Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gipuzkoa lehiakorra da eta gero eta gizarte orekatuagoa dauka; prest gaude etorkizunari berme guztiekin aurre egiteko”

“Gipuzkoa lehiakorra da eta gero eta gizarte orekatuagoa dauka; prest gaude etorkizunari berme guztiekin aurre egiteko”

Olanok txalotu egin ditu ekonomiak hobera egin eta gizarte ezberdintasunak murriztu izana, eta etorkizuna eraikitzeko ahaleginean jarri du azpimarra

Diputatu nagusiak, Markel Olanok, azaldu du gaur Gipuzkoa ekonomia susperraldian dagoen lurraldea dela eta, gainera, gizarte ezberdintasunak behera egin duela, horrela adierazten baitute adierazle nagusiek. Testuinguru honetan, foru arduradunak iritzi dio lurraldeak oinarri sendoak dituela biharko Gipuzkoa diseinatu eta eraikitzen hasteko. “Lurralde lehiakorra gara ekonomia arloan eta gero eta orekatuagoa gizarte ikuspegitik. Gipuzkoa prest dago etorkizunari berme guztiekin aurre egiteko”, nabarmendu du.

            Diputatu nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Politika Orokorreko Osoko Bilkuran egin ditu adierazpen hauek. Bertan, legealdiko bigarren urtearen errepasoa egin du eta etorkizunera begira dauden aurreikuspen eta erronkak ere izan ditu mintzagai. Agintaldiaren erdian, Olanak azpimarratu du “gobernuaren kudeaketa ondo bideratuta dagoela legealdi hasieran jarri genituen helburu estrategikoak betetzera”. Era berean, gonbitea luzatu die oposiziokoa alderdiei Gipuzkoako etorkizuna diseinatu eta eraikitzen hastea xede duen estrategiarekin bat egiteko.

            Foru arduradunak lurraldeko ekonomikoak bizi duen une onean jarri du azpimarra, susperraldi zantzuak agerikoak baitira. Besteak beste, nabarmendu ditu langabeziaren beherakada, bederatzi hiruhilekotan ia lau puntu jaitsi baita, edota Barne Produktu Gordinaren hazkundearena, %3 inguru hazten ari dena. Hala ere, ohartarazi du “dena ez dagoela eginda”. “Eustaten arabera, 29.700 pertsona daude oraindik ere langabezian eta, tamalez, lan erregulazio txosten eta enpresen itxierekin lotutako albisteak jasotzen jarraitzen dugu”. Puntu honetan, iragarri du foru erakundeak protokoloa jarriko duela martxan krisi egoerei aurre hartu eta zailtasunetan dauden enpresei laguntzeko.

            Gizarte ikuspegitik, diputatu nagusiak Gini indizearen bilakaera nabarmendu du, gizarte ezberdintasunak neurtzen dituen adierazlea: 2014 eta 2016 artean 27,1etik 25,8ra jaitsi da Gipuzkoan, lurraldea Europako aurreratuenen artean kokatuz. Olanoren ustetan, hobekuntzaren azaltzen dute, alde batetik, ekonomiaren susperraldiak eta, bestetik, euskal erakunde publikoek gizarte politiketan egin dituzten inbertsioek. Azken gai honi dagokionez, azpimarratu du foru erakundea egiten ari den apustua bere gizarte zerbitzu karta hedatu eta babes sozialik gabe dauden pertsonei laguntzeko. Bigarren puntu honetan, zehazki, Elkar-ekin programaren bitartez ari da eragiten.

 

Kudeaketa Plana 2015-2019

2015-2019 Kudeaketa Planean jasotako bederatzi proiektu estrategikoen egoerari ere egin dio errepasoa diputatu nagusiak. Dokumentu honek gidatzen du Aldundiaren gobernu jarduna legealdi honetan. Olanok gogoratu duenez, bideorriaren jomuga nagusia Gipuzkoari dinamismoa ematea da eta, horrela, lurraldeak bizi zuen geldiunetik ateratzea. Eta, bere ustetan, Aldundia ari da helburua betetzen. 

