"Deskontu berriak pauso handia dira, inflazioa arindu eta mugikortasun jasangarria sustatu nahi delako"
"Deskontu berriak pauso handia dira, inflazioa arindu eta mugikortasun jasangarria sustatu nahi delako"
"Deskontu berriak pauso handia dira, inflazioa arindu eta mugikortasun jasangarria sustatu nahi delako"
Gipuzkoako bidesarien 2023ko deskontu-planak gizartean, ekonomian eta ingurumenean eragiteko helburua du eta 44 milioi euro inguruko aurrezpena suposatuko du erabiltzaileentzat.
Urte berriarekin batera, Gipuzkoako gaitasun handiko errepideen erabiltzaileek deskontu-plan berria izango dute eskura, hala partikularrei nola jarduera ekonomikoei zuzendutako beherapen sorta batekin. Are gehiago, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuaren arabera, plan hau “pauso handia” da, “inflazioaren ondorioak eta erregaien prezioaren igoera arintzen lagunduko duelako, eta, aldi berean, mugikortasun jasangarria sustatuko delako”. Horrela, eta egungo egoera orokorrari begira, Oiarbidek balioa eman nahi izan dio apustu berri horrek BIDEGI-ri suposatuko dion “ahalegin ekonomiko eta tekniko handiari”, eta horrekin batera, “ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez, eragingo duen onura zuzena” azpimarratu du. Hain justu ere, kopurutan 44 milioi euro ingurukoa da bultzada ekonomikoa, Sailak berak herritarrentzako aurrezpen gisa egindako kalkulua, hain zuzen. Oiarbidek azpimarratu duenez, “inpaktu soziala ere nabarmena da”, “BIDEGI-k bere baliabideen bidez lagunduko baitio garraio publikoari eta kolektiboari”.
Diputatuaren hitzetan, “asmo handiko plana da”, baliabideak “herritarren eta enpresen mesederako” erabiltzen baititu, “bizitzaren garestitzeari eta erregaien eta prezioen igoerari aurre egiteko”. Hala, “gaitasun handiko gure errepideak ere lurraldearen kohesio sozialerako eta lehiakortasunerako azpiegiturak diren heinean”, diputatuak azaldu du plana “bultzada berri bat” dela “ekonomikoki lehiakorra, sozialki bidezkoa eta ingurumenaren aldetik jasangarria den Gipuzkoa baten alde”.
Prezioen goraldiari aurre egiteko deskontuak
Horrela, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, Abiatu sistemaren edo antzeko baten (ViaT edo TAG) jabe diren eta BIDEGI-n alta emanda dauden erabiltzaile partikularrak deskontu-sisteman sartuko dira. Beherapenak ibilgailu arinentzako bidesaria duten errepideetako (AP-1, AP-8 eta A-636) erabiltzaile guztiei aplikatuko zaizkie, jatorria edozein dela ere, Gipuzkoatik kanpoko erabiltzaileak barne. Sistema berriaren berrikuntza azpimarragarria da hau, unibertsaltasuna, behin BIDEGI-n alta eman eta gero.
Zehazki, ibilgailu arinen erabiltzaile partikularrek ̶ turismoen, motorren eta furgoneta txikien jabeek ̶ , bi deskontu mota izango dituzte. AP-1ean, AP-8an eta A-636an, maiztasunaren araberako hileko deskontu progresiboa aplikatuko da. Deskontu hori hileko sei joan-etorrietatik aurrera gauzatuko da, % 25eko deskontutik hasi eta % 75era iritsi arte, 21. igarotzetik aurrera. Gastuaren gehieneko muga 35,25 eurokoa izango da 2023 urtean. Gainera, 0,55eko deskontua gehituko da egun berean Irun, Oiartzun, Orio eta Zarauzko geltokietan bi puntu berdinen arteko joan-etorriko bidaia guztietan.
Autonomoek beren jarduera ekonomikoa garatzeko erabiltzen dituzten ibilgailu arinei dagokienez (taxiak edo anbulantziak, esaterako), maiztasunaren araberako deskontua ere aplikatuko da: 21. bidaiatik aurrera % 10etik hasita eta % 13ra artekoa 51. bidaiatik aurrera; Europako Batzordeak baimendutako gehienekoa, hain zuzen. Azken deskontu hauek urrian sartuko dira indarrean.
Jasangarritasuna eta mugikortasun berria
Salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunei dagokienez, bi deskontu-kategoria egongo dira. Mugikortasun berria sustatzeko eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatzeko, gutxiago kutsatzen duten motorrak dituzten ibilgailu astunek deskontu mota berri bat izango dute. Zehazki, ibilgailu elektriko astunek eta gas- edo hidrogeno-motordunek tarifaren % 25eko deskontua izango dute. EURO 6 kategoriako ibilgailuek % 20ko deskontua izango dute tarifan, eta EURO 5 kategoriakoek % 15ekoa. Beherapenen kategoria hori urtarrilean hasiko da aplikatzen A-636 eta N-I/A-15 errepideetan. AP-1 eta AP-8 errepideetan, ordea, urritik aurrera sartuko da indarrean. Alabaina, beherapen honek atzeraeragina izango du eta, horretarako, BIDEGI-n eskatutako dokumentazioa egiaztatu beharko dute garraiolariek eta ordaintzeko gailu telematiko bat beharko da.
Horrez gain, mota horretako ibilgailuek, kamioi ala garabiek, maiztasunagatiko beherapena izango dute, % 13ko mugaraino, lurraldeko gaitasun handiko errepide guztietan. Deskontu hori urritik aurrera egingo da.
Azkenik, plan berriak garraio publikoko eta kolektiboko ibilgailu astunak ere barne hartzen ditu; hau da, autobusak edo mikrobusak. Deskontua % 50ekoa izango da AP-1/A-8 eta A-636 errepideetan, lehen bidaiatik bertatik. Deskontu hori ere urrian sartuko da indarrean, baina urtarriletik aurrera atzeraeragina izango du kasu honetan ere. Era berean, urritik aurrera, garraio kolektiboek maiztasun-deskontua izango dute errepide horietan.
Informazioa eta kudeaketa
Deskontuei eta egin beharreko gestioei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, BIDEGI foru elkarteak gogorarazi du Bezeroaren Arretarako Zerbitzuak Aritzetan dituen bulegoak 08:00etatik 20:00etara daudela irekita, astelehenetik ostiralera. 943 105 106 telefono-zenbakia ere erabiltzaileen eskura jartzen da.
Gestio lanei dagokienez, Aritzetako bulegoak arduratuko dira garraio astunen kasuan egiaztatu beharko den dokumentazioa izapidetzeaz eta balioztatzeaz, urrian ordainduko diren deskontuen atzeraeraginezko onura jaso ahal izateko. Agiri horiek bulego horietan aurkez daitezke dagoeneko.
3435