“Gipuzkoak sendo erantzun dio pandemiaren lehen kolpeari, baina ezin dugu erlaxatu”
“Gipuzkoak sendo erantzun dio pandemiaren lehen kolpeari, baina ezin dugu erlaxatu”
COVID-19 gaitzaren krisiak gehien kolpatu dituen pertsonak babestea da Aldundiaren egiteko nagusia normalitatera itzultzeko agertokian.
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile den Eider Mendozak esan du lurraldeak “sendo” erantzun diola COVID-19 gaitzak eragin duen pandemiaren lehen kolpeari, baina ez erlaxatzeko deia egin du: “Asko ikasi dugu krisi honetatik, eta ez dezagun ahaztu. Martxan dugun kanpainaren leloak dioen bezala, gogoratu dezagun aurrera egiteko”. Bozeramailearen hitzetan, Gipuzkoa Ereduak bere sendotasuna erakutsi du krisialdiaren aurrean, eta etorkizunera begira elkarlanean sakontzera dei egin du. “Ezohizko neurriak hartu dira, denok sakrifizioak egin behar izan ditugu, baina denon artean pandemiaren lehen kolpe hau geldiaraztea lortu dugu. Gipuzkoako herritarrek eta eragile sozial eta ekonomikoek elkarlanean egin dugun zerbait da, eta Gipuzkoa Eredu horretan sakontzeak sendoago egingo gaitu”, esan du.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Batzar horretan, COVID-19 gaitzaren lehen kolpeari emandako erantzuna eta Aldundiak egin duen lanaren errepasoa egin du foru Gobernuak. Horregatik, Mendozak gogoan izan ditu krisiak kolpatu dituen herritar guztiak: senitartekoren bat galdu dutenak, gaixo daudenak, gaitzak ondorioak utzi dizkiotenak, krisi ekonomiko eta sozialak kolpatu dituenak… “Agertoki berrian ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasun berdinekin jarraitzen du lanean: gizarte politika, gure ongizate mailari eusteko ahaleginean segitzen dugu, gaixotasunaren aurrean zaurgarrienak diren kolektiboak babestuz; eta ekonomia sustapena, behartutako geldialdiak sortu duen krisi ekonomikoari eskura ditugun erreminta eta baliabide guztiekin erantzunez, gehien kaltetuei laguntzeko (autonomoak, industria, enpresa txiki eta ertainak…).
Mendozak azaldu duenez, krisialdi hasieran web orri berezia jarri zuen martxan Aldundiak, pandemiak Gipuzkoak zuen bilakaeraren jarraipena egiteko. “Mota guztietako zalantzak, galderak, iradokizunak heldu zaizkigu, denon artean ahalik eta modu egokienean bideratu direnak. Laguntzei buruzko zalantzak, konfinamenduko neurriei buruzko argibideak eta zenbait kasu berezi ere bai”, azaldu du. Guztira, 145 kontsulta jaso ditu zerbitzu honek, eta kasu batzuetan foru diputatuek beraiek zuzenean kudeatu dituzte erantzunak.
Gizarte zerbitzuetan, Aldundiak 240 zentrok osatzen duten sarea kudeatzen du, eta bertan 7.000 lagun artatzen dira: adinekoak, desgaitasuna dutenak, gaitz mentalak, gizarte inklusioa, haurtzaroa, indarkeria matxistaren biktimak… “Osakidetza eta Osasun sailarekin elkarlanean aritu gara lehen unetik. Gure erreminta nagusia Txoke Plana izan da, 90 neurri zehatz baino gehiago hartu ditugu bere eskutik: NBEak erosi eta banatu dira, Gurutze Gorriko ospitalea aktibatu da gaixorik zeuden adinekoentzako, eguneroko jarraipena egin da egoitzaz egoitza, babes psikosoziala eman zaie familia eta egoiliarrei (Telezaintza)…”, gogoratu du Mendozak.
Azpimarratu duenez, lan honetan, funtsezkoa izan da Gipuzkoako hirugarren sektoreko eragile eta administrazio publikoen arteko elkarlana: Aldundia bera, suhiltzaileak, egoitzetako langileak, boluntario elkarteak, Gurutze Gorria… “Honi esker, plazen %90tik gora gaixotasunez salbu geratu dira”, esan du. Momentu honetan, sare osoan egoiliar bat geratzen da diagnostiko positiboarekin, eta gizarte zerbitzuak Errealitate Berriro egokitzeko deseskalada plana burutzen ari dira. “Aste honetan onartuko dugu Foru Agindua, honen bidez agertoki berri honetan gaitzaren kontrako aurre hartze, euste eta koordinazio neurri guztiak jasoko dituena (antolaketa, bisitak eta kanpora ateratzea, egoitzetan sarrera berriak, aurre hartze planak…)”, aurreratu du.
