‘Lehendabizikoa’ sartu da Oria ibaian, 6,7 kiloko emea
‘Lehendabizikoa’ sartu da Oria ibaian, 6,7 kiloko emea
Espeziea berreskuratzeko plangintzaren barruan, iaz ia 20.000 izokin kume askatu zituen Foru Aldundiak Urumean eta Orian
Herenegun, apirilak 20, Gipuzkoan ‘lehendabizikoa’ sartu zen Oria ibaian, 6,7 kiloko emea. Esan beharra dago ordea, gurean ez dela arrantzatua izan, izan ere izokinaren arrantza debekatuta baitago; Gipuzkoako Foru Aldundiak izokina berreskuratzeko lanetan dihardu duela 27 urte, eta harrapaketa hau espezie honekin urtero egiten dituen lanen baitan dago. Izokina harrapatu, neurtu, pisatu eta markatu ondoren, berriz ere askatu egin da.
Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendariak azaldu duenez, Aldundiak izokina berreskuratzeko plangintza martxan jarri zuen duela hogeita zazpi urte, 1993. Urtean, Urumean, eta bi urte beranduago Orian. Horren barruan, Bidasoako izokinekin hazkuntzarekin lortutako arrainkumeak askatu izan dira Urumean eta Orian. Ibaian izokin arrainkumeen populazioak ikertu, eta Elorrabin (Urumean) eta Orbeldin (Orian) izokin helduen sarrera aztertzen dira. Halaber, habitata hobetu -eskalak eraitsi, ur-emaria bermatu, etab-, eta Irungo arrai-haztegia moldatu eta hobetu. Bestalde, azken urteotan izokina Oiartzun ibaian ere sartzen ari da eta Irungo haztegiko arrainkumeekin birpopulatu da arro hau ere bai.
Ariztimuño pozik agertu da, lan hori “emaitza onak” ematen ari delako “espeziea berreskuratzeko bidean”. Hala, Elorrabin (Urumea), azkenengo 10 urteotan, batez beste, 181 izokin sartu dira urtero. Orbeldin (Oria), berriz, batez beste, 58 ale sartu dira urtero epe berean. 2019. urtean, aipatutako plangintzaren barruan, 10.550 izokin kume askatu ziren Urumean, eta beste 8.782 ale Orian.
Izokin atlantiarra (Salmo salar), kantabriar isurialdean espezie nahikoa arrunta izan zen XIX. mendera arte.Ondoren, industrializazioaren eragina dela eta (uraren kutsadura eta han hemenka eraikitako presen eraginez), Hego Euskal herrian guztiz desagertu zen Bidasoa ibaian ezik (Orian eta Urumean 1940. urte inguruan desagertu zen).
Ibai arrantzale eta oro har ibai ingurunea ezagutu eta maite dutenetzat, urteak joan eta urteak etorri, udaberriro momentu berezia da lehen izokinaren sarrera. Asturiasen, arrantza denboraldia ireki eta harrapatzen den lehen izokinari “Campanu” deitzen diote, eta oihartzun handia izaten du komunikabideetan ale honen salmentak izan ohi duen prezio altua dela eta. Bidasoan “lehendabizikoa” deitzen zaio lehen harrapaketa honi.
3138