“Gipuzkoako Ogasunerako Fiskalitate Laguntzaile Adimendunak” irabazi du Fiskalitatea Berritzeko Ideien Lehiaketa
“Gipuzkoako Ogasunerako Fiskalitate Laguntzaile Adimendunak” irabazi du Fiskalitatea Berritzeko Ideien Lehiaketa
“Gipuzkoako Ogasunerako Fiskalitate Laguntzaile Adimendunak” irabazi du Fiskalitatea Berritzeko Ideien Lehiaketa
Ignacio Rubio Peroniék aurkeztutako ideia izan da lehiaketaren irabazlea. Guztira, 16 ideia aurkeztu dira
Ignacio Rubio Peroniéren kudeaketa fiskalaren eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko laguntzaile adimentsu baten garapena izan da proposamen irabazlea Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak antolatutako Fiskalitatea Berritzeko Ideien Lehiaketan. Guztira Gipuzkoako herritarrek garatutako 16 proposamen aurkeztu dira laugarren edizio honetan, berrikuntza gisa, enpresa sortu berriek ere parte hartu dute, fiskalitatearen arloan egindako proposamenekin.
Jokin Peronak, Ogasun eta Finantza diputatuak, gaur arratsaldean Foru Jauregiko Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den sari-banaketan parte hartu du. Bere hitzaldian, Peronak mota horretako ekimenen garrantzia azpimarratu du. “Gure herritarren artean dagoen talentua ezagutzea ahalbidetzeaz gain, aberasgarriak dira gure zergadunentzako zerbitzuak ematen aurrera egiteko, iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko edo zerga-sistema ekonomikoa hobetzeko” adierazi du.
Digitalizazioa izan da edizio honetan aurkeztutako ideia gehienen ardatza. Horrela, blockchain teknologia, big data edo aplikazio mugikorren erabilera proposatu da iruzurraren aurka borrokatzeko edo Ogasunaren kudeaketa errazteko. Hala, Peronak adierazi du “ideia horiek erabat lerrokatzen direla Foru Erakundearen digitalizazio estrategiarekin. Datuen kudeaketan jauzi kualitatibo bat ematen ari gara eta ekimen horretan jardungo dugu datozen urteetan gure herritarrei Ogasunarekin dituen izapideak arindu eta erraztuko dituen zerbitzu bat emateko”.
Ildo horretan, lehiaketaren irabazleak, Ignacio Rubio Peroniék, bere ideiarekin “Gipuzkoako Ogasunerako Fiskalitate Laguntzaile Adimentsua” proposatzen du Eskala Handiko Lengoaiaren (LLM) ereduak erabiltzen dituen laguntzaile adimentsu bat, zerga-kontsultak egiteko eta zerga-aitorpenen eta -informazioaren kudeaketan laguntzeko zerbitzu aurreratu bat eskaintzeko. Ideiak datuen eskuragarritasun-, erabilgarritasun-, pribatutasun- eta segurtasun-parametroak jasotzen ditu izapide horiek egin ahal izateko. Rubio Peroniék 1.500 euro eta McBook Air motako ordenagailu bat jaso ditu sari gisa.
Bigarren ideia saritua Blanca Alberdi Velascorena izan da, “Ticket BAI ‘Eman Ticketaren’ aplikazioagatiko dedukzioa” proposamenagatik. Alberdik planteatzen du sistema bat sortzea jendea bere eragiketen tiketak jaso nahi izatera motibatzeko, trukean pizgarriak eskainiz. Bere planteamenduak herritarrak Ticket BAI eskatzera bultzatu nahi ditu edozein finantza-transakzio egiteko orduan, iruzur fiskalaren aurkako borrokan laguntzeko.
Saritutako bi ideiez gain, Peronak diploma bana eman die lehiaketako proposamen finalistei. Horrela, aipamen berezia jaso dute honako proposamen hauek: Itxaso Villaverde Cendoyaren Propultsatu Ticket BAI; Paula Palacio de Zárraga eta June Maiz Artolaren Plataforma Fiscal Kolaboratiboa ‘FiscaLink’; Lucía Artola Blasco, Naia Del Carmen Boo, Naroa López Amunarriz, Eider Morales Goikoetxea eta Eider Otamendi Larreinaren TicketBAI Lehiaketa; Ana Ruiz de Muniain Fontcubertaren Zergadunen zerga-arloko inplikazioa eta parte-hartzea sustatzeko ideiak, banakako esperientzia hobetuz eta betebeharrak betetzean sarituz; Jon Munduate Goikoetxea, Elisa Martínez Estébanez, Saioa Larrazabal Lekuonaren TicketSARI; Markel Fernández Susperregi, Ander Zabala Vicente, Aitor Rodríguez Alejo eta Xabier Cormenzana Artazare TicketSARI.
Peronak eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei, eta aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu du. Era berean, bertaratutakoei dei egin die datozen edizioetan parte hartzera ideia berriekin, Gipuzkoako herritarrek Foru Ogasunarekin dituzten gestioak ekimen eta ideia ezberdinen bidez errazten laguntzen jarraitzeko, “Gipuzkoa kohesionatua eta munduko herrialderik aurreratuenen antzeko ongizate sozial eta ekonomikoa duena mantentzeko zerbitzuak eta politika publikoak bermatzen jarraitzeko, fiskalitate aurreratu baten bidez”.
3911