Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gertatu zena jakiteak, biktimak erreparatu eta duindu, eta familiak laguntzen ditu”

“Gertatu zena jakiteak, biktimak erreparatu eta duindu, eta familiak laguntzen ditu”

1936an Hernanin fusilatutako pertsonen aitortza ekitaldian parte hartu du Maribel Vaquero Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako zuzendariak

Orain 80 urte, tropa frankistek Hernanin fusilatutako pertsonen omenaldi eta aitortza ekitaldian parte hartu du gaur Aldundiak. Udalerri honetako hilerrian izan da, duela hamar urte sarraskiaren lekuan 200 biktimen oroimenean jarritako eskulturaren parean. Maribel Vaquero Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako zuzendariak ordezkatu du Foru Aldundia ekitaldi hunkigarrian. Bertan izan dira ere hainbat udaletako ordezkariak, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendaria, Luis Intxauspe alkatea, eta biktimen senitartekoak.

Bere hitzaldian, Vaquerok eskerrak eman dizkie udalei eta Gipuzkoako elkarte memorialistei, “erahilak, eta, sekula aurkituak eta gogoratuak izan ez zitezen, anonimotasunean lurperatuak izan ziren biktimak” erreparatzeko eta “egia ezagutzeko” egiten duten lanagatik eta ahaleginagatik. “Memoria berreskuratzea beharra da gizartearentzat, eta betebeharra erakundeontzat”, azpimarratu du.

Ziurtatu du Aldundiak elkarlanean jarraituko duela gainerako eragileekin, helburu hori duten ekitaldi, lan eta ikerketak bultzatzeko: “Azken bi hamarkadetan proiektu eta lan ugari lagundu dira, eta hala egingo dugu etorkizunean ere”. Izan ere, haren esanetan, “egia ezagutzea eta ezagutaraztea, hurrengo belaunaldiei transmititzea, beharrezko ariketa da etorkizunerako. Biktimekiko justizia eta erreparazioa, beharrezkoak dira gertatutakoa ez errepikatzeko berme gisa, eta baita giza eskubideekiko eta balio demokratikoekiko errespetuan oinarritutako gizartea eraikitzeko ere”.

Vaquerok bere babesa eta berotasuna adierazi dizkie ekitaldira bertaratutako familiei. “Zuen pertsona gertukoekin zer gertatu zen jakitea eskatzen duzuenek, egia defenditzen duzue eskubide gisa, mendekurik gabe. Gertatu zena jakiteak, biktimak erreparatu eta duindu, eta familiak laguntzen ditu”, aldarrikatu du. Foru zuzendariak nabarmendu duenez, “memoriarik gabe ez dago identitaterik, eta identitate kolektiborik gabe ez dago gizarterik, ezta herririk ere”.

 

 

  

1630