Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gipuzkoaren gaurko eta biharko beharrei erantzuteko aurrekontuak”

“Gipuzkoaren gaurko eta biharko beharrei erantzuteko aurrekontuak”

Aurrekontu proiektu “oso soziala” eta “etorkizunera begira dagoena” aurkeztu dute Batzar Nagusietan

2017/11/06

Gaurko eta biharko erronka eta beharrei erantzutea. Horixe du ardatz Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018rako aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuak. “Baliabideetan hazi egin gara, baina gure bideorriari eusten diogu eta, gainera, gauzatzen hasi gara gaurtik biharko Gipuzkoa eraikitzeko estrategia”, azaldu du Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak. Zentzu honetan, nabarmendu du 10,4 milioi euro bideratuko direla Aldundiaren agenda politika berria exekutatzen hasteko, Etorkizuna Eraikiz programaren barnean kokatzen den ekimena. Horrela, zibersegurtasun industrialeko zentroarentzako 1,5 milioi euroko zuzkidura aurreikusten da datorren urterako, eta beste horren beste bideratuko da bai zahartzaroa eta mendekotasunaren arretan erreferente izango den zentro aurreratuaren proiektura eta baita ere elektromugikortasuneko zentroaren ekimenera.

            Larrañaga gaur goizean agertu da Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean, Foru Aldundiaren aurrekontu proiektua aurkezteko. Bere ostean, beste diputatu guztiak pasa dira batzorde beretik, bakoitzak bere departamentuko aurrekontua xehatzeko. Datorren urterako proiektuak, guztira, 856,5 milioi euro jasotzen ditu, aurten baino 18,6 milioi euro gehiago (+%2,22). Etorkizuneko proiektu estrategikoak, ekonomia sustapena, gizarte politika eta zerga iruzurraren aurkako borroka dira proposamenaren lehentasun nagusiak.

            Foru diputatuak azaldu duenez, Foru Aldundiak bideratu ditu legealdiaren lehen erdian Gipuzkoa modernizatzeko beharrezko ziren proiektuak eta, datorren bi urteei begira, etorkizuna lantzen hastea jarri du helburu. “Etorkizuna Eraikiz programaren eskutik, eta lurraldeko gizarte antolatu eta herritarrekin elkarlanean, Gipuzkoak epe ertain eta luzean izango dituen erronka nagusiak identifikatzen ari gara eta, gero, martxan jartzen hauei aurre egiteko beharrezkoak diren estrategiak”, azaldu du.

            Gainera, foru Ogasunaren arduradunak azpimarratu du hirugarren urtez jarraian haziko dela aurrekontua: “Ekonomia indartze zantzuak ari da ematen, eta honek eragin zuzena du administrazio publikook ditugun baliabideetan”, adierazi du. Bere ustetan, jarduera ekonomikoa, aberastasun eta kalitatezko enplegu sortzaile, “gure ongizate mailari eusten dion motorra da”. “Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunen artean jarraitzen du eta jarraituko du ekonomia sustapenak”, berretsi du.

            Aurrekontu proiektuaren “ikuspegi soziala” ere nabarmendu nahi izan du foru diputatuak. “Aurreko bi urteetan bezala, Aldundiak gizarte politiketara bideratzen dituen baliabideak hazi egin da. Legealdia hasi zenetik, arlo honetako aurrekontua %15 handitu da, eta inoizko zifrarik altuenetan dago. Hau guztia foru Gobernuak esparru honi ematen dion berebiziko garrantziaren adierazle da”, nabarmendu du foru diputatuak.

Ogasuna eta Finantzak

Ogasun eta Finantzen departamentuari dagokionez, aurrekontua %25 haziko da 2018an, hau da, 55,5 milioi euro. Hala ere, Larrañagak azaldu duenez, hazkundearen zatirik handiena GHKk Europako Inbertsio Bankuarekin duen zorra kitatzeko erabiliko da, Europako erakundeak duela bi legealdi emandako errauskailua eraikitzeko mailegua dela eta. Efektu finantzario hau alde batera utzita, departamentuaren zuzkidura bi milioi hazten da, zerga iruzurraren aurkako borroka indartzera bideratuko direnik.

