“Aniztasunak aberastu eta indartu egiten du Gipuzkoa etorkizuna begira”
“Aniztasunak aberastu eta indartu egiten du Gipuzkoa etorkizuna begira”
Diputatu nagusiak II. Aniztasuneko Foru Plana aurkeztu du, eskubide berdintasuna eta diskriminaziorik eza helburu; alor honetako eragileekin lankidetzan “jauzi” bat ekarriko du, Aniztasunaren Sarearen sorrerarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko Giza Eskubideen eta aniztasunaren alorreko eragileekin elkarlanean gauzatutako partaidetza prozesu baten ondoren, II. Aniztasuneko Foru Plana onartu berri du, lurraldean eskubide berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzea helburu, “pertsona orok, aniztasunean, beren bizitza modu osoan garatzeko aurkera berdinak” izan ditzaten. Hala adierazi du gaur goizean Tabakaleran egindako ekitaldian Markel Olano diputatu nagusiak, 2022-2024 aldirako onartutako plangintzaren aurkezpenean.
“Aniztasunak aberastu eta indartu egiten gaitu. XXI. mendeko gizartean, nola erantzun behar die Gipuzkoak gure artean ditugun pertsona eta errealitate anitzei? Ezaugarri dugun izaera komunitarioa sendotuz eta bizikidetzan sakonduz, gipuzkoar gizartean dagoen gaitasun eta indar soziala aktibatuz. Horrela bakarrik lortuko dugu gure lurraldean eskubide berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzea; horrela bakarrik lortuko dugu gizarte desberdintasunei aurre egitea”, adierazi du diputatu nagusiak, Kutxa Kultur Plazan elkartutako gizarte eragileen aurrean.
Gaineratu duenez, ideia hori jomuga, “komenigarria ez ezik, ezinbestekoa” da maila guztietako “lankidetzazko gobernantzan” sakontzea eta, bere iritziz, alor horretan “jauzi” bat emango du Gipuzkoak gaur aurkeztutako planarekin. Hain zuzen ere, Aniztasunaren Sarea eratzea ekarriko du plangintza berriak, aniztasunak ordezkatzen dituzten elkarteen eta erakundeen arteko elkarlanerako espazio gisa. Parte hartzeko eta entzuteko espazio gisa antolatuko da, foro ireki moduan, eta aholkuak emateko, kontrastatzeko eta proposamenak egiteko gaitasuna izango du.
10 lerro estrategiko, 21 ekintza zehatz
Helburu horretan sakondu asmoz, Gipuzkoako II. Aniztasuneko Foru Plana 2022-2024 – Eskubide Berdintasuna plangintzak hiru erronka ezartzen ditu. Desafio nagusi horiei lotuta, berriz, 10 lerro estrategiko eta 21 ekintza zehatz ezartzen ditu. Lehen erronka da pertsonak eta herritarrak aniztasunera begira aktibatzen jarraitzea, alor honetan ere Gipuzkoa eredua eraiki asmoz; bigarrena da gizarte zibil antolatuarekin eta aniztasunaren alorreko beste eragile batzuekin maila anitzeko lankidetzazko gobernantzarantz aurrera egitea; eta hirugarren erronka da, azkenik, erakundeon arteko koordinazioa indartzea aniztasunaren eta giza eskubideen eremuan.
Diputatu nagusiak gipuzkoarrak animatu ditu giza eskubideen eta diskriminaziorik ezaren aldeko konpromisoari eustera eta Europan zein Estatuan presente dauden zenbait korronte ideologikok planteatzen dituzten “faltsutze eta eztabaida arrazista, homofobo eta matxisten aurrean erne egotera”. “Lurralde irekia eta modernoa gara, baina erne jarraitu behar dugu gure gizartearen ezaugarri diren bizikidetza, kohesioa eta elkartasuna desagerrarazi nahi dituzten diskurtso populistak bistaratzeko. Horrela bakarrik lortuko dugu Gipuzkoa desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat izatea Europan”, gehitu du.
Ion Gambrak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua” da gizarte zibil eta antolatuak aniztasunaren eta eskubide berdintasunaren sustapeneko politika publikoak eta plangintzak “eraikitzen” parte hartzea. “Ikuspegi eta sentsibilitate desberdinak elkartu nahi ditugu, eta, horregatik, Gipuzkoako elkarte sarean metatutako ezagutza eta esperientzia txertatu nahi izan dugu”, aipatu du.
Partaidetza prozesuan egindako ekarpenen %95, planean
Aniztasuneko II. Foru Plana osatzeko, joan den urteko apiriletik abendura bitartean deliberazio prozesu parte hartzailea garatu zuen Giza Eskubideetako zuzendaritzak. Bertan, 53 erakunde eta elkartetako ordezkariek hartu dute parte –bederatzi udalerri, 32 elkarte, bost erakunde publiko eta bestelako zazpi erakunde–. Eragile horien guztien artean ordezkaturik egon ziren lurraldeko aniztasunak: migrazioen ondoriozko aniztasuna, etniaren ondoriozko aniztasuna, dibertsitate funtzionala eta orientazio sexualaren eta genero-identitatearen ondoriozko aniztasuna.
Hainbat lansaio eta partaidetza jardunaldiren ostean, planari lotutako 91 proposamen jaso dira hilabete horietan. Horietatik %66 azken bertsioan jaso dira (60 proposamen), %29 partzialki jaso dira (26) eta, beraz, modu batean edo bestean proposamenen %95ek bere isla izan du Aniztasuneko II. Foru Planean.
Aniztasuneko Bizikidetzarako I. Foru Planak (2018-2020) honako lau helburu hauek ezarri zituen: aniztasuna eskubideen eta diskriminaziorik ezaren ikuspegitik sustatzea; gizarte kohesioa, diskriminaziorik eza eta bizikidetza sustatzea; sinergiak ahalbidetuko dituzten espazioak eta ekintzak antolatzen eta sortzen laguntzea, eta Gipuzkoan dauden aniztasun mota guztiei modu koherentean erantzutea. Premisa horrekin, 2017tik 2019ra, aniztasuneko bizikidetzako, giza eskubideetako eta gizartea eraldatzeko hezkuntzako 132 proiektu sustatu ziren, 14 azterlan eta ikerketa, gizarte berrikuntzako sei proiektu eta sentsibilizazioko eta gizarte hezkuntzako hainbat kanpaina, besteak beste.
3475