“Izaera inbertitzailea, soziala eta berdea” duten 2023ko aurrekontuak, onartuta
“Izaera inbertitzailea, soziala eta berdea” duten 2023ko aurrekontuak, onartuta
EAJ/PNV eta PSE-EEren aldeko botoak jaso ditu aurrekontu arauak; EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak aurka bozkatu dute.
Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak argi berdea eman die gaur Foru Aldundiaren 2023ko aurrekontu orokorrei. Aurrekontu arauak EAJ/PNV eta PSE-EEren aldeko botoak jaso ditu, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak, berriz, kontra bozkatu dute. Onartutakoaren arabera, foru erakundeak 1.129,4 milioi euroko aurrekontu propioa izango du datorren urtean, 2022an baino 87,6 milioi gehiago (+%8,41). Alderdi Popularreko (PP) ordezkari bakarrak gaurko batzarrean parte hartu ez badu ere, negoziazio-prozesuan bost zuzenketa partzial sartu dira, guztiak PPk aurkeztuak eta 375.000 euroko guztizko zenbatekoarekin; horien artean neurri nagusiena da 200.000 euro bideratzea Gipuzkoan I+G+Bko proiektu autonomoak garatzen laguntzeko. Bestalde, ezin izan da akordiorik lortu EH Bildurekin eta Elkarrekin Gipuzkoarekin.
Osoko bilkura normaltasunez egin da eta, amaieran, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak positibotzat jo du hartutako erabakia. Nabarmendu duenez, foru erakundearen historiako aurrekonturik handiena da, “lurraldearen egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko aurrekontua”. Aurrekontua hiru ardatz nagusiren inguruan antolatzen da: eremu soziala, izaera inbertitzailea eta jasangarritasuna. “Etorkizunean etorriko diren erronken aurrean, gure erakundeengan, gure enpresetan eta gure gizartean konfiantza izateko deia egin nahi nuke. Azken urteotan garatu ditugun lankidetza-eremuetan sakonduz, epe labur, ertain eta luzerako zailtasunei erantzuna ematea lortuko dugu”, azpimarratu du, eta aurrekontuak norabide horretan lan egiteko oso tresna garrantzitsuak direla azpimarratu du.
Alor sozialean, Olanok nabarmendu du Aldundiak inoiz baino baliabide gehiago bideratzen dituela eremu horretara. “Alor honetara 495 milioi euro bideratzen ditugu, eta horiei beste 12 milioi gehitu behar zaizkie, Adinberri eta Elkar-EKINera bideratzen direnak. Guztira, urtero 500 milioi euroko muga gainditzen dugu, alor honetara bideratua”, nabarmendu du. Zehazki esanda, Gizarte Politika departamentuko aurrekontua 37,3 milioi euro hazi da (+%8,14) iazkoarekin alderatuta, eta, 2016az geroztik, arlo horren aurrekontua 150 milioi inguru hazi da, “Aldundiaren bokazio sozialaren adierazgarri garbia”. Gainera, kudeaketarako aurrekontu propioaren ia bi eurotik bat gizarte-politiketara bideratzen da, eta biztanle bakoitzeko gastua izugarri hazi da gizarte-politiketan: 2023an 701 euro gipuzkoar bakoitzeko, urte bakar batean 59 euroko gehikuntza pertsona bakoitzeko.
Ekonomiaren alorrean, Olanok gogorarazi du agertoki ekonomikoak ziurgabetasunez beteta jarraitzen duela eta, horren aurrean, Aldundiaren zeregina gure ehun ekonomikoari laguntzea izan behar duela, “ziurtasuna eta konfiantza” sortuz. Arlo horretako zifren artean, 127,8 milioiraino hazi da Ekonomia Sustatzeko Sailaren zuzkidura, 8,9 milioi gehiagorekin (+%7,46), eta 2023an 40,3 milioi euroko inbertsioa proiektu estrategikoetan. Azpimarratu beharreko beste eremuetako bat bide-azpiegiturena da, gehien hazten ari den saila, eta diputatu nagusiak nabarmendu du 2023ko aurrekontuek izaera inbertitzailea duela: guztira, 246,8 milioi bideratu dira inbertsioetara (aurrekontuaren 6. eta 7. kapituluak), 2022an baino 26,8 milioi gehiago ( % 13,61eko igoera), aurrekontuaren hazkundearen gainetik, beraz, Olanok adierazi duenez. “2023an, aurrekontu hauekin, Gipuzkoak jauzi kualitatibo bat eman nahi du etorkizuneko ekonomia eraikitzeko”, errepikatu du.
Azkenik, iraunkortasunaren ardatzean, diputatu nagusiak esan du datorren urteko aurrekontuek “etorkizunera begirako eta jasangarritasunera bideratutako politikak” bermatzen dituztela. Hala, trantsizio ekologikoa sustatzera zuzendutako politikak nabarmendu ditu, energia aurreztearekin eta energia berriztagarrien sustapenarekin zerikusia dutenak, batez ere komunitate eta kooperatiba energetikoen bidez, baita ekonomia zirkularraren eremua ere. Era berean, gogorarazi du Gipuzkoa, Europako erakunde garrantzitsuen eskutik, esperimentazio aurreratuko lurralde bihurtzen ari dela, gizarte, ekonomia eta ingurumen trantsizio iraunkor batera bidean, eta esparru horretan ere nazioarteko erreferente bihurtu nahi duela.
3600