Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea "Gipuzkoak beharrezko osagaiak ditu gizarte bazterketari aurre egiteko"

"Gipuzkoak beharrezko osagaiak ditu gizarte bazterketari aurre egiteko"

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hirugarren sektoreko erakundeek partekatu eta hausnartu dute azken urtean Gipuzkoan abian jarri diren gizarte inklusioko esku hartzeen jardunbide egokiei buruz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Praktika Onak jardunaldiaren bigarren edizioa antolatu du, aurtengoa gizarteratzean eta indarkeria matxistaren emakume biktimen gizarte esku hartzera bideratuta. Jardunaldi horren helburua da lurraldeko gizarte bazterketari aurre egiteko esperientzien oraina eta etorkizuna partekatzea eta hausnartzea. Ekintza hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Inklusio Planaren barruan kokatzen da, zehazki, kohesioaren eta aktibazio inklusiboaren sustapenerako eta bultzadarako lerroaren baitan. Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak azpimarratu duenez, "Gipuzkoak gizarte bazterketari aurre egiteko beharrezkoak diren osagaiak ditu, gizarte desberdintasunei aurre egiteko apustua egiten duten erakundeekin eta hirugarren sektore indartsu batekin, zeinarekin begirada inklusiboa partekatzen dugun". Koldo Mitxelenan egin den jardunaldiak jarraipena eman dio iaz Praktika Onak Gizarte Esku Hartzearen Kudeaketari buruz hasitakoari, eta gizarteratzean esku hartzen duten 120 profesionaltik gora bildu ditu, arloko foru profesionalez eta arduradunez gain.

            Maite Peñak azpimarratu duenez, "jardunaldi honek esperientziak eta ezagutzak partekatzeko eta sinergiak sortzeko oinarri izan nahi du, pertsonen beharretara hobeto egokitutako esku hartzeak egiten laguntzeko".  Topaketan parte hartu duten erakunde guztiei egindako lana eskertu ostean, diputatuak azpimarratu du "gizarte inklusioa oso presente dagoela Gipuzkoako agenda politikoan", eta gaineratu du "lanean jarraitu behar dugula gizarte inklusibo bat ehuntzeko, desberdintasuna gizartearen aberastasunaren erakusle gisa onartuz, kohesio soziala bultzatuko duten politiken sustapena bultzatu behar baitu".

            Diputatuak azpimarratu duenez, "beharrezkoa da estrategia global bat elkarrekin diseinatzea, gero eta desparekotasun gutxiagokoa eta kohesionatuagoa izango den Gipuzkoa bat lortzeko", eta nabarmendu du garrantzitsua dela erantzun "berritzaileak" bilatzea, gizarte eragileen eta erakundeen artean "sinergia berriak" sortzeko. "Mahai gainean ditugun erronka sozialei aurre egiteko, beharrezkoa da gizarte indartsu bat izatea. Gizarte babeserako sistema egungo beharretara egokitzeko ardura dugu, egungo beharrei eta etorkizunean etorriko direnei erantzuteko gai izango dena”

Horregatik, Maite Peñak gaineratzen duenez, "gizarte politiken eraginkortasuna eta iraunkortasuna bermatu behar ditugu, babes sistema soziala egokituz erantzuna emateko bai gizartearen behar berriei bai gizartearen eta mundu globalizatuaren zahartzeak dakartzan erronkei; betiere, errespetuz, justiziaz eta erantzukizunez, etorkizuneko bideragarritasuna eta ongizatea bermatuz. Eta hori lortuko dugu elkarlana indartuz eta sinergia berri horiek etengabe bilatuz". Gogorarazi du, gainera, legealdi honetan gizarte politikek rol "nabarmena" jokatuko dutela: "Gizarte aldaketek eta mundura irekitzeak erronka sozial handiak eta behar berriak sortu dituzte. Eta gaur egungo beharrei eta etorkizunean iritsiko diren egoera berriei erantzuteko, gure babes sozialeko sistema prestatu beharra ikusten dugu".

Jardunbide egokiak

Maite Peñak gogora ekarri duenez, "Jardunbide egokitzat jotzen dugu baloratua izateko denbora nahikoan praktikara eraman den eta emaitza onak eragin dituen esperientzia edo esku hartze bat". Jardunbide egoki batek, gainera, beste erakunde batzuetan antzeko arrakasta izatea bilatzen du. Horregatik, ezagutu eta partekatu egin behar dela uste dugu, "sare osoak jaso dezan metatutako esperientziaren eta ikasitako ikasgaien onura". Diputatuak gogorarazi duenez, jardunaldian aurkeztutako zazpi jardunbide egokiez gain, txosten batean jasoko dira Gipuzkoako Foru Aldundiak bildutako 24 jardunbide egokiak, 30 gizarte-erakunderekin partekatzen den kudeaketa saretik ateratakoak.