            Larrañagak gogoratu duenez, legealdi honetan “apustu serioa” egiten ari da foru Ogasuna, zerga ihesaren aurka jarduteko dituen baliabideak indartzeko ahaleginean. “Hazkunde aurrekontua da baliabideen ikuspuntutik baina, estrategikoki, jarraipeneko aurrekontua da. Zerga iruzurraren aurka jarduteko giza baliabide eta euskarri teknikoak hedatu, hobetu eta sendotzen jarraitzen dugu”, azaldu du foru diputatuak. Gainera, nabarmendu du departamentuak orain arteko “lan kualitatiboarekin” jarraituko duela, ekonomia sustapenaren alde eragiten.

 

Diputatu nagusiaren alorra

Diputatu nagusiaren alorrari dagokionez, %3,67 haziko da bere zuzkidura 2018an, guztira 18,7 milioi izango baititu. Programei erreparatuz gero, igoerarik aipagarriena Kudeaketa Estrategian kokatzen da, hemendik garatzen baita Etorkizuna Eraikiz proiektua. Alor honen baliabideak 600.000 eurotan haziko dira, eta aipatutako programaren lanketarako erabiliko dira, adibidez, proiektu esperimentalentzako laguntza deialdien eta unibertsitateekin egiten diren hitzarmenen bitartez.

            Gora egiten du baita ere Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Organoaren baliabideak (+%3,67). Zehazki, indartu egingo dira emakumeen aurkako indarkeriaren eta kontziliazio arduratsuaren aldeko lan ildo estrategikoak. Bestalde, Komunikazioak (-%2,57) eta Bizikidetza eta Giza Eskubideek (+%0,17) euren bideorriei jarraiki segituko dute lanean. Bigarren zuzendaritza honetan, aipagarria da Bizikidetza Aniztasunean Planaren garapena. Azkenik, Hizkuntza Berdintasunaren aurrekontua ere zertxobait haziko da (+%0,53).

 

Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirolak

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuaren aurrekontuak %3,34ko igoera izango du. 2018ko ekitaldian, arreta berezia eskainiko zaie kirol-eremuko hainbat konpromisori. Ildo horretan, Anoetako estadioko obrak finantzatzera bideratutako milioi euroko zenbatekoaz gain, 2,5 milioi inguru bideratuko dira lurraldeko udalerri askotako oinarrizko kirol-ekipamenduak hobetu eta birmoldatzera. Halaber, kirol-eremuan, diru-laguntza bereziak aurreikusi dira kirol-monitoreak prestatzeko. Era horretan, gure gazte eta nerabeen prestakuntza integralerako funtsezko tresna izan behar duen eskola-kiroleko programaren kalitatea eta emaitza onak bermatuko dira. Aipagarria da ere Gipuzkoa Basket taldeari emango zaion 400.000 euro gehiagoko diru laguntza.

Turismoari dagokionez, turismo jasangarri eta kalitatekoaren aldeko politikak garatzen jarraituko du departamentuak. Neurri nagusien artean, honako hauek aipa daitezke: ostalaritzako langileen hobekuntza profesionalerako Plana (80.000 euro), Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalarekin Udaletxeko etxabean partekatu nahi duen turismo-bulego berria (100.000 euro) eta, azkenik, turismoari aplikatutako teknologiako proiektu bat, turismo jasangarriagoa lortzen eta turismoaren eremuan hornitzaile teknologikoei aukera-esparru bat irekitzen saiatzeko (80.000 euro). 

 

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuari dagokionez, bere aurrekontua %4,28 haziko da. Herritarren partaidetza eta administrazioaren modernizazio eta hobekuntza dira gehien hazten diren bi esparruak, %19,17 eta %17,42 hurrenez hurren. Lehen puntuan, indartu egiten dira udalerri (350.000 euroko partida) eta elkarte ezberdinei zuzendutako parte hartzea bultzatzeko laguntzak. Bigarrengoan, berriz, sakondu egiten da tramiteak arindu eta burokrazia murrizteko ekimenetan, administrazio elektronikoa hedatu eta leihatila bakarra ezarriz. Horrela, Aldundiak herritarrei arreta eskaintzen diren eremuak berrantolatuko dira. Gainera, bigarren programa honetan kokatzen dira Estrategia Digitaleko zuzendaritza berriak behar dituen kredituak ere.

