"Feminismoa defendatzea askatasuna, berdintasuna eta demokrazia defendatzea da
"Feminismoa defendatzea askatasuna, berdintasuna eta demokrazia defendatzea da
Irune Berasaluze: “Kolektibo eta elkarte feministen konpromisoari esker, Gipuzkoak berdintasunezko eredu bidezkoago bateranzko bidea egin du. Gure ardura da bide horretatik jarraitzea”

Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo den adierazpen instituzionala. Martxoaren 8an izango da, larunbata, eta, horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du berdintasunarekin eta politika publiko feministekin duen konpromisoa. Irune Berasaluze, Aldundiko bozeramaileak data honen garrantzia azpimarratu du lortutako aurrerapenak aitortzeko, baina baita oraindik dauden erronkak ikusarazteko ere. “Feminismoa aurrerabidearen, justiziaren eta demokraziaren sinonimo da, eta modu irmo eta argian defendatu behar dugu”, adierazi du.
Genero-desberdinkeria ukatzen duten eta borroka feminista gutxiesten saiatzen diren diskurtsoak azaleratzen ari diren testuinguru batean, Aldundiak mezu sendo bat zabaldu nahi du: feminismoa ezinbesteko tresna da gizarte aske, berdinzale eta jasangarri bat eraikitzeko. “Ezin dugu onartu zalantzan jartzea edo atzerapausorik. Berdintasunak gizarte gisa egiten digu mesede, eta guztion erantzukizuna da”, adierazi du Berasaluzek.
Foru bozeramaileak nabarmendu nahi izan du mugimendu feministakk, kolektiboek eta elkarteek funtsezko zeregina izan dutela gure lurraldearen garapenean eta oinarrizko eskubideen konkistan. “Haien lanari eta konpromisoari esker, Gipuzkoak eredu berdinzaleago eta bidezkoago bateranzko bidea egin du. Gure ardura da bide horretatik jarraitzea ”, adierazi du. Ildo horretan, Aldundiak lurraldean sare feminista indartuko duten politikak bultzatzen jarraituko du, emakumeen elkartegintza eta partaidetza soziala sustatuko duten erakunde feministen proiektuak babestuz eta indarkeria matxistaren prebentzioan lan eginez, mugimendu feministarekiko elkarrizketa eta berdintasun politiken jarraipena indartuz.
‘Deskodifikatuz’ podcastaren bigarren atala
Gainera, martxoaren 8a dela eta, Aldundiak Deskodifikatuz podcastaren bigarren atala kaleratuko du, esperientziak partekatzeko hausnarketa eta elkarrizketa gunea, bihar asteazkena martxoak 5, Etorkizuna Eraikiz Gunean 18:00etan grabatuko dena. Atal berri hau Nerea Alias aurkezleak gidatuko du eta Olatz Salvador kantautoreak, Alazne Apalantza fisioterapeuta eta ekintzaileak eta Maider Galardi soziologo eta kazetariak parte hartuko dute. Eider Mendoza diputatu nagusia ere batuko da solasaldira. Gune horretan, feminismoari buruzko hainbat ikuspegi landuko dira, eta, horretarako, feminismoaren inguruan eraikitako iruditeriak, diskurtsoak eta esperientzia kolektiboak aztertuko dira, feminismoaren aniztasunean sakontzeko. Atal berria YouTuben egongo da eskuragarri, eta grabaketa ikusleekin egingo da. Interesa duten guztiek izena eman dezakete https://gip.eus/ask8f estekaren bidez.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritar guztiak gonbidatzen ditu aldarrikapen egun honekin bat egitera, eta bere egiten du “Ni feminista naiz” adierazpena. Foru aldundiek, Emakundek eta Eudelek sustatutako kanpaina bateratuarekin. “Ez dago aurrerapen sozialik berdintasunik gabe, eta ez dago berdintasunik feminismorik gabe. Jarrai dezagun elkarrekin Gipuzkoa justuago, askeago eta demokratikoago bat eraikitzen ”, amaitu du Berasaluzek.