Jardunaldiari hasiera emateko, Enrique Sacanell aholkulari eta prestatzaileak gogoeta egin du zerbitzuen eta berrikuntzaren hobekuntzarako jardunbide egokien kudeaketari buruz, eta Joseba Zalakainek, SIISeko zuzendariak, Europa mailako hainbat jardunbide egoki azaldu ditu bazterkeriaren arretan. Jarraian, eta kasu praktikoak bateratzeari hasiera emanez, RAIS Euskadik azaldu du zertan datzan Habitat programa, Gipuzkoan Housing First metodologia aplikatzen duena, etxegabetasun egoera larrienei irtenbide berritzailea eskainiz. Ondoren, Gipuzkoako Gurutze Gorriak azaldu du gizarteratzeko laguntzak dituzten etxebizitzak egokitzeko programa. Etxebizitza horiek intentsitate handiagorantz aldatzen dira, eta, horrekin, presentzia tekniko handiagoa ematen da zentroetan, bai eta banakako arreta jarraitua ere, moldaketak eginez bazterketa egoeran dauden eta laguntza premia handiagoak dituzten pertsonei arreta eman ahal izateko.

Jardunaldian aurkeztutako hirugarren jardunbide egokiak Emaús Fundación Social fundazioak abian jarritakoari erantzuten dio, eta gizarteratzeko zerbitzuak ebaluatzeko eredu bat jasotzen du, bizi kalitateari dagokionez, laguntza beharrak identifikatu, jarduketak definitu, baliabideak abiarazi eta esku hartze sozialeko prozesuak ebaluatu ahal izateko, erregistro- eta diagnostiko-tresna espezifikoen bidez. Horrela, emaitzak bizi kalitatearen arabera lortzea ahalbidetuko litzateke, profesionalaren ikuspegitik eta artatutako pertsonaren ikuspegitik.

Bestalde, EDE Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren indarkeria matxistaren emakume biktimen arretarako zerbitzuen ebaluazio prozesua aurkeztu du, eta praktika horrek politika publikoen esparruan ebaluazioak egiteko beharra agerian uzten duela adierazi du.  Ildo horretan, ebaluazioa hausnarketarako prozesu parte hartzaile gisa ulertu da, sistematikoa eta analitikoa izan behar duena, eta indarkeria matxistaren emakume biktimen arretan inplementatutako jardueren diseinua, garapena eta inpaktua ebaluatu dira, arreta hobetzeko. Ondoren, Beterri-Buruntzako udalek eragile sozial eta pribatuekin batera egindako lana azaldu dute, kudeaketa publikoan berrikuntza soziala sustatzeko, eta garapen komunitarioko proiektuak eta enpleguaren garapen endogenoa bultzatzeko.

Bestalde, Gureak taldeak  azaldu du zertan datzan Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearekin egiten duten lankidetza arautuko prozesu berriak, eta adierazi dute elkarlanerako protokoloa prestatu dela beharrezkoa zelako gizartean eta lanean integratzeko laguntza behar duten pertsonen arretan inplikatuta dauden bi erakundeen arteko koordinazioa sistematizatzea.  Helburu argi batekin: bi erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza hobetzea, pertsonei ematen dieten arreta eta zerbitzua hobetzeko, eta, ondorioz, baita haien bizi-kalitatea ere.

Azkenik, EHUko Psikologia Fakultateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean egindako txostena aurkeztu du, non gizarte bazterketan dauden pertsonen profil klinikoa eta psikologikoa aztertzen den. Aldundia aztertzen ari da osasun mentalari dagokionez artatutako pertsonen egoera, haien bizi kalitatea hobetzeko laguntza egokienak eskaintzeko helburuarekin. Horregatik, osasun mentala aztertzea eta sustatzea faktore erabakigarria da artatutako pertsonen bizi kalitaterako. Azaldu dutenez, arlo psikosoziala eta gizarte nahiz hezkuntza arloa ondo lantzeko, faktore hori presente eta kontrolatuta eduki behar da, eta, gainera, osasun mentala sustatu behar da, jokabide-laguntza positiboaren bidez.

  

2998