“Lurraldearen nazioartekotze estrategiari bultzada emateko balio izan du Washingtoneko misioak”
“Lurraldearen nazioartekotze estrategiari bultzada emateko balio izan du Washingtoneko misioak”
Diputatu nagusiak, Markel Olanok, euskal kultura “AEBn bihotzera” eraman izanaren garrantzia balioan jarri du, Smithsonian Folklife Festival-en baitan
Astean zehar Washington-eko Smithsonian Folklife Festival-en parte hartu ostean, Euskadi kultura gonbidatutzat duen topaketa, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, egun hauetan garatutako kultura jarduera eta agenda ekonomikoaren garrantzia azpimarratu ditu. Foru arduraduna Azkoitian izan da gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko bilkura ibiltarian parte hartzen, eta aukera baliatu du Ameriketako Estatu Batuetan igarotako egunen errepasoa egiteko.
Alde batetik, Olanok nabarmendu du “mundu osoko hiritarrei gure hizkuntza eta ohituren aberastasuna ezagutzeko parada emanez Euskadik, kultura eta nazio gisa, Estatu Batuetako hiriburuko National Mall-ean izan duen presentzia”. Diputatu nagusiak, gainera, “antolatutako jardueretan protagonista izateko Estatu Batuetara bidaiatu duten pertsonen lana” eskertu du, bai ere Smithsonian Folklife-ko agenda kulturalaren oinarri izan diren diasporako kideak. “Auzolanean, herri bezala, Estatu Batuetako eta Euskadiko euskaldunek garena Amerikaren bihotzera eman dugu”.
Olanok Donostian 2016ko bizikidetza mezuak Smithsonian Folklife Festival-ean izan duen oihartzunaren garrantzia ere balioan jarri du. “Urte askotan zehar, tamalez, Euskadi indarkeria eta terrorismoarekin lotu izan da. Washington-en euskal gizartearen beste ikuspegi bat eskaini dugu, kulturaren bidetik nola ari garen bizikidetza baketsuan aurrerapausoak ematen.
Nazioartekotzeari bultzada
Bestalde, Olanoren iritziz, astean zehar garatu duten agenda ekonomiko paraleloa “emaitza positiboarekin” itxi da. “Euskadi National Mall-ean egoteak, eta honek hedabidetan izan duen oihartzuna, oinarri garrantzitsua izan da enpresa, think tank, lobby eta administrazio estatubatuarrarekin burutu ditugun bilerentzako”, adierazi du.
“Bide beretik jarraitu behar dugu, gure enpresekin eta gainerako euskal erakundeekin elkarlanean, ahal dugun denean gure industriaren nazioartekotze bide berriak babestu eta sustatuz”
Diputatu nagusiak azaldu duenez, Washingtonen burutu dituzten topaketak, Eusko Jaurlaritzak sustatuak eta Gipuzkoako hainbat enpresen parte hartzearekin, pizgarri dira Foru Aldundia Making Gipuzkoa programaren bidez garatzen ari den nazioartekotze estrategiarentzat. “Bilera denetan gure enpresak babesten saiatu gara, konpainia hauen abantailak erakutsi eta euskal lehiakortasun eredua ezagutarazten”, esan du Olanok. “Bide beretik jarraitu behar dugu, gure enpresekin eta gainerako euskal erakundeekin elkarlanean, ahal dugun denean gure industriaren nazioartekotze bide berriak babestu eta sustatuz”, laburbildu du.
3202