Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Guztiok Mugituz’ sariak mugikortasun jasangarri, osasungarri eta inklusiboa bultzatzeko ekimenak sarituko ditu

‘Guztiok Mugituz’ sariak mugikortasun jasangarri, osasungarri eta inklusiboa bultzatzeko ekimenak sarituko ditu

Marisol Garmendia “Guztiok Mugituz” saria sortu du.

2017/11/29

Lehen edizio honetan, “Guztiok Mugituzek” Errenteriako Gurutze Gorriaren Herri Batzarra sarituko du “Mugikortasun seguru eta osasungarrirako ohiturak” ekimenagatik. Ekimen horren bidez, adinekoek beren joan-etorriak egiteko trizikloen erabilera normalizatua sustatzen da.

Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak azpimarratu duenez, “Gipuzkoan, zorionez, egunez egun altruismoz, borondatez eta elkartasunez mugikortasun jasangarri eta inklusibo baten alde diharduten erakunde eta proiektu asko ditugu. Eta Errenteriako Gurutze Gorriaren Herri Batzarrak 2016. urteaz geroztik muga fisiko edo psikologikoak dituzten pertsonekin era autonomo, seguru eta osasungarrian mugitzeko aukera ematen dieten trizikloen erabilera sustatzearen bidez egiten duen lanak Gipuzkoako herritar guztien esker ona merezi du".

Ia 400 pertsonak hartu dute parte Errenteriako Gurutze Gorriaren programan, eta adinekoei joan-etorriak egiteko ohiturak hobetzen, triziklo bat erabiltzeko beldurra edo lotsa kentzen eta osasuna hobetzen laguntzeko Mugikortasun Seguru eta Osasungarriaren Eskola sortu dute. Hogei bat boluntario ari dira ekimen horretan lanean. Joan den apirilean jarri zen abian, eta Errenteriako eguneroko paisaiaren parte bihurtu diren 5 triziklo eskaintzen ditu.

Guztiok Mugituz saria emateko ekitaldia datorren abenduaren 12an egingo da Gipuzkoako Foru Aldundian. Saria irauteko asmoarekin sortu da, eta, Marisol Garmendiak adierazi duenez, helburua “Gipuzkoako gizarte osoak garraio publikoaren, mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren eta irisgarritasun unibertsalaren alde egin duen apustua saritzeko omenaldi txiki bat izatea da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko Departamentua gizarte-eragileekin, adinekoen kolektiboekin eta desgaitasuna duten pertsonen elkarteekin lankidetzan ari da lanean, garraio publikoa –eta, zehazki, Lurraldebus– gero eta inklusiboa izan dadin eta gero eta oztopo gutxiago izan ditzan. Halaber, garraiatzeko era osasungarriak sustatzen ari da (bizikleta, adibidez).

 

 

  

1909