Enpresan parte-hartzea sustatzeko laguntza berriak
Gainera, gaur Pertsonen enpresa diru-laguntza programa berriaren deialdia onartu da, guztira 2,9 milioi euroko zuzkidurarekin. Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako departamentuak sustatutako programaren helburua da pertsonek enpresetan duten inplikazioa indartzea eta enpresa eredu parte-hartzaileagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa finkatzea. Irune Berasaluze Aldundiko bozeramaileak azpimarratu duenez, "lehiakortasuna eta jasangarritasuna lantaldeen ongizatearekin batera doazela ulertzen duten enpresen aldeko apustua egiten du Gipuzkoak. Lan ingurune osasungarri eta justuago batek, produktibitatea hobetzeaz gain, desberdintasunak murrizten ditu eta aukerak sortzen ditu indartzen ari diren sektoreetan ".
Horretarako, deialdiak hiru jarduera-ildo izango ditu: pertsonengan oinarritutako enpresa-kultura sustatzea, langileek enpresen kudeaketan eta kapitalean parte har dezaten bultzatzea, eta enpresen jarraitutasunari laguntzea, belaunaldi-erreleboaren eta ondorengotzaren bidez.
Lehen jarduera-ildoaren (1,5 milioi euro) helburua da pertsonak erdigunean kokatuko dituen enpresa-eredu bat finkatzea, haien ongizatea sustatuz eta enpresen jardueran duten inplikazioa indartuz. Lan ingurunearen kalitatea hobetzera bideratutako neurriak bultzatuko dira, lantoki osasungarriak eta seguruak bermatuz, bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea sustatuz, eta berdintasun eta aniztasun politiken bidez ekitatea sustatuz.
Bigarren lerroak (700.000 euro) enpresa-eredu parte-hartzaileagoa eta erantzukideagoa sustatu nahi du, non langileak aktiboki inplikatu ahal izango baitiren, erabaki estrategikoak hartzen eta enpresa-kapitala kudeatzen. Gobernantza-egitura inklusiboagoak garatzen lagunduko da, langileek enpresaren erabaki-prozesuetan eta eguneroko kudeaketan parte hartzea erraztuko duten mekanismoekin. Era berean, pizgarriak sustatuko dira langileak akziodunetan integratu ahal izateko, ekoizpen-sarearen egonkortasun handiagoa eta enpresa-kudeaketa demokratikoagoa eta iraunkorragoa ahalbidetzeko. "Horrelako ereduek, enpresen barne kohesioa indartzeaz gain, lan merkatua eraldatzen laguntzen dute, lan baldintza bidezkoagoak eta jasangarriagoak bermatuz. Pertsonak aldaketaren eragile izango diren enpresen ezarpenean Gipuzkoa erreferente izatea nahi dugu ", adierazi du Berasaluzek.
Hirugarrena (700.000 euro) enpresei jarraipena ematea da, belaunaldi-erreleboko eta ondorengotzako prozesu egituratuen bidez. Enpresa txiki eta ertain askok eta familia negozio askok zailtasunak dituzte epe ertain eta luzera jarraipena bermatzeko, eta, testuinguru horretan, programa honek laguntza eskainiko du ondo definitutako ondorengotza planak egiteko, arriskuak minimizatuko dituen eta enpleguaren iraunkortasuna bermatuko duen trantsizio ordenatua ziurtatuz.
Smart Mobiliy Industry 2025 programa
Gaur ere argi berdea eman zaio Smart Mobility Industry 2025 programari, Gipuzkoako enpresa sarea mugikortasun jasangarriaren esparruan eraldatzea bultzatzeko laguntza lerroari. 890.000 euroko aurrekontuarekin, programa honen helburua da lurraldeko enpresen lehiakortasuna indartzea eta sektoreko paradigma berrietara egokitzea. Deialdiak aurreko urteetan onartutako oinarri arautzaileei eusten die, eta mugikortasuna eraldatzeko estrategiari jarraitzen dio. Laguntza horien helburua ez da soilik enpresa berriak sortzen laguntzea, baita dagoen enpresa sarea egokitzeko eta dibertsifikatzeko gaitasuna sustatzea ere, lurraldearen etorkizunerako funtsezkoa den sektore batean inbertsioa eta talentua erakartzea sustatuz.
