“Lurralde justu eta kohesionatu gisa aurrera egiteko berdintasunaren aldeko konpromiso berriak behar ditugu”
“Lurralde justu eta kohesionatu gisa aurrera egiteko berdintasunaren aldeko konpromiso berriak behar ditugu”
“Lurralde justu eta kohesionatu gisa aurrera egiteko berdintasunaren aldeko konpromiso berriak behar ditugu”
Gipuzkoako diputatu nagusiak gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko «ahalegin kolektibo eraldatzailea» egiteko deia egin du.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak berretsi egin du gaur Aldundiak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean «aurrerapausoak berriak» egiteko duen konpromisoa, eta lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko guztiei dei egin die «ahalegin kolektibo eraldatzailea» bultzatzen jarrai dezaten, desberdintasuna eta emakumeen gutxiespena eragiten duten «egiturazko arrazoiak» aldatzeko.
«Lurralde kohesionatu, sozialki justu eta moderno gisa sendotu nahi dugu Gipuzkoa, baina hori gauzatzeko ez da posible emakumeek emakume izate hutsagatik desberdintasuna eta diskriminazioa jasaten jarraitzea. Gizarte aurreratu eta solidario bat gara, eta, horregatik, konpromisoak eta neurriak hartzen jarraitu behar dugu gizarte berdinzalago bat sustatzeko, eta zoritxarrez emakumeak kaltetzen jarraitzen duen berdintasun falta desaktibatzeko», adierazi du.
Olanok martxoaren 8aren bezperan egin ditu adierazpen horiek, gaur goizean Askora enpresak Jesuitak ikastetxean abian duen Mahi-Mahi proiektua bertatik bertara ezagutzeko egin duen bisitan. Izan ere, ikastetxe horretan jantokien eta jolastokien kudeaketa-eredu berritzaile bat dute, ikasleak berdintasun eta bizikidetza balioetan heztea helburutzat duena. Askora enpresak Donostiako Portuetxe kalean dituen instalazioetan izan ondoren, diputatu nagusiak eta Berdintasuneko diputatu Miren Elgarrestak ekimen horren dinamikak ezagutu dituzte Donostiako ikastetxe horretako jantokian. Haiekin izan dira Jon Ramos eta Ane Abasolo –Jesuitak ikastetxeko Mahi-Mahi proiektuaren gerentea eta arduradun pedagogikoa, hurrenez hurren– eta Jon Arruti, ikastetxeko zuzendaria.
Diputatu nagusiak Mahi-Mahi proiektuaren sustatzaileak zoriondu ditu, jantokietako kudeaketan, pedagogian eta hezkidetzan «eredu berritzaile» bat sortzen asmatu dutelako, jantokia eta jolastokia diren moduko «funtsezko» espazioetan «berdintasuna eta bizikidetza» balioak bultzatuz, «genero ikuspegia» txertatuz, eta «genero rol tradizionalak» apurtuz. Izan ere, «berdintasuna eta erantzunkidetasuna ikasi egiten dira, baina ez ikasgelan soilik, bizitzako espazio guztietan baizik. Geure egin eta egunerokoan aplikatu behar dituzun balioak dira. Bereziki gizonek urrats bat egin behar dugu aurrera eta erantzunkidetasunarekin konprometitu, gizarteak berdintasunerantz aurrera egin dezan», esan du.
Halaber, Olanok Aldundiak berdintasunaren alorrean bere egin dituen lan ildo nagusiak nabarmendu ditu, hala nola kontziliazio «erantzunkide eta partekatu» bat sustatzea, emakumeen garapen pertsonal eta profesionalerako oztopo diren estereotipoak «desaktibatzea», eta indarkeria matxistaren aurkako borroka, hura baita emakumeei erasaten dien «berdintasunik ezaren adierazlerik muturreko eta mingarriena».
Etorkizuna Eraikiz programaren laguntza
Ikasturte honetan, Mahi-Mahi jantokiko eta jolastokiko haur guztiek rol parte-hartzaile eta aktibo bat hartu dute eskaintzen den zerbitzuan, eta taldeko edo etxeko zenbait jarduera elkarrekin egiten dituzte, hala nola mahaia jarri, kideei janaria banatu, mahaia jaso edota erabili ondoren ingurua garbitu. Jarduera horiek guztiak berdintasuna, parte-hartzea, erantzunkidetasuna eta bizikidetza aintzat hartuz egiten dituzte, gure gizartean hain errotuta dauden arreta eta zaintza feminizatuaren estereotipoetatik aldenduz.
Orobat, Askoraren ekimenaren barruan, eguerdiko atsedenaldia eta jolasgaraia ere heziketarako espazio bilakatzen dira: Denbora-tarte horretan, ikasleen artean beste errealitate eta bizitzeko modu berdinzaleago batzuk hedatzeko eta kontzientzia pizteko jarduerak egiten dituzte, konpromiso handiagoa eta guztion ongizatea bultzatzen dituztenak, inolako genero desberdintasunik gabe. Hala, gaztetxoei askotariko erreferenteak eskaintzen zaizkie, kasu arrakastatsuak eta mugak gainditzeko gai izan direnak, berdintasunezko bizikidetza ereduak eta familiako erantzunkidetasunaren ereduak.
Bestalde, Mahi-Mahi proiektuak tradizionalki feminizatuak izan diren lanak duin bihurtu nahi ditu, jantokietako begiraleen lana kasu. Orobat ahalegintzen da gaztetxoen artean bestelako balio batzuk sustatzen, hala nola autonomia, aniztasuna, lankidetza eta ingurumen kontzientzia.
Mahi-Mahi proiektuak, garapen fasean, Etorkizuna Eraikiz programaren laguntza jaso du, eta Askora Catering y Servicios enpresa Aldundiak programa horren esparruan sustatzen duen Erantzunkide Sarean dago. Sare horrek berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea sustatzeko konpromisoa hartua duten hogeita hamar bat enpresa biltzen ditu. Sare horrek besteak beste Askora enpresaren lana aitortu zuen iaz, arlo horretan egiten dituen praktika aurreratuengatik. Askora 2005ean sortu zen, eta 474 langile ditu gaur egun; horietatik 439 emakumeak dira; departamentu guztietako arduradunak emakumezkoak dira.
1933