“Lurraldea sendo dago aurrera egiten jarraitzeko eta behar dutenei laguntzeko”
“Lurraldea sendo dago aurrera egiten jarraitzeko eta behar dutenei laguntzeko”
Eider Mendoza diputatu nagusiak zerga-bilketari dagokionez Gipuzkoak duen “joera positiboa” azpimarratu du gaur, Batzar Nagusietan 2023an bildutako diruaren emaitzen berri ematean
Gipuzkoak 5.960 milioi euro bildu zituen iaz, hau da, aurreko ekitaldian baino 362 milioi gehiago (+%6,5). Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, datu horien irakurketa positiboa egin du gaur arratsaldean eta gure lurraldeko ekonomia erakusten ari den dinamismoa nabarmendu du, ziurgabetasunak eta nazioarteko testuinguru geopolitiko ezegonkorrak markatutako testuinguru batean. “Adierazle ekonomiko guztiek goranzko joerari eusten diote”, adierazi du, “eta hori albiste ona da gure herritarrentzat eta erakunde autonomoentzat”, gehituz.
Mendozak agerraldia eskaini du gaur arratsaldean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako batzordean, atzo egindako Euskal Finantzen Kontseiluko emaitzen berri emateko. Berarekin izan da Jokin Perona, Ogasun eta Finantza foru diputatua. Diputatu nagusiak adierazi du lurraldeko ekonomiak sendo itxi duela azken ekitaldia eta hori diru-bilketan islatu dela. “Eustaten datuen arabera, langabezia-tasa % 5,4koa da, azken 10 urteetako zifrarik onena; salmentek portaera positiboa erakusten dute, % 2,9ko igoerarekin aurreko urtearen aldean; esportazioei buruzko zifrak ere positiboan amaitu dira, % 0,8, azken hilabeteetako portaera onari esker”.
“Datuak onak dira eta honek erakunde gisa aurrera egiten jarraitzeko behar dugun indarra ematen digu, batez ere gure enpresei eta gure herritarrei, modu berezian zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei, laguntzen jarraitu ahal izateko”, esan du Mendozak. Hala, Aldundiak kolektibo ahulenak babesteko eta enpresei eta pertsona autonomoei beren jarduera finkatzen laguntzeko neurriak hartzeko politikarekin jarraitzen du inflazio-testuinguru batean. Mendozak gogorarazi du “2023an tarifak deflaktatzen jarraitu” duela Aldundiak eta 200 euroko kenkari gehigarriari eutsi zaiola 35.000 eurotik beherako errentak dituzten familientzat”. Era berean, mikroenpresentzako, autonomoentzako, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreentzako eta errepideko garraiolarientzako dirulaguntzak luzatu egin dira”. Ildo horretan, Mendozak gaineratu du, “Aldundiak beharrezko sendotasuna izaten jarraitzen du, etorkizunean zailtasun berriak sortuko balira ere”.
“Ondo egituratutako zerga-sistema dugu, egoera ekonomiko zailei aurre egiten lagundu diguna”, esan du Mendozak. Gainera, azpimarratu du “fiskalitatea tresna egokia dela aberastasuna sortzeko eta, aldi berean, finantza-nahikotasuna emateko Gipuzkoako politika publikoetan aurrera egin ahal izateko, bai gizarte-politikak indartuz, bai herrialdeko proiektu estrategikoak gauzatuz”.
Etorkizuneko erreforma fiskalari begira, Mendozak azpimarratu du garrantzitsua dela egin beharreko hobekuntzetan elkarlanean eta batzarkide talde guztien adostasun zabalarekin lan egitea, epe luzera beharrezkoa den sendotasuna eta segurtasun juridikoa eman ahal izateko, gure ongizate ekonomiko eta sozialean aurrera egiteko.
5,5 milioi euro gehiago Gipuzkoako udalerrientzat
Gipuzkoako udalerriei dagokienez, 2023ko Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik –erakunde horien finantziazio-iturri nagusia–, 614.941.337 euro jasoko dituzte. Aurrekontuan jasotakoa baino 5,5 milioi euro gehiago eta 2022ko likidazioa baino 2 milioi euro gehiago dira. Ondorioz, lurraldeko udalek 5,5 milioi euro gehigarri horiek jasoko dituzte UFFFen hurrengo ordainketan. Jokin Perona Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoak emaitza onekin itxi zuen 2023. urtea zerga bilketari dagokionez, “lurraldeko dinamismo ekonomikoaren isla gisa”, eta, ondorioz, hobekuntza horrek udalen finantzaketari ere mesede egin dio. “Beti esaten dugun bezala, euskal erakunde-sistema arrisku partekatuan oinarrituta dago, onerako eta txarrerako”, gogorarazi du.
Perona lurraldeko udal ordezkariekin elkartu da gaur arratsaldean Donostian egin den Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan, 2023ko UFFFren bilketaren eta likidazioaren berri emateko. Bileran parte hartu dute, Foru Aldundiaren izenean, Peronak berak, Gobernantzako foru diputatu Irune Berasaluzek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Dominguezek, Jasangarritasuneko foru diputatu José Ignacio Asensiok eta Zerga eta Finantza Politikako zuzendari Bittori Zabalak. Eudelen izenean, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Andu Martinez Tolosako alkatea, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkaria izan dira.
Peronak azaldu duenez, “2023an aurreko urteetako joera onak jarraitzen du, diru-bilketari dagokionez, eta, beraz, historiako UFFF handienaren aurrean gaude, 27 milioi eurotan hobetu baitu aurreko errekorra (iaz erregistratutakoa). Hala, 2015etik, pandemiaren urtean izan ezik, UFFFren zuzkidurak goranzko joera erakutsi du, azken urteetan izandako hobekuntza ekonomikoaren ildotik. Peronaren iritziz, baliabide gehigarri horiek guztiek nabarmen hobetu dute lurraldeko udalen finantza-posizioa, eta, azpimarratu duenez, albiste hori benetan positiboa da Gipuzkoa osoarentzat. “Udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira, eta, horregatik, finantzen ikuspegitik indartsu egotea oso albiste ona da gipuzkoarrentzat, eskaintzen dituzten zerbitzuak indartzea esan nahi duelako”. Azkenik, Peronak kudeaketa zuhur eta arduratsuaren aldeko apustuarekin jarraitzeko deia egin die udalei, oraina eta etorkizuna uztartuz, orain arte egin duten bezala.
1481