Smart Mobility Industry 2025 programak hiru jarduera ildo nagusitan egituratzen ditu bere laguntzak. Lehenengoa proiektu pilotuetara bideratuta dago, 300.000 euroko zuzkidurarekin, mugikortasun jasangarriko soluzio berriekin esperimentatu ahal izateko ekimen berritzaileak garatzeko. Bigarren ildoak, enpresen lehiakortasunari lotua, 130.000 euro izango ditu industria sarea indartzeko, enpresei dibertsifikatzen eta sektorearen erronka berrietara egokitzen laguntzeko. Hirugarren lerroak, berrikuntza teknologikora bideratuak, 460.000 euro ditu elektromugikortasunari, karga-azpiegiturari eta gidatze autonomoari aplikatutako teknologia berrietan inbertsioa sustatzeko.
Berasaluzek, berriz, nabarmendu du deialdi hau beste urrats bat dela Gipuzkoak elektromugikortasunaren industrian erreferente gisa sendotzeko egin duen apustuan. “Gure ekoizpen sarearen eraldaketa funtsezkoa da gure enpresen lehiakortasuna bermatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko. Laguntza horiekin berrikuntza eta jasangarritasuna bultzatzen jarraitzen dugu, Gipuzkoa etorkizuneko mugikortasunaren abangoardian egotea ziurtatuz ”, azpimarratu du.
Deialdia laster argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta interesa duten enpresek bertan ezarritako epeen barruan aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.
Aldundiaren Whatsapp zerbitzu berria
Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrekin komunikatzeko bide berri bat abiarazi du WhatsApp zerbitzu baten bidez, informazio interesgarria modu irisgarri, zuzen eta errazean eskaintzeko xedearekin.
Mezularitza zerbitzua euskaraz eta gaztelaniaz egongo da eskuragarri, eta, Gipuzkoako eta Aldundiko informazio garrantzitsuenaz gain, beste komunikazio batzuk jasotzeko aukera ere eskainiko du, herritarren lehentasunen arabera. Gai hauek dira: errepideak, kultura, gazteria, Lurraldebus, landa ingurunea eta adinekoak. Interesa duten pertsonak informazio orokorragora bakarrik harpidetu ahal izango dira, edo gehien interesatzen zaizkien gaiak ere aukeratu ahal izango dituzte.
Alta ematea erraza da: nahikoa da "ALTA" hitza 747 444 777 zenbakira bidaltzea eta adierazitako urratsak jarraitzea. Era berean, erabiltzaileak edozein unetan eman ahal izango du baja, "BAJA" hitza bidalita. “Erregistratzen diren pertsonek lasai egin dezakete, beren pribatutasuna eta datuen babesa erabat bermatuta baitaude. Zerbitzu ofiziala da, Metak balioztatua ”, gaineratu du Berasaluzek.
Foru bozeramaileak nabarmendu duenez, ekimen hau “beste urrats bat da zerbitzuei buruzko informazioa herritarrei hurbiltzeko gure apustuan, gaur egungo komunikazio ohituretara egokitutako tresna eskuragarrien bidez. Lurraldeko funtsezko gaiei buruzko informazioa azkar, erraz eta modu zuzenean ematea erraztu nahi dugu ”.
Berasaluzek azpimarratu du WhatsApp dela Gipuzkoan gehien erabiltzen den sare soziala, eta, beraz, bide hori aukera bat dela administrazioaren eta herritarren arteko harremana hobetzeko, informazio erabilgarria eta garrantzitsua era arinean eskainiz.
Tresna berri hau abian jartzearekin batera, Aldundiak informazio kanpaina bat ere abiaraziko du, hura ezagutarazteko eta zerbitzu berrirako harpidetza sustatzeko.
2651