“Gipuzkoaren berrikuntza gaitasuna zahartze osasuntsuaren zerbitzura jarriko du Adinberrik”“Adinberri va a poner la capacidad de innovación de Gipuzkoa al servicio del envejecimiento saludable”
“Gipuzkoaren berrikuntza gaitasuna zahartze osasuntsuaren zerbitzura jarriko du Adinberrik”“Adinberri va a poner la capacidad de innovación de Gipuzkoa al servicio del envejecimiento saludable”
“Gipuzkoaren berrikuntza gaitasuna zahartze osasuntsuaren zerbitzura jarriko du Adinberrik”“Adinberri va a poner la capacidad de innovación de Gipuzkoa al servicio del envejecimiento saludable”
Adinberri Kongresuaren lehen edizio arrakastatsuaren itxieran, diputatu nagusiak inplikazio eskatu du Gipuzkoa alor honetan erreferente egiteko
Adinberri zahartze osasuntsurako estrategia “indartuta” atera da izen bereko Kongresuaren lehenengo ediziotik. Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanoren iritziz, topaketak iraun duen bi egunek argi utzi dute “beharrezkoak direla horrelako ekimenak, epe labur eta ertainean gizarte honek izango duen erronka nagusietakoa baita gizartearen zahartzearena”. Gehitu duenez, Adinberri jada errealitatea den proiektua da, “Gipuzkoako berrikuntza gaitasuna zahartze osasuntsuaren zerbitzura jarriko duena”. Helburua, betiere, lurraldea nazioarte mailako erreferente egitea da.
Kongresua atzo eta gaur artean egin da Tabakaleran, eta 500 pertsona elkartu dira bertan, batez ere, adinduen elkarte, enpresa, ezagutza eta berrikuntza eragile eta administrazio publikoetako ordezkariak. “Agerian geratu da gai honek sortzen duen kezka, baina baita Gipuzkoako gizarteak duen ekarpenak egiteko eta lanerako gogoa ere”, esan du Olanok. Gaurko jardunaldia nazioarteko esperientziekin hasi da, Erresuma Batua, Frantzia eta Portugalen dauden Adinberriren antzeko ekimenekin. Ondoren, bi solasaldi egin dira, lehenengoa zilarrezko ekonomiari buruz eta bigarrena ezagutza eta hezkuntzaren inguruan, betiere zahartze osasuntsua ardatz.
Mahai inguru batek itxi du bigarren eta azken eguna. Parte hartu dute Olanok berak eta Osasun sailburu den Jon Darpon eta Nouevelle Aquitaineko erregio sailburu eta osasun eta zilarrezko ekonomiako delegatu den Françoise Jeanson doktoreak. Diputatu nagusiak topaketaren balorazio positiboa egin. Nabarmendu dituen puntuen artean, partaidetza arrakastaz gain, zahartzaroaren erronkak dakartzan “ikuspegi ezkorrak” alde batera uzteko balio izan duela esan du. “Egia da gizartea zahartzen ari dela, eta honen eraginak kudeatzen hasi behar dugula. Baina, aldi berean, sekulako aukeraren aurrean gaude”, defendatu du Olanok.
Norabide honetan sakonduz, foru arduradunak esan du zahartzaroari buruz hitz egiterakoan bizitza-luzera eta zilarrezko ekonomia direla mahai gaineratu beharreko kontzeptuak. Lehen puntuari eutsiz, gogoratu du pertsonak gaur egun gehiago bizi direla eta baldintza hobeagoetan gainera, eta beraz “gizarte bezala ezin dugu utzi alferrik galtzen kolektibo horrek duen ezagutza, esperientzia eta ekarpenak egiteko gogoa”. Arlo ekonomikoan, adierazi du adinduek behar berriak dituztela eta gaur egun dauden zerbitzuak hobetu behar direla, eta horrek “jarduera ekonomikoa sortzea” dakarrela; Europar Batasunaren mailan, sektore hau jada BPGdaren %29 da. “Aukera garrantzitsua dugu aurrean, eta aurrerapausoa eman behar dugu”, itxi du.
Darponek, bere aldetik, esan du zahartzaroaren kontua ez dela arazoa bezala ikusi behar, baizik eta arrakasta bezala: “Daukagun bizitza esperantza lortzea munduko gizarte guztiek lortu nahi duten helburua da, eta ez dute askok lortzen”. Honek guztiak egungo gizarte zerbitzuetan izango duen eraginari erreparatuta, esan du erronka dela administrazio ezberdinek eskaintzen dituzten zerbitzuak kanpora begira elkartzea, “erabiltzaileari berdin baitzaio nork eskaintzen duen edo ordaintzen duen zerbitzua”. Gainera, Olanok bezala, zahartzaroaren inguruko industria garatzen jarraitzearen alde egin du, eta esan du Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) abantaila nabarmena duela alor honetan: “Erakundeak, industria eta ikertzaileak daukagun aukeraz jakitun garela”.
Azkenik, Jeanson doktoreak esan du ordezkatzen duen lurraldea, Nouvelle Aquitaine, Europako zahartze maila altuenetakoa duena dela, eta horrek neurri bereziak hartzera behartu dituela. Arduradun frantsesaren iritziz, berrikuntza da erronka honi aurre egiteko bidea baina, horretarako, adindu, ikertzaile eta politikarien artean sortu beharreko aliantzetan jarri du azpimarra: “Norabide berean joan behar dute”. Gainera, mundura irtetearen garrantzia ere nabarmendu du, beste esperientziak ezagutu eta nazioarteko eragileekin lankidetza zubiak eraikitzeko, kasu honetan, Euskal Herria berarekin. Horretarako, esan du oso garrantzitsuak direla Adinberri Kongresua bezalako topalekuak.
1756