"Gaitz soziala" den emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko konpromiso erabatekoa eskatu du Lasak
"Gaitz soziala" den emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko konpromiso erabatekoa eskatu du Lasak
Emakume batek Tolosan salatu duen sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzean hartu du parte Imanol Lasak
Gaur eguerdian Tolosan ezagutzera eman den sexu erasoaren salaketaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du. Honela, foru erakundeak bat egin du Tolosako Udalak eta herriko mugimendu feministak deitutako elkarretaratzearekin, udaletxeko plazan batu diren herritarrekin batera. Foru bozeramaile Imanol Lasak, Aldundiaren Berdintasun Organoaren zuzendari Miren Elgarrestarekin batera hartu du parte elkarretaratzean.
Azken gertaera hau "biziki larria eta jasanezina" dela esan du Lasak eta halako ekintzen aurrean "zero tolerantzia" eskatu du. Hala, foru bozeramaileak gizartea osoari ere luzatu dio deia eta, oraingoan, bereziki gizonei zuzendu zaie, "egunero eta maila guztietan har dezagun konpromisoa emakumeen kontrako indarkeria deitzen den gaitz sozial hau behin eta betiko ezabatzeko". Azaldu duenez, "sexu erasoa ondorio krudelenetakoa bada ere, matxismoa gure jarrera portaera eta keinuetan sakon dago sustraituta" eta, honela, matxismoari aurre egiteko konpromisoa sendotzeko deia egin du.
La Manada-ren epaiketaren sententziaren kasua ere hartu du hizpide foru bozeramaileak. Haren esanetan, gertaeraren larritasunak eta gizartearen aldarrikapen ozenak erakusten dute lehen mailako arazo sozial baten aurrean" aurkitzen garela. Hala, Lasak adierazi du bat egiten duela Nafarroako Audientziaren epaiak sortu duen haserrealdi eta ezin ulertuarekin" eta gehitu du honek balio behar duela "emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko urrats definitiboa emateko, guztiok ala guztiok eta maila guztietan".
Azkenik Lasak berretsi egin du Aldundiak genero indarkeriaren kontra duen konpromisoa eta nabarmendu du helburua dela "Gipuzkoa matxismoarekiko zero tolerantzia duen lurraldea izatea".
.
Erantzun publikorako protokoloa
Egoera honi aurre egiteko, hain zuzen, Aurre! Plana du Aldundiak, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta sentsibilizaziorako ekintzekin. Plan zehatz honek, foru erakundeak ezarritako lehena, prebentzioan egiten du indar. Halaber, erantzun publikorako protokolo bat ere zehazten du. Protokolo honetan erasoa jasan duenaren eta haren gertukoen eskura jartzen ditu Aldundiaren eta udalerrien informazio eta artapen bideak. Tolosako Udalaren elkarlan estuan dihardu Aldundian beharrezkoa den arreta bermatzeko.
2340