            Suhiltzaileen zerbitzuari dagokionez, 1,4 milioi euro hazten da bere aurrekontua, eta ibilgailu flota berritzeko erabiliko dira baliabide gehigarri hauek, bi ibilgailu arin erosiko baitira mendi guneetan erabiltzezko. Gainera, 240.000 euroko partida bat proposatzen da Gipuzkoako Larrialdien Zentrala Garberako suhiltzaile parkean kokatzeko. Funtzio Publikoan, berriz, bere zuzkidura %4,48 igotzen da, eta bere erabilera izango da onartutako lan eskaintza publikoen edota lan poltsen deialdiak egitea, egun horrelakorik ez duten arloetan. Azkenik, Kanpo Harremanetan, 50.000 euro gehiagorekin indartzen da programa hau, Gipuzkoak nazioartean erreferentzia diren sareetan duen kokapena hobetu eta udalei Europako funts eta proiektuetara sarbidea errazteko.

 

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Garapena

Bestalde, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Garapeneko departamentuak egonkor mantenduko du bere aurrekontua (+%0,19). Gogoratu behar da alor honetara bideratzen diren baliabideak bikoiztu egin zirela legealdi hasieran. Ekonomia Sustapen eta Berrikuntzari dagokionean, bi zuzendaritzek orain arteko norabidean jarraituko dute lanean, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan garatzen ari diren proiektuen garapenera egokituz euren jarduketa. Horrela, 1,5 milioi jasoko ditu zibersegurtasun industrialeko zentroak eta beste hainbeste elektromugikortasunekoak, eta 1,4 milioi zahartzaro eta mendekotasunaren arretan erreferentziazko zentroaren proiektuaren barnean kokatzen den berrikuntza poloak. 

            Lehen sektorearen arloan, jarraipeneko aurrekontuak aurreikusten dira, eta egiten ari diren lanak Ekonomia Suspertzeko Planean jasotako helburuen lorpena dute helburu. Beste hainbat konturen artean, burokrazia murrizteko martxan jarritako estrategia nabarmendu behar da. Honela, informazio sistema hobetu eta erakundean eta bere funtzionamenduan hobekuntza neurriak txertatuko dira. Azkenik, Lurralde Orekari dagokionez eta Landagipuzkoa Plus programaren barruan, indartu egingo dira 2.500 biztanle baino gutxiagoko herrietan eta landa guneetan banda ultra-azkarra zerbitzua ezarri eta gune horien ekonomia suspertzeko proiektuak bultzatzea xede duten ekimenak.

 

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa

Mugikortasuna et Lurralde Antolaketako departamentuaren kasuan, %1 haziko da aurrekontua datorren urtean, 60 milioi euroren bueltan kokatuz. Hazkunde aipagarrien artean, errepideko garraio publikoaren kudeaketara bideratzen diren baliabideak nabarmendu behar dira. Horrela, Lurraldebusi dagokiona 600.000 hazten da, 34 milioi eurotara iritsi arte.

            Mugikortasun jasangarriaren alde egindako beste apustu nagusia, bizikletaren sustapena eta bidegorri sarean eraikuntza, nabarmen indartuko dira datorren urtean. Horrela, 5,2 milioi euro zuzenduko dira alor honetara, aurten baino %121 gehiago. Zehazki, departamentuak 4,8 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako lurraldearentzako oso garrantzitsuak diren hiru bidegorri eraikitzeko: Amute-Ospitaleak Hondarribian, Lezo-Pasai Donibane bidegorriko bi zati berri eta Eibar-Maltzaga.

            Azkenik, Pasaialdeko biziberritzeari dagokionez, Marisol Garmendia diputatuak azaldu du Aldundiak bere konpromisoa mantentzen duela et “6 milioi euro baino gehiago zuzendu ditugu foru erakundearen proiektu estrategikoetakoa den honetara, bere lehen fruituak ematen hasia dena”. Horrela, Pasaiko Portuaren Plan Berezitik eratorritako ekintzei jarraipena ematen zaie, eta 4 milioi euro inbertituko dira eskualdeko zenbait esku-hartzetan. Esaterako, Albaolara iristen den pasealekua, hilabete gutxi barru errealitatea izango dena, edo Hospitalilloko aparkalekua, Zahartzaroarentzako erreferentziazko zentroa eta lonja.

