“Kontziliazio erantzunkiderako planaren eraginez Europan buru izango gara berdintasun arloan”
“Kontziliazio erantzunkiderako planaren eraginez Europan buru izango gara berdintasun arloan”
Aldundiak lehenengo Gipuzkoako Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Plana aurkeztu du “etorkizuneko erronka ekonomikoei eta sozialei erantzuteko”
“Ba al zenekiten emakumeek oraindik gizonek baino % 25 gutxiago kobratzen dutela? Ba al zenekiten emakumeek egunero bi ordu gehiago ematen dutela, batez beste, etxeko lanetan? Ba al zenekiten gizonen % 4,5ak bakarrik hartu zuela seme-alabak zaintzeko eszedentzia baimena? Ba al zenekiten etxeko langileen eta mendekotasuna dutenen zaintzaileen % 5a bakarrik direla gizonak? Markel Olano diputatu nagusiak galdera horiek egin ditu, besteak beste, lehenengo Gipuzkoako Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Plana aurkezteko ekitaldian; izan ere, plan horren bitartez, Aldundiak datu horiek itzuli nahi ditu eta Gipuzkoa kokatu lurralde aurreratutakoenen artean berdintasun alorrean. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sartzen den plan horrek aukera eman nahi die herritarrei bizi-ibilbide oso bat garatzeko, “pertsona eta bere ongizatea direlako gobernu honen politika guztien ardatz nagusia”, esan du Olanok.
Planak, “aitzindaria eta asmo handikoa”, hainbat neurri ezartzen ditu “lurraldearen etorkizuneko erronka ekonomiko eta sozialei erantzuteko”. Proiektuak bide-orri bat eta ekintza zehatz batzuk definitzen ditu, eta Aldundiko departamentu desberdinek parte hartu dute ekintza horiek garatzeko prozesuan. Beste neurri batzuen artean, lankidetza programak aktibatuko dira eta enpresa erantzunkideen sareak sortuko dira traktore gisa aritzeko; prestakuntza eskainiko da, gazteei zuzenduta batez ere; kirol jarduerak sustatuko dira, kontziliazioari eta erantzunkidetasunari lotutako kultura garatzeko; ikerketa bekak sortuko dira arlo horretan azterketak egiteko; lan saioak egingo dira udal eta beste erakunde batzuekin; eta zerga onura ere izango da berdintasuna sustatzen duten enpresentzat.
Olanok adierazi duenez kontziliazioa eta erantzunkidetasuna dira "benetako berdintasuna lortzeko gakoak", eta eskubide bat izateaz gain, "funtsezkoa da bizirik irauteko eta etorkizun hobea bermatzeko”. Halaber, azpimarratu du zeregin partekatua izan behar dela, elkarren artean gauzatzeko konpromisoa, eta horrela lortuko dela lurraldeak aurrean duen eraldaketa prozesuari behar bezala erantzutea. Gipuzkoak bi erronka estrategiko ditu aurrean: bata, erronka demografikoa, gero eta zaharragoa den eta belaunaldi erreleborik bermatzen ez duen gizartea duelako, eta, bestea, erronka produktiboa, talentu gehiago eta kudeaketa eredu berriak behar dituen ekonomia duelako eraldaketa prozesuan.
Gipuzkoak gizarte lehiakorra eta jasangarria izan nahi du, eta “ekimen aitzindari honek gizarte aurreratuenen artean jarriko du gure lurraldea”. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, berdintasunaren eta kontziliazioren arloetan aktibatu diren proiektu pilotuekin batera, plan honek emakumeen jabekuntza ekonomikoa sustatu nahi du; izan ere, Olanok adierazi duen bezala, “erronka kritiko bat da, eskubide sozial, indibidual eta kolektiboen eskubideetan oinarritutako gizarte eredu bat eraikitzeko”. Oraindik maskulinizatuta dagoen ekonomia baten aurrean, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa sustatzea da gako nagusia.
Bestalde, Miren Elgarrestak planaren xehetasunak eskaini ditu. Azken urtean zehar prestatutako plana da, eta alor guztietako pertsonek eta eragileek parte hartu dute prozesu horretan (alor akademikoa, enpresa, mugimendu sozialak, komunikabideak, etab.), kontuan hartuta, indarkeria matxistaren aurkako Aurre! Planarekin batera, ekimen garrantzitsuena dela Gipuzkoan berdintasuna sustatzeko.
Proiektu honek arreta berezia jartzen du berdintasunean oinarritutako eredu sozial, ekonomiko eta harremanetakoan aurrera egitea saihesten duten estereotipoen eta kultura erabileren dekonstrukzioan; hori baita inertzia gogorrenetako bat, esan du Elgarrestak. Egoera horri erantzuteko, Aldundiak erantzunkidetasuna erantsi dio kontziliazioaren ohiko ideiari, bi gako berri sartzen baitira: Emakumeek eta gizonek presentzia, erantzukizunak, eskubideak eta obligazioak partekatzen dituzte esparru publikoan zein pribatuan, eta, beraz, etxeko jarduketen eta zaintza lanen banaketak ere ekitatiboa izan behar du.
Ekintza ezberdinen artean, Elgarrestak planaren laugarren ardatz estrategikoa azpimarratu du, hau da, oso ikuspegi aurreratua duen “HerriLAB” izenekoa; izan ere, ardatz horren bitartez lurraldeko udalerri bat aukeratuko da esperimentu-laborategi bihurtzeko, Foru Planean jasotako kontziliazio erantzunkiderako praktika gehienak abian jartze aldera. Datozen asteetan ezagutzera emango dira udalerriaren izena eta proiektu honen irismena, kontuan hartuta bere helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako Gipuzkoako gizarte prototipoa eraikitzea dela.
Planarekin batera, eta garatuko diren ekintzen artean, Miren Elgarrestak gaur aktibatuko den kontziliazio kanpaina aurkeztu du, hainbat sorkuntza lan egin baitira dagoeneko horren inguruan. Aurkezpena egiteko, Elgarrestak Josemi Rico arkitekto eta irakaslearen laguntza izan du, bera baita kontzientziazio kanpainaren protagonista. Ilustrazio desberdinak sortu dira eta hainbat ikus-entzunezko produktu ekoitztu dira, eta horietan guztietan agertzen da Josemiren eguneroko errealitatea, kontziliazio eta erantzunkidetasunaren eredu bikain gisa.
2090