Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea "Gure ekonomiaren etorkizunak lankidetzaren beharra du, bai erakundeen artekoa, bai enpresa eta gizartearena"

"Gure ekonomiaren etorkizunak lankidetzaren beharra du, bai erakundeen artekoa, bai enpresa eta gizartearena"

Markel Olanok gaur Zarautzera egindako bisitan udalerri hori jarri du «eredu ekonomiko orekatu» eta «pertsona ardatz duen» adibide gisa.

Markel Olano diputatu nagusiak bisita instituzionala egin du gaur Zarautzera,  Urola Kostako udalerri horren egungo egoerari, etorkizuneko erronkei eta proiektu estrategiko batzuei buruzko errealitatea ezagutzeko. Xabier Txurruka alkatearekin batera, herrian garatzen ari diren ekimen ekonomiko eta sozialetako batzuk ezagutzeko, eta haien arduradunekin gogoetak partekatzeko aukera izan du.
«Jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzeko laguntza eskatzen digu gizarteak, gizarte aurreratu baten eta gure gizarte arretako sistemaren oinarri gisa. Bai erakundeen artean eta baita ere enpresa, gizarte eta ekintzaile guztiekin. Lankidetza da oparotasunaren eta berdintasunaren etorkizuna eraikitzeko giltzarria», nabarmendu du diputatuak komunikabideen aurrean, 2014az geroztik martxan dagoen Zarauzko Gureak enpresaren instalazioak eta Errrotaberriko industria sektorearen urbanizatze lanak ikusi aurretik.
Obra horiei esker -Aldundiak 1.243.025 euro jarri ditu-, poligonoaren eta sarbide berriaren arteko lotura hobetuko da eta, ondorioz, jarduera ekonomikoa gehitu eta garatuko da, Zarauzko nahiz kanpoko hainbat enpresak inguru horretan kokatzeko interesa azaldu baitute. «Udalarekin dugun lankidetza emankorra izaten ari da. Bi alderdiak bat gatoz funtsezko proiektu bat dela esaterakoan, bai aukera berriak sortzeko, bai udalerriaren eta zarauztarren etorkizun ekonomikoa finkatzeko», esan du Olanok; halaber, Errotaberriko lotura hobetzearen alde eta, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, zonaren baldintza hidraulikoak eta ingurumenekoak hobetzearen alde Udalak eta alkateak egindako «apustu sendoa» goraipatu du.
Ildo berean, diputatu nagusiak «sektore ekonomikoen arteko oreka» eta «politika sozialen indarra» uztartzen duen «eredu» gisa goretsi du Zarauzko udalerria. «Udalerri oso erakargarria da, eta bisitari asko izaten ditu, baina, aldi berean, ihes egin du konformismotik eta turismo jasangarri, kalitatezko, arrazoizko eta orekatu baten aldeko apustua egin du; nolanahi ere, etorkizunera begira, ez ditu industria eta lehen sektorea baztertzen». Erantsi du langabeziaren datuek -% 8tik beherakoa Zarautzen eta Urola Kostan-, apustu hori babesten dutela. 
Txurrukak, Olanok eta gainerako erakunde arduradunek Gureak enpresaren planta bisitatu dute; planta horrek 3.600 metro karratu ditu, eta bertan 129 pertsonek estatuko nahiz nazioarteko enpresetarako muntaketa lanak egiten dituzte. Halaber, Diputatu Nagusiak azpimarratu du legealdi honetan Zarauzko KL Katealegaiaren planta ireki dela eta Aldundiak 500.000 euroko ekarpena egin duela; bertan, desgaitasuna duten eta gizarte bazterketa arriskuan dauden 50 pertsona inguruk egiten dute lan. «Zarautz gizarte inklusioaren aldeko lanaren adibide argia da, pertsona ardatz hartzen duen eta inor atzean uzten ez duen enpresa eta ekonomia eredua hartu baitu oinarri», adierazi du. Arratsaldean, lan bilera bat izan dute Mankomunitatearen egoitzan Errotaberriko enpresekin; bileran izan dira  KSB ITUR, Plásticos Urteta, Soldimes eta SPRIko kideak. 
Gizarte Politika
Xabier Txurruka alkateak, bere aldetik, adierazi du legealdi honetan “funtsezkoa eta emankorra” izan dela erakundeen arteko lankidetza “gaur egun Zarautzen amaituta dauden hainbat proiektu, eta bidean diren beste batzuk gauzatzeko, hala nola industria poligonoetarako sarbide berria”. Ildo beretik, nabarmendu du dagoeneko akordioak itxi direla “datozen legealdian gauzatuko diren hainbat etorkizuneko egitasmoetarako, gizarte arloan bereziki”. 
Horren adibide, beste geldialdi bat egin dute Aldapetan, non eguneko arreta zentro berri bat irekiko baita dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat (20 plaza), Aldundiaren, Udalaren eta hirugarren sektoreko entitateen arteko lankidetzari esker. Alkateak gogorarazi duen moduan, izaera berritzailea izango du, eta arreta emango die laguntza behar desberdinak  eta nahasmendu desberdinak dituzten pertsonei, tradizionalki entitate espezializatu jakin batzuek kudeatutako zentro bereizietan zainduak izan direnei. Ondoren, proiektu horren ebaluazioa egingo da eta Gipuzkoako gainerako eskualdeetan ere gauzatu ahal izango da. Zentro hori Zuberoa kaleko Garagune baliabideari gehitzen zaio, zeina 2018ko uztailean ireki baitzen, adimen urritasuna duten pertsona helduei eguneko arreta emateko (8 plaza).
Gainera, alkateak azpimarratu du Udalak Kortazarreko lur saila laga diola berriki Aldundiari, eta horrek ahalbidetuko duela kokapen horretan adinekoentzako egoitza berri bat eraikitzea, 2021. urteko amaieran martxan egongo dena. Bisita instituzional hori osatzeko, udalerriko mugikortasuna eta aisialdi eta kiroletarako instalazioak hobetzeko Udalak gauzatu dituen jarduketa batzuk bisitatu dituzte, besteak beste Salbideko haurrentzako parke estalia, Azken Portu eremuko hiri igogailua, eta Lizardiko erabilera anitzeko kirol pista estalia. 

  

1902