“Ezin dugu gizarte aurreratua izan emakume eta gizonen arteko berdintasunik gabe”
“Ezin dugu gizarte aurreratua izan emakume eta gizonen arteko berdintasunik gabe”
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan “asko dagoela egiteko” gogoratu du
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan “asko dagoela egiteko” gogoratu du eta Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi du esparru honetan lanean jarraitzeko. “Ezin dugu gizarte aurreratua izan emakume eta gizonen arteko berdintasunik gabe”, esan du. Lan munduari dagokionez, soldata ezberdintasuna eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak aipatu ditu arazo nagusienetakoak bezala, eta “ekonomiaren ikuspegitik ere” emakumeen talentua baliatzera eta balioan jartzera dei egin du, “gizarte lehiakorra izan nahi badugu behintzat”.
Olanok gaur arratsaldean Foru Jauregian Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira burutu den Gipuzkoa, Lan-berdintasuna Orain ekitaldian hartu du hitza. Diputatu nagusiaz gain, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru; eta Berdintasuneko zuzendaria, Miren Elgarresta, egitasmoaren baitan burutu den mahai-inguruan izan dira partaide. Beraiekin batera, ADEGIko presidenteordea, Susana Quiñones; ASPEGIko presidentean, Julia Fernandez; EHUko ikerlari eta irakaslea, Sara de la Rica; Lan Harremanetako Kontseiluaren presidentea, Tomas Arrieta; eta Ohana enpresako Gorka Andueza gazte ekintzailea egon dira. Helburua lan mundu(ko) eta esparru profesionaleko emakume eta gizonen arteko berdintasunik eza aztertzea, irtenbidea positiboak aurkitzea eta zentzu honetan konpromisoak hartzea izan da.
Diputatu nagusiak historian zehar emakumeek erdietsitako “aurrerapausoei” aitorpena egin die, “lorpen demokratiko garrantzitsua baita”, baina zentzu honetan lanean jarraitzera dei egin du “ez baita nahikoa”. “Oraindik asko dago egiteko”, adierazi du. Olanok bere egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta gaur plazaratu duen adierazpen instituzionaleko puntuak:
-
Berdintasun eta ekitate printzipioak guztientzat lantzea, gure lurraldeko ekonomia suspertzen laguntzeko.
-
Langile guztien lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko estrategiak sustatzea.
-
Ardura partekatzearen balioa bultzatzea maila guztietan, bai familia esparruan, bai lan esparruan, eta azken honetan bereziki, ardura partekatze hori hedatzea langileen arteko pertsonarteko harremanetara eta baita ere lan eta enpresa komunitatearen arteko harremanera.
-
Estrategiak garatzea pertsonaren harreman esparru guztietan sexu-abusuak eta indarkeria matxista prebenitzeko eta desagerrarazteko; horretarako, giza eskubideen errespetuan oinarritutako balio etikoak, gizarte aurreratu bati dagozkionak, aldatzea eta berreskuratzea bultzatuko da.
Elgarrestak, bere aldetik, azaldu du martxoaren 8a ez dela ospakizun eguna, “egiteko asko eta ospatzeko gutxi baitugu”. Foru zuzendariaren hitzetan, emakumeek enplegu aukera gutxiago, enplegu txarragoak eta soldata txikiagoak pairatu behar dituzte lan merkatuan. Honen aurrean, “arazoak non dauden eta enpresetan zer gertatzen den” aurkitzera dei egin du Elgarrestak, horrela “ekintzaren, hitzaren eta konpromisoaren bidez” erantzunik egokiena eman ahal izateko. “Berdintasunarena ezin du soilik emakumeen kezka izan, konpromiso ordua da gizon, emakume, erakunde eta arduradunok arazo honi irtenbidea ematea guztion ardura bilakatu dezagun”, adierazi du.
Azkenik, Aizpuruk esan du aukera berdintasuna bermatzea ardura soziala duten enpresen balioen parte dela eta, zentzu honetan, enpresetan holako jarrerak sustatzeak “lehiakorrago” egin dutela Gipuzkoa, “bai lurralde bezala zein gizarte bezala”.
2528