 

Bide Azpiegiturak

Bestalde, Bide Azpiegituretako departamentuak Antzuola-Bergara eta Deba-Mutriku errepideen eraikuntzan eta errepideetako segurtasuna hobetzean jarriko du bere arreta. Horrela, Antzuola-Bergara errepideko lanekin jarraituko du Bidegik, eta departamentuak 1,5 milioi euro bideratuko ditu Deba eta Mutriku arteko bidea hobetu eta oinezkoentzako eremua egokitzera. Errepideen artapenari dagokionez, baliabideak %12,7 haziko dira, A-15 errepideko tunelen hobekuntza delarik inbertsiorik aipagarriena.

            Aintzane Oiarbidek foru diputatuak zuzentzen duen departamentuak tokiko zenbait esku-hartze ere egingo ditu eta horretarako 1,1 milioi euro inbertituko ditu proiektu ezberdinetan (Amute, Zegama, Baliarrain…). Gipuzkoako bide azpiegituren energia eraginkortasuna hobetze aldera egingo diren lanetan ere jarri du azpimarra foru arduradunak. 500.000 euro bideratuko dira esparru honetara.

Gizarte Politika

Bere aldetik, Gizarte Politiken 2018 aurrekontua 377 milioi eurokoa izango da, hau da, aurrekontu osoaren %47,48, aurten baino 13 milioi euro gehiago. Lau eurotatik ohiko diru-laguntza eta transferentzietarako erabiliko dira. “Gizarte politikek inoizko zuzkidurarik handiena izango dute eta horri esker, pertsonak izango dira departamentu honen ardatza legegintzaldi guztian zehar”, azaldu du Maite Peña foru diputatuak. 2018an, zehazki, zuzentzen duen alorrak 30.000 gipuzkoarren behar sozialei erantzungo die.

            Berritasunen artean, gizarte zerbitzuen maparen garapenaren jarraipena aipatu behar da: 158 plaza berri sortuko dira egoitza, eguneko zentro eta etxebizitzetan, behar ezberdinak dituzten herritarrentzako. Gainera, indartuko egiten dira Sendian, Arreta Goiztiarra eta nerabeen harrera familien programak, eta aurreikusi dira 2016-2020 Elkar-ekin Gizarteratze Planean aurreikusitako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren baliabideak. Azkenik, Kabian beste lau egoitza sartuko dira datorren urtean.

 

Ingurumena eta Obra Hidraulikoak

Azkenik, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamentuaren aurrekontua 24.512.598 eurokoa da, aurten baino %3 gehiago. Berritasun nagusia da Klima Aldaketari aurre egiteko Zentroa sortzeko, lehen aldiz aurrekontu-sail bat egingo dela. Proiektu hau Etorkizuna Eraikiz programan barneratuta dago eta 2018an emango du argitara, 800.000 euroko zuzkidura izango du. Hondartzen Plangintza Integraleko ia bi miloi euroak garrantzitsuak dira baita ere, lehen aldiz barneratuko baitu hondartzen irisgarritasuna hobetzeko aurrekontu-saila.

Jasangarritasuna Gipuzkoako ezaugarri bilakatzeko helburuarekin, herritarrak, erakundeak eta sare ekonomiko guztia partaide bilakatuz, Tokiko Agendei diruz lagunduko zaie 140.000 euroren bitartez, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako helburuak betetzeko garapen jasangarriaren inguruan. Herritarren kalteberatasun energetikoaren aurka borrokan jarraitzeko, eraginkortasun energetikoaren hobekuntza lortzeko eta trantsizio energetikorantz aurrera egiteko 1,8 miloi euro zuzenduko dira eta Energiaren Zuzendaritza Plangintza ere egingo da.

Obra Hidraulikoetako eremuan, ia lau milioi euro zuzenduko dira uren hornikuntza sistemak sendotzeko eta hondakin-uren saneamendua osatzeko. Ia milioi euroko aurrekontu-saila egongo da uretako sistemen berreskuratze morfologikoa gauzatzeko. Esaterako, presa txikiak eraitsiz, arraien igarotzea ekiditen baitute.

  

1605