Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Maskara une oro erabiltzeak bizitzak salbatzea dakar”

“Maskara une oro erabiltzeak bizitzak salbatzea dakar”

Gipuzkoar jende ospetsuak herritarrak animatuko ditu osasun maskara une oro janztera.

2020/07/16

Gizartean ezagunak eta beren arlo profesionalean erreferenteak diren hainbat gipuzkoarrek jendeari dei egingo diote osasun arloko neurriak zorrotz jarraitzera, maskara “une oro» erabiliz, modurik eraginkorrena delakoan elkar ez kutsatzeko eta berragertzeak eragozteko. Kanpainak norbanakoen erantzukizuna areagotu nahi du eta jendea COVID-19aren aurrean inola ere ez erlaxatzera bultzatu, bat eginez