“Herritarrekin elkarlana ezinbesteko balioa da Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean eraikitzeko”
“Herritarrekin elkarlana ezinbesteko balioa da Gipuzkoaren etorkizuna guztion artean eraikitzeko”
Diputatu nagusiak eta Pasaiako alkateak bilera egin dute herriko egitasmo nagusiak partekatzea helburu; Etorkizuna Eraikiz kapsularen bitartez herrian jasotako ekarpenak aztertu dituzte.
Etorkizuna Eraikiz programari lotuta, lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko herriz herriko bilerak egiten dihardu Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok. Gaurkoan Izaskun Gomez alkatearekin elkartu da Pasaian, herriko proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatu asmoz. Gainera, bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia egin eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak aztertu dituzte.
“Pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du Gipuzkoak, etorkizunean ere. Horretarako lanean dihardugu buru-belarri, pandemiaren krisialditik atera eta gerora begirako politikak martxan jarriz. Horretarako, ezinbestekoa da elkarlana. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutzea eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea”, adierazi du diputatu nagusiak, Pasaiako alkatearekin bilera egin ostean. Bertan izan dira, baita ere, Ingurumeneko, Gizarte Politikako eta Mugikortasuneko diputatuak, Jose Ignacio Asensio, Maite Peña eta Rafaela Romero, hurrenez hurren.
Hain zuzen ere, joan den urteko irailaren 29an Pasaian kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula, non galdetzen zitzaien herritarrei Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen. Diputatu nagusiak azaldu duenez, pandemia egoera dagoeneko bi urtez luzatzen ari den honetan, “ezinbestekoa” da gipuzkoarrei entzun eta “gizartean pil-pilean dauden beharrizan, balio eta proposamenak” jasotzea. Horretarako “tresna eraginkorra” izaten ari da aipatutako egitasmoa eta dagoeneko 21 herri eta lau unibertsitate campusetan egon da, gipuzkoarrengandik 3.000 ekarpen baino gehiago jasoz. Ibilbide honetan guztian jaso diren eta jasoko diren ekarpen guztiak foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan kontuan izango dira, diputatu nagusiak jakinarazi duenez.
Izaskun Gomezek, Pasaiako alkateak, azpimarratu du “oso garrantzitsua” dela gure “auzoen eta udalerrien pultsua hartzea herritarrekin konektatzeko, erakundeak hurbiltzeko eta kudeaketa hobetzeko herritarren parte hartzerako bideak ezartzeko”. Halaber, azpimarratu du beharrezkoa dela “akordioa eta egonkortasuna lortzea krisi egoerei aurre egiteko, lehenik pandemiagatik eta orain Ukrainako gerragatik, herritarren benetako kezkei –enplegua eta gizarte-arreta, esate baterako–entzunez eta erantzuna emanez.
Herriko azpiegiturak, ingurumena eta gizarte babesa
Olanoren iritziz, lurralde osoan “gobernatzeko modua” eraldatzen ari da Etorkizuna Eraikiz. “Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei erantzun asmoz, egitasmo hau 2016an martxan jarri zenetik, dagoeneko 125 herritarren proiektu sustatu ditugu, 32 proiektu esperimental abian dira eta bederatzi erreferentzia zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”, aipatu du diputatu nagusiak. Ahalegin horretan guztian, nolanahi ere, “funtsezkoa” da udalerrien eta herritarren beraien partaidetza bultzatzea. “Gainontzeko erakundeen, enpresen, gizarte eragileen eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri honi. Denon ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoa da, geroa guztion artean eraikitzeko”, gehitu du.
Hain zuzen ere, pasaitarren 101 ekarpen jaso zituen kapsulak. Horien artean, azpiegiturei, mugikortasunari eta ingurumenari lotutako proposamenak eta kezkak izan ziren nagusi. Horien atzetik, zahartzeari eta gazteek aisialdirako eta lanerako dituzten aukerei buruzko ideiak proposatu zituzten herritarrek.
Izaskun Gomezek adierazi du bat datorrela entzuteko prozesu honen helburuekin, beti pentsatu izan baitu “gure berezitasuna, Gipuzkoako azpiegitura nagusietako bat hartzen duen udalerri moduan, ulertu eta aintzat hartu behar dela, eta horretarako lehen urratsa pasaitarrei entzutea dela”.
Bestalde, Pasaiaren biziberritzea –ingurumenean zein alor urbano eta sozio-ekonomikoan– sustatzeko proiektuak eta azpiegiturak abian jartzeko bi erakundeek hartutako konpromisoaren isla, bisitan bi erakundeek azken urteotan elkarlanean egindako ekimenetan izandako aurrerapausoak ezagutu ahal izan dituzte. Besteak beste, Donibaneko gune historikoaren saneamendu-proiektua, San Pedroko lonja, Herrerako pabiloien estalkiak urbanizatzea, San Pedron eta Trintxerpen espazio estaliak sortzea eta adingabeentzako aisialdi-guneak hobetzea, eta, azkenik, Adinberri zahartze osasungarrirako erreferentziazko zentroa. Azken egitasmo honek adinekoentzako egoitza bat eta berrikuntza-unitate bat izango ditu, eta obrak aurten bertan hastea aurreikusten da.
1874