“Lehen sektore sendo bat behar dugu Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko”
“Lehen sektore sendo bat behar dugu Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko”
Markel Olano diputatu nagusiak Gure Lurra kongresuan berretsi du Foru Aldundiak baserritarrekin duen konpromisoa.
500 lagun inguru elkartu dira gaur ‘GURE LURRA. Sembrando futuro’ kongresuan, zeina bultzatzen baitu Foru Aldundiak helburu hauekin: bata, lehen sektorearen errealitatea herritarrei hurbiltzea, eta bestea, Gipuzkoaren ongizaterako beharrezkoa izateaz kontzientziatzea. Baserritarrek, adituek, sektoreko eragileek, ordezkari instituzionalek, askotariko pertsona ospetsuek eta herritarrek, hainbat gogoeta eta esperientzia partekatu dituzte Ezinbestekoak al gara? galderaren inguruan. Irekiera instituzionalean, Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, “Gipuzkoak lehen sektore sendo eta dinamiko bat behar du arrakastaz aurre egiteko etorkizuneko erronkei”, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera “erabakigarria” da lurralde “orekatu, sozial, berde eta lehiakor” bat lortzeko: “Zuen erronkak –adierazi du sektoreko eragileei zuzenduz– gure erronkak dira”.
Olanok gogorarazi duenez, pandemiak “kontzienteago egin gaitu urratsak egin beharraz tokiko ekintzatik mundu jasangarriago baterantz. Eta erronka horretan, lehen sektorea funtsezko eragile bat da. Izan ere, kalitatezko elikagaiak eta lehengaiak bermatzen dizkigu; gure landa-eremuei bizia ematen die; natura-ingurunearen kudeaketa jasangarri bati laguntzen dio; klima-aldaketari aurre egiten laguntzen du; eta gure nortasunaren eta gure paisaiaren parte da”. Ildo horretan, gaineratu du Gure Lurra bezalako topaguneak ezinbestekoak direla, zeren eta “gizarte gero eta urbanizatuago batean, arriskua baitugu garrantzi hori bistatik galtzeko. Gipuzkoako erronka kolektiboei arrakastaz aurre egin nahi badiegu, ezin gara bizi lehen sektoreari bizkarra emanda. Jarraitutasuna errazteko, berak egiten duen lanaren ezagutzan, sentsibilizazioan eta errespetuan eragiten jarraitu behar dugu”.
Diputatu nagusiak berretsi du Foru Aldundiak “konpromisoa” duela arlo hori bultzatzeko politikekin, zeintzuk islatuta baitaude datorren urterako onetsitako aurrekontuetan: “Finkatu egin ditugu landa-garapenera eta natura-ingurunea kudeatzera eta zaintzera bideratutako partidak: guztira, 39 milioi inguru dira, hau da, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko aurrekontuaren ia herena. Era berean, iragarri du foru erakundeak zuzeneko laguntza-lerro bat ordaindu berri diela, 1,18 milioi eurokoa, azpisektore kaltetuenei, zeintzuen artean baitago haragitarako eta esnetarako behi aziendarena, eta gaurko Diputatuen Kontseiluak aurrerapenez onetsi dituela 2022ko dirulaguntzak, 3,6 milioi eta 1,12 milioi, hurrenez hurren, helburutzat dutenak nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzea, eta gazteek enpresa berriak abiaraztea –Gaztenek–.
Azken deialdi horri dagokionez, eta gaurko kongresuan parte hartu duten kirolariak zeharka aipatuz, diputatu nagusiak zehaztu du 40 urtetik beherako 254 lagunek eman dutela jarduera horretarako jauzia, programa abiatu zenetik, eta nabarmendu du beharrezkoa dela “ekintzaileen harrobi bat sortzen jarraitzea, lekukoa har dezaten eta ezinbesteko erreleboa berma dezaten. Erakarri behar ditugu talentua, prestakuntza eta ideia berriak dituzten pertsonak, sektorearen errealitate berrira egokitzen direnak, zeren eta, etorkizuneko baserria oso desberdina izango baita tradizionalki ezagutu dugunaren aldean”.
3 bloke
Hain zuzen ere, belaunaldi-erreleboa eta ekintzailetzaren sustapena izan dira landu diren lehen gaiak, lehen mailako egitarau batean, zeinak askotariko hizlariak eta jarduerak jaso baititu, hiru gai-bloketan banatuta. Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko baserritar gazteek beren esperientziak partekatu dituzte. Gainera, mahai inguru bat antolatu da hiru euskal kirolari ospetsurekin, hala nola Xabi Prieto txuri-urdin ohia, Aintzane Encinas Real Sociedad Bko entrenatzailea, eta Mikel Etxarri Realeko teknikari ohia, zeintzuek azaldu baitituzte beren ibilbide profesionaleko bizipenak eta lehen sektorearekin duten harremana. Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak ezin izan du zuzenean parte hartu, baina bideo baten bidez eman du bere testigantza.
