Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 'Marea arrosa' Donostiako kaleetara itzuliko da

'Marea arrosa' Donostiako kaleetara itzuliko da

Katxalin elkarteak “urratsak ematen jarraitzeko” deia egin du, eta bularreko minbizia ikertzeko funtsak bildu nahi ditu, urteroko martxa solidarioaren bidez.

Garbiñe Aramendi eta Maite Peña diputatua.

Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna da eta, urtero bezala, Gipuzkoako Bularreko eta Ginekologiako Minbiziak Kaltetutako Emakumeen elkarteak, Katxalinek, gonbidapena luzatu die gipuzkoar guztiei urriaren 30ean Donostian egingo den ohiko martxa solidarioan "urratsak ematen jarraitzeko". Elkarteak 700 bazkide baino gehiago ditu, eta Garbiñe Aramendi, elkartearen ordezkariak, urteko sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin batera.

         

          Kanpainaren zatirik handiena urriaren 17tik 30era bitartean egingo da, lurraldean zehar banatutako informazio-mahaiekin. Mahai horiei dendak gehituko zaizkie, erakusleihoak apainduko baitituzte. Amaitzeko, urriaren 30ean, "marea arrosak" Donostiako kaleak hartuko ditu berriro ere, zortzigarren edizioan, bularreko minbizia ikusarazteko eta kirola minbiziaz babesteko eta prebenitzeko faktoreetako bat dela aldarrikatzeko.

Maite Peña diputatuak babesa eman dio Katxalin elkarteari; izan ere, elkarte horrek, atsedenik gabe, lanean jarraitzen du bularreko minbizia duten emakumeen errealitateak ikusarazteko, sentsibilizatzeko, babesteko eta laguntzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza Katxalin elkartearekin elkarlanean: “gure laguntza guztia ematen diogu proiektuari, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu, prebentzioa eta laguntza sustatzen” adierazi du diputatuak. Era berean, herritarrei dei egin die, “urtero bezala” martxa solidarioan parte har dezaten; izan ere, “minbiziaren aurkako borroka lasterketa luzea da, eta guztion inplikazioa behar du”.

Diputatuaren hitzetan, Katxalinek “izugarrizko lana” egiten du: gaixotasunaren ikuspegi positiboagoa ematen du, prebentzioa sustatzen du eta minbizia duten emakumeen bizi-kalitatea hobetzen du, informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak eta emozioak kudeatzeko terapiak eginez eta diagnostikatu berri diren emakumeei lagunduz. “Laguntza eta ulermena ematen diezue esperientzia berak igaro dituzten emakumeei eta beren familiei eta ingurukoei; oso lan garrantzitsua eta txalogarria egiten duzue”.

Garbiñe Aramendik eskerrak eman dizkio tokiko merkataritzari, bere erakusleihoetan bularreko minbizia ikusarazten parte hartzeagatik eta laguntzeagatik. Gainera, zehaztu du Katxalinek, hamar informazio-mahairi esker, herritarrengana hurbiltzeko aukera izango duela. Urriaren 18an Azpeitian egongo dira, urriaren19an Donostian, Lasarte-Orian eta Ordizian, urriaren 20an Orion, urriaren 21ean Legazpin eta urriaren 22an, larunbatean, Andoainen, Bergaran, Elgoibarren eta Zumarragan.

Aramendik gogorarazi du Aramendia gozotegiak ere bat egin nahi izan duela Katxalinen kanpainarekin, eta urriaren 17tik 23ra bitartean donut solidarioak egongo direla salgai. Bildutako diruaren zati bat bularreko minbizia ikertzeko erabiliko da.

Amaitzeko, urriaren 30n Katxalinen zazpigarren martxa solidarioa egingo da. 11:00etan hasiko da, eta Alderdi Ederretik abiatuta 4,5 km egingo ditu “marea arrosak” Donostiako kaleetan zehar. Garbiñe Aramendik azpimarratu duenez, “gaixotasunari buruzko irudi positiboa ematen saiatuko gara, sendatzearen intzidentzia handia nabarmenduz eta emakumeak beren osasunaren autozainketaz ardura daitezen saiatuz, ekintza txiki eta errazen bidez, hala nola egunero ariketa pixka bat eginez”.

Inskripzioak Donostiako Apalategi dendan eta Garbera, Urbil, Zarautz, Azkoitia, Eibar, Arrasate, Ordizia eta Tolosako Eroski dendetan egin daitezke. Nolanahi ere, Katxalinen martxa solidarioan parte hartu ezin dutenek ere jarri dezakete beren aletxoa, ‘0 dortsalaren’ inskripzioa eginez. Inskripzio solidarioa da, alegia, 5 euroko edo hortik gorako dohaintza egin daiteke, kontzeptuan “0 dortsala” jarrita, transferentzia baten bidez, kontu korronte honetara:  ES02 2095 5001 0110 6104 1041. Nahiago duenak, hitzartutako punturen batean izena emanez ere lagun dezake. Kasu horretan, kamiseta ofiziala eta dortsal bat eramango ditu, nahiz eta azkenean urriaren 30eko martxa solidarioan ez parte hartu.

  

6253