Krisi ekonomikoari erantzuna
Arlo ekonomikoan, plan eta egitasmo sorta jarri du martxan Aldundiak, eskura dituen baliabide guztiekin COVID-19 gaitzak sortu duen krisialdi ekonomikoari erantzuteko: ekonomia Berreskuratzeko Plana (28 milioi euro), enplegua eta ekonomia jarduera ardatz dituenak; Turismoa Berraktibatzeko Plana (2,5 milioi euro); Lehen Sektorea babesteko plana (15,5 milioi euro); Elkar–EKIN LANEAN (1,2 milioi euro); eta Piztu Cultura plana (4 milioi euro). “Birusaren kolpe honen ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen lehentasun nagusien artean kokatzen da jarduera ekonomikoa berreskuratzen laguntzearena. Gure ehun ekonomikoak kolpe latza jaso du geldialdiarekin, eta zenbait sektore kinka larrian utzi ditu; hortik, Aldundiak plan eta egitasmo sorta honen bitartez bideratzen ari den ahalegina”, aldeztu du.
Ahalegin honetan eragiten du baita ere zerga alorrak. Mendozak gogoratu duenez, foru Ogasunaren kasuan, aurrez aurreko zerbitzuak bertan behera utzi ziren krisialdi hasieran, baina jadanik denak berreskuratu dira, Errenta aitorpena barne; hori bai, guztietarako hitzordua hartzea beharrezkoa da (Errenta zein bestelako zerbitzuak). Bestalde, hainbat neurri hartu ditu Aldundiak krisialdi ekonomikoari erantzuteko fiskalitatearen ikuspegitik, hiru Foru Dekretu-Arautan jaso direnak. “Hasiera batean, gure helburu nagusia datak malgutu eta erraztasunak ematea izan zen, eta azken neurrietan ekonomia berpiztean laguntzea izan dugu helburu. Guztira, neurri hauen inpaktua 700 milioitik gorakoa izan da, gehienbat finantzarioa”, esan du.
Aldundia berari dagokionean, funtzio publikoaren ikuspegitik COVID-19aren etorrera “sekulako erronka” izan da erakundearentzat, “seguruenik azken hamarkadetan alor honetan izan dugun handiena”. “Urte hasieran, 20 lagun baino gutxiago ziren telelana egiten zutenak eta, konfinamendu egoerarekin, egun batetik bestera ia 1.000 lagun etxetik lanean jarri behar izan ditugu. Emaitza uste dugu ona izan dela, oinarrizko zerbitzuak mantentzea lortu baitugu, alternatiba telematikoak eskainiz, Errenta kanpaina online egitearena esaterako”, azaldu du Mendozak. omentu honetan, 200 lagun inguruk jarraitzen dute telelanean Aldundian, COVID-19 gaitzak sortu dituen kontziliazio arazoak direla eta.
Datorren astelehenetik aurrera, Aldundiaren funtzio publikoaren deseskalada prozesuaren hurrengo fasean sartuko da: irailaren hasiera bitarte, modalitate mistoa ezarriko da kontziliazio arazoak dituzten langileentzat (gutxienez bi egun bulegoan). Aurrez aurreko zerbitzu guztiak ere martxan daude aurretiazko hitzordurik gabe, aipatutako Ogasunaren zerbitzuak salbu. Suhiltzaileen kasuan, berriz, Mendozak birusaren kontra egin duten “lan eskerga” txalotu du, 13 astetan zehar 511 desinfekzio egin baitituzte, gehienak gizarte zerbitzuetako zentroak (tartean, arreta berezia jarriz adineko egoitzetan).
Bozeramaileak adierazi du pertsonen errepidezko garraioa izan dela krisialdiko beste puntu kritikoetako bat, eta hemen ere Lurraldebusek egin duen lan onean jarri du azpimarra. “Ezohizko neurriak hartu ziren behar zenean, oinarrizko zerbitzuak mantenduz eta mugitzea ezinbesteko zuten herritarren beharrei erantzuna bermatuz. Orain, normalitate itzultzeko bidean gaude, eta ekain erditik zerbitzuen %100 berriro ere martxan dugu”, gaineratu du. Adierazi duenez, garbiketa zerbitzuak nabarmen indartu dira, egunean behin baino gehiagotan egin direlarik, eta COVID19aren aurkako ziurtagiria jaso du Lurraldebusek. Gainera, Lurticket aplikazioa indartzeko lanean ari da Aldundia eta, uztailaren 15etik aurrera, posible izango da Lurraldebus sare osoko lineetarako bidai txartelak bertatik erostea: “Honela, eskudirutan ordaintzea ordeztuko dugu, gure garraio sarearen unibertsaltasuna bermatuz”.
Azkenik, Mendozak bestelako neurri batzuei ere egin dio aipamena, esaterako Nik HOndartzak mugikorreko aplikazioa, hondartzen egoera modu aktualizatuan jarraitzeko; Gipuzkoa Passport kanpaina, uda honetan tokiko turismo arduratsua bultzatzeko; edota konfinamenduan zehar eginiko komunikazio kanpaina, erakundeak konfinamendu garaian hartu zituen erabaki nagusiak ezagutarazteko. “Aldundiak beharreko ziren neurri guztiak hartu ditu COVID-19ari aurre egiteko eta, orain, normaltasun berri honetan ere, egoera berrira egokituta ari gara funtzionatzen. Testuinguru batean edo bestean, helburua berdina izan da: herritarrei behar dituzten kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzea, ahalik eta erraztasun guztiekin. Horrek jarraituko du izaten gure helburu nagusia aurrerantzean, bai normalitate berrian zein beste edozein agertokitan”, amaitu du.
1588