Horiek guztiek lehen sektoreari lotutako balioak nabarmendu dituzte, hala nola "lurrarekiko kontaktua, lana, apaltasuna eta iraunkortasuna", eta errendimendu handiko kirolarekin duten lotura, eta esan dute beren esperientziak bultzatu dituela "gure ingurune naturala eta tokiko produktuak gehiago baloratzera, jarduera horri esker posible baitira". Etxarrik "profesionalizazioaren eta prestakuntzaren garrantzia" azpimarratu du, baita arlo horretan ere; Prietok "haurrak jarduera horretara hurbiltzeko beharra" azpimarratu du, "zerbait nahi eta estimatzeko ezagutu egin behar delako", seme-alabekin etxeko baratzean izandako esperientziaren berri emanez; Arrasatek Berriatuko familiaren baserriaren bidez sektorearekin duen lotura azaldu du, eta jarduerarentzako "babesa" aldarrikatu du, "hozkailua irekitzen dugun edo gure paisaiari begiratzen diogun aldiro, konturatzen baikara zein garrantzitsua den"; Encinasek, bere aldetik, adierazi du" sareko lana eta elkar ezagutzea garrantzitsuak izan direla emakumezkoen futbola bultzatzeko", eta hala direla sektorearen kasuan ere.
Bi baserritar gaztek ere eman dute euren testigantza, Maite Manzisidorrek (Gipuzkoa) eta Iosu Estenagak (Nafarroa). Estenagak zaldiak eta abereak hazten ditu, zainzuriak eta olibondoak landatzeaz gain, eta Manzisidorrek nekazaritza eta abeltzaintza eta nekazaritza turismoa bateragarri egiten ditu. Biek familiaren ustiapenaren ardura hartu dute. Esproncedak adierazi duenez, "belaunaldien arteko erreleboa ezinbestekoa da, herrietan gero eta jende zaharragoa bizi delako, eta gazteak joan egiten direlako. Rara avis bat gara. Errelebo hori beharrezkoa da sektoreko elkarteetan ere". Manzisidorrek gaineratu duenez "baserritarrak gara paisaia zaintzen dugunak eta ezinbesteko elikagaiak ekoizten ditugunak. Egiten duguna maite dugu, baina ekoizten dugunak gaur egun prezio duinik jasotzen ez duen sektore bakarra gara, eta egoera zaila da".
Bigarren blokeak, ‘Hurbiltasuna sustatzen’ izenburupean, balioa eman dio ingurune hurbileneko kalitatezko produktuak edukitzearen garrantziari. Horretarako, Pedro Delgado txirrindulari ohiak parte hartu du. Gainera, aurkeztu da Gipuzkoako Merkatuen Sarea proiektua, Elika Fundazioa buru duena, Arantza Madariaga zuzendari kudeatzailearen eskutik, eta solasaldi bat izan da landa- eta hiri-munduko lagunen artean, batak besteari nola laguntzen dion hizketagai zutela. Hirugarren eta azken atalean –‘Jasangarritasuna bermatzen’–, Alberto Iñurrategi alpinistaren hitzaldia izan da; ahotsa eman zaio ETBko Baserria programari; eta, amaitzeko, hitzaldi bat eman du Santiago de Compostelako Unibertsitateko irakasle eta Galiziako lurren bankuko arduradun Alejandro Sánchez de Diosek, nekazaritza eta basogintza sektorearen jasangarritasunari buruz. Itxiera instituzionalaren ardura izan da Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuarena.
Kursaalen egindako jardunaldian zehar, tailer didaktiko bat ere izan da txikienentzat, natura eta lehen sektorea errespetatu eta aintzat har ditzaten, eta horiek ekartzen dituzten onura guztiak ezagutzeko aukera izan dezaten. Tailer horretan, Donostiako hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartu dute. Kongresura bertaratutakoen artean, erakunde hauetako ordezkari instituzionalak izan dira: Donostia, Aia, Mendaro, Soraluze, Eskoriatza eta Andoaingo udalak, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko eta Arabako aldundiak, landa-garapeneko agentziak, eta ekoizleak biltzen dituzten entitateak.
Kongresuaren laugarren edizioa izan da, iaz pandemiaren ondorioz egin ezin izan zena. Azken edizioak, 2019an egin baitzen, ‘GURE LURRA. Sembrando Futuro' kongresuak ia 500 lagun bildu zituen baita ere. Aurreko legealdian abian jarri zenetik, maila handiko hizlariek parte hartu izan dute, hala nola Rigoberta Menchúk, Toni Nadalek, Odile Rodríguez de la Fuentek, Jesús Callejak, Nel Cañedok, eta Aitor Sánchezek.
2702