. Uztailaren 1ean ireki zituen ateak “Explore San Sebastian Región” Gipuzkoa sustatzeko marka turistiko berriaren bulegoak, eta geroztik bisita kopuruak gorantz egin du. Hasiera batean erabiltzaileen gehiengoa, jakin minak bultzatuta, bertakoek osatzen bazuten ere, kanpoko seinaleak jarri ostean, eskualdeari buruzko informazio bila gero eta jende gehiago hurbiltzea lortu da (% 65 kanpoko bisitariak eta % 35 bertakoak). Hala ere, Cristina Iturriagagoitia eskualdeko informazioa eskaintzen duen bulego berriko zuzendariak adierazi duen moduan, bisitari ugarik ez ditu bulegoak bereizten. “Pertsona asko sartzen dira pentsatuz hiriari buruzko informazioa emango diegula, eta, jakina, oinarrizko informazioa ematen diogu, baina beti jakinarazten diegu Donostiako eskualdeari buruzko bulegoan daudela, probintziakoan, eta aukera baliatzen dugu horri buruzko informazioa ere emateko”.
Eskualdeari buruzko bulegoa Boulevardean dago, hiriari buruzko turismo bulegoaren alboan, eta bertan eskatzen den informazioa anitza da. Batetik, eskualdea ezagutu nahi duen jendea dago, inongo baldintza ez zehaztapenik jartzen ez duena, eta informazio orokorraren bila datorrena; esaterako, nola mugitu, zein zonaldetatik, zer bisita dezakeen eta abar. Horrelakoetan, informazio bulegoan zenbait galdera egiten zaizkie turistei haien gustuak ezagutu eta horrela hobeto gidatu ahal izateko: zenbat denbora duten, beren autoa duten ala ez, kostaldea ala barnealdea nahiago duten, non daude alojaturik, haurrak dauzkaten ala ez, ibiltzea atsegin duten eta abar. Gehien errepikatzen den kontsulta oinez egiteko moduko ibilbideei edo ibilbide atseginei buruzkoak izan ohi dira, eta halako ugari ditugu eskaintzeko. Beste asko bizikletan egiteko ibilbideen, bide berdeen, errepidetik egiteko ibilbideen eta abarren bila etortzen dira. Zenbaitetan eskaera zehatzekin ere etortzen dira; esaterako, Hondarribi, Pasaia, Zarautz edo Zumaia euskal kostaldeko herriei buruz zerbait entzun eta horiei buruzko informazio bila. Inaziotar bidea, Geoparkeaz, sagardotegiez eta Tolosa eta Ordiziako azokez ere galdetzen dute. "Hala ere, beti ahalegintzen direla katalogoko zerrenda luzatzen", esan du Iturriagagoitiak.
Plan personalizatu horiez gain, lau tour antolatu dira, bi katamaranean eta beste bi autobusez. Horietako batek katamarana Getariako Balenciaga museoarekin uztartzen du, eta besteak, aldiz, Pasaiako Albaolarekin. Beste biak autobusez abiatzen dira Donostiatik, bat Goierriko eskualderantz Delikatuz elikadura eta gastronomia zentroa, merkatua, gaztandegia eta Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentrua bisitatzeko eta bigarrena, Zumaiara doa bertako alde zaharra eta itsaslabar ikusgarriak ezagutzeko. Bidean txakolina dastatzeko Getarian geldialdi bat egiten duelarik. Dela udara izateagatik, dela itsasoagatik, katamaranean egindako tourrak izan dira arrakastatsuenak orain arte.
Orokorrean, esan daiteke marka espero ziren aurreikuspenak betetzen ari dela. Turista gai da “región” kontzeptua erraztasunez barneratzeko eta “explore” kontzeptuak bultzada bat ematen dio. Iturriagagoitiaren esanetan, eslogan motibatzaile eta mobilizatzailea da aukeratutakoa. Gipuzkoa sustatzeko eslogan aktiboa da, ia bere hondartzak, mendiak, kaleak, giroa eta jendea bezain aktiboa.
1986