“Indarkeriak gehien kolpatu duena den heinean, Gipuzkoak abangoardia izan behar du bizikidetza lantzerako orduan”
“Indarkeriak gehien kolpatu duena den heinean, Gipuzkoak abangoardia izan behar du bizikidetza lantzerako orduan”
“Indarkeriak gehien kolpatu duena den heinean, Gipuzkoak abangoardia izan behar du bizikidetza lantzerako orduan”
Diputatu nagusiak, Markel Olanok, 2017ko Bizikidetza Lantzen programaren edukiak aurkeztu ditu; aurten hiru herri gehiagok hartuko dute parte
“Indarkeriak gehien kolpatu duena den heinean, Gipuzkoak abangoardia izan behar du bizikidetza lantzerako orduan”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Foru Aldundiaren 2017ko Bizikidetza Lantzen programaren nondik norakoak aurkeztu ditu gaur goizean Donostian. Egitasmoa foru erakundeak bizikidetzaren esparruan eragiteko duen erreminta nagusia da, eta aurtengo deialdian gutxienez 470.000 gipuzkoar ordezkatzen dituzten 24 udaletxetara iristea aurreikusten da. “Bizikidetzan inbertitzea etorkizunean inbertitzea da eta horregatik lanean jarraitu behar dugu, asko baitaukagu egiteko”, adierazi du Olanok.
Diputatu nagusia eta Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendaria, Maribel Vaquero, foru jauregian elkartu dira berriki egitasmoan parte hartzen hasi diren edota aurten hasiko diren hiru herrietako alkateekin. Bileran izan dira Elena Lete, Bergarako alkatea; Mikel Serrano, Zumarragako alkatea; eta Zorione Etxezarraga, Astigarragako alkatea, eta bertan lehen eskutik jaso dute dinamikaren xehetasunen berri. Ondoren alde biek adierazpenak egin dituzte hedabideen aurrean, programaren berri eman eta aipatutako herrietako asmo eta egitasmoen inguruan sakontzea xede.
Olanok gogoratu duenez, indarkeria hamarkadek gai asko utzi dituzte itxi gabe: biktimen beharrei erantzutea, memoriaren kudeaketa, bizikidetzaren hausturak, kartzela politika… “Kontu hauek guztiak ahalik eta azkarren jorratu behar ditugu”, adierazi du. Prozesu honetan, herritarrek protagonista izan behar dutela nabarmendu du eta erakundeei, bere aldetik, dinamikak garatzea ahalbidetuko dituzten konfiantzazko eremuak sortzea. “Aldunditik udal esparrua ari gara sustatzen, hori baita herritarrengatik gertuen dagoen alorra”, azpimarratu du.
Gogoratu duenez, Bizikidetza Lantzen egitasmoaren bitartez ari da horretan Aldundia. Arestian aipatu bezala, aurten gutxienez 24 udalerri eta 470.000 biztanle baino gehiagora iritsiko da dinamika, Bergara, Arrasate eta Zumarragak ere parte hartzeko duten nahia baieztatu ostean. “Urtetik urtera gero eta herri gehiago ari dira bizikidetza dinamikak aktibatzen”, esan du Olanok, “gaiak euskal agendan izaten jarraitzen duen garrantziaren adierazle nabarmena”. Hala ere, gogoratu du oraindik ere “asko dagoela egiteko”. “Zauri asko daude oraindik ere tratatzeko, zubi asko berreraikitzeko, eta horregatik lanean jarraitu behar dugu”, zehaztu du.
Foru programa
Bizikidetza Lantzen programak 290.000 euroko aurrekontua du eta Aldundi eta udalerrien arteko bi erlazio mota zehazten ditu, herri bakoitzak egokiena deritzona aukeratzeko: alde batetik, Aldundiak berak ekintza zehatzak garatzeko eskaintza, diren arrazoiak direla, ez planik ez jarduera zehatzik garatzea aurreikusten duten udalerriei zuzendua. Bestetik, diru laguntza deialdiak luzatzen dira urtero, tokian tokiko bizikidetza esparruko dinamikak finantzatzeko. Datorren astean irekiko da hauek eskatzeko epea, eta martxoak 10 arte aurkeztu ahal izango dute eskaria lurraldeko udalerriek.
Edukiari dagokionez, arlo honetan “lehentasunezko” sei lan ildo identifikatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hauen inguruan egituratzen da Bizikidetza Lantzen: udalbatzan ordezkaritza duten kolore politiko ezberdinen artean elkarrizketa eta akordioa sustatzea; bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak bultzatzea; giza eskubideen esparruan heziketa xede duten ekimenak sustatzea; udaletxetatik biktimei eskaintzen zaion laguntza indartu; memoria politikak garatzea udal esparruan; eta presoen bergizarteratze prozesuei ekarpenak egitea. Hauen inguruan antolatzen dira egun arte abian jarri diren dinamikak eta hemendik aurrera ere martxan jarriko direnak.
2133