            Arlo ekonomikoan, Ekonomia Suspertzeko Planaren eragin positiboa nabarmendu du. Ekimen honi esker, azaldu du Olanok, Aldundia paper aktiboa ari da izaten krisi ekonomikoa gainditzeko ahaleginean, fronte guztietan eraginez gainera: zerga sistema, ekonomia sustapena, laguntza zuzenak, talentua erakartzea, berrikuntza, sareak sortzea… “Enpresek aliatu bezala ikusten dute berriro ere Aldundia, foru erakundearekin lankidetza estrategiak ehuntzea posible dela ikusten dute”, esan du Olanok. Gogoratu duenez, Ekonomia Suspertzeko Planak 1.860 lanpostu sortu eta 3.000 enpresari lagundu zion bere lehen urtean.

            Gizarte zerbitzuei dagokionean, berriz, Kabia programak egin dituen aurrerapausoen garrantzia txalotu du diputatu nagusiak. Egitasmo honen bitartez, lurraldeko 16 egoitza munizipalen kudeaketa bere gain hartzen ari da Aldundia. Gainera, iragarri du 2019an hasiko direla eraikitzen adintasun eta ezgaitasunaren arretarako zentro aurreratua, Pasaian kokatuta egongo dena. Gune honek ikuspegi berritzaile, esperimental eta hezitzaile batetik jorratuko du gizartearen zahartzearen erronka. Elkar-ekini dagokionez, Olanok orain arte egindako bidearen irakurketa positiboa egin du, nabarmenduz jada 3.000 pertsonetara iritsi dela egitasmoa. Programa baztertze egoeran edota baztertzea jasate arriskuan dauden pertsonen arretara dago bideratuta.

            Ezberdintasunaren aurkako borrokaren esparrua zabalduz, genero ikuspegitik, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoak martxan jarri dituen ekimenen garrantzia azpimarratu du Olanok: emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Aurre! foru plana, Kontziliazio Erantzunkiderako foru plana eta emakumeen aurkako indarkeriari erakundeetatik erantzuna emateko ekintza protokoloa, lurralde mailan harmonizatu eta estandarizatua. Azaroan aurkeztuko da azken ekimen hau.

            Gainerako proiektu estrategikoei dagokionean, aurrerapen nabarmenak eman dira azpiegituren arloan: maiatzean hasi zen Gipuzkoako Ingurumen Gunearen eraikuntza, Zubietan kokatua eta hondakinen kudeaketaren arazoari behin betiko irtenbidea emango diona; Aldundiak topo berriaren proiektuarekin duen konpromisoa berretsi du diputatu nagusiak; eta Pasaialdea biziberritzeko ahaleginean lehen emaitzak ikusten hasi dira. Errepideen kudeaketaren arloan, legealdi amaieran amaituta egongo da Gipuzkoako Biribilgunearen proiektua eta, Olanok gogoratu duenez, N-1eko kamioien bidesariaren gaia ere desblokeatu da. Kultura eta turismoaren esparruan egindako kudeaketa ona, lankidetzazko gobernantza eredu ireki eta berria sustatzea edota bizikidetza aniztasunean hobetzeko egindako ekimenak ere hizpide izan ditu foru arduradunak.

 

Agenda politiko berria

Kudeaketa Planaren exekuzioa martxa onean joanda ere, Olanok esan du “ez dela nahikoa” eta, horregatik, “apustu berriak jarri ditugu mahai gainean, Gipuzkoarentzako etorkizun oparoa bermatzea xede”. Zentzu honetan, agenda politiko berria aurkeztu du Aldundiak berriki. Egitasmoaren helburua “Gipuzkoa herritarrei hainbeste kezkatzen dieten arazoen aurrean prestatzea da, hala nola, gure industriaren lehiakortasuna, turismo eredua, gizartearen zahartzea, gizarte ezberdintasunak… Ikuspegi zabala izan eta epe luzeko apustuak egiteko garaia da”, aldeztu du.

            Horrela, Etorkizuna Eraikizen aterkipean, estrategia integrala jarri da abian eta zibersegurtasuna edota adinekoen arreta bezalako sektoreetan bost proiektu estrategiko nagusi garatuko dira; beste zazpi proiektu esperimental mendekotasunaren arreta edota euskarazko ikus-entzunezko edukien ekoizpena bezalako arloetan; eta, azkenik, Think tank indartsua ere jarri da martxan, jakintza berritzailea sortzea helburu duena.

            Bost proiektu estrategikoetan sakondu du diputatu nagusiak: zibersegurtasun industrialeko zentroa; adineko pertsonen eta mendekotasunaren arretan erreferentziazko zentroa eta berrikuntza poloa; energia eraginkortasuna eta klima aldaketaren kudeaketarako berrikuntza poloa; etorkizuneko mugikortasun jasangarria bermatuko duten azpiegiturak; eta Koldo Mitxelena 2040 Kulturgunea. “Kasu guztietan, gero eta garrantzia gehiago duten alorrak dira eta epe ertain-luzean gure lurraldearentzat berebiziko garrantzia izango dutenak. Gaurtik hasten bagara, alor hauek lantzen, ziur egon bihar berme gehiagorekin egingo diegula aurre”, esan du Olanok.

            Honekin batera, Aldundiak zazpi proiektu esperimental ditu esku artean, hala nola, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko fabrika, Tabakaleran egongo dena; gastronomia 4.0ko proiektua; turismo adimentsuarentzako teknologien garapenean oinarritutako beste bat; Gipuzkoa Coopera programa; kultura mezenasgoa bultzatzeko foru arau berria; eta bi arreta eredu berriren garapena, bata mendekotasuna duten pertsonen etxeko arretarako eta bestea babesik gabeko gazteen gizarteratzerako. 

            Estrategiaren azken zutabea, berriz, Think tank egonkorra eratzea da. Eragile honek erreleboa hartuko dio 2016 urtean, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, lurraldearen etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko hausnarketa burutu zuen taldeari. Aldundia sustatzen ari den gobernantza ireki eta elkarlaneko eredua oinarri, Think tank honek jarraipena emango dio ahalegin horri, Gipuzkoako etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatuko duten politika publikoak identifikatzeko.

 

Agertoki politikoa

Hitzaldia amaitzeko, Euskal Herriak eta Estatu espainiarrak bizi duten uneari errepasoa egin dio diputatu nagusiak, non Katalunia den protagonista. “Kataluniak bizi duen egoera politikari sistematikoki ateak ixtearen eta gatazka politikoa era arduragabekoan kudeatzearen ondorio zuzena da”, gogoratu du. Bere ustetan, irtenbide bakarra elkarrizketa eta akordioan oinarrituta egon behar duen prozesu demokratikoa irekitzean datza, “baina prozesu honek gai izan behar du agertoki legezko eta normatibo berria eratzeko, zilegi den herri borondateari erantzuna emango diona”. “Kataluniak bide hau aukeratu du eta Estatua indarrez eta inposizioak ari zaio erantzuten. Ni Kataluniarekin nago, eta elkarrizketa eta akordioa aldarrikatzen ditut katalanen erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bide bezala” aldeztu du, beste behin ere Kataluniari bere elkartasun eta babesa helaraziz.

            Euskal Herriari dagokionean, Olanok gogoratu du ETAk jarduera armatua uzten zuela iragarri izanak agertoki berri batetara eraman duela herria. Hala ere, ohartarazi du oraindik ere itxi gabeko hainbat kontu daudela “balio demokratiko sakonetan sustraitutako” bizikidetza sistema eraikitzeko bidean. Hala nola, ETAren desegitea edota etorkizunera begira egindako iraganaren autokritika egitearen beharra aipatu ditu. Estatu espainiarreko erakunde egiturak bizi duen krisiaren inguruan, berriz, Olanok azpimarratu du euskal gizarteari egitura politikoa emateko zilegitasuna euskal gizarteak eta hau ordezkatzen duten erakundeek dutela “era esklusiboan”. “Estatu espainiarrak katalan, galego eta euskaldunek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea onartu behar du”, itxi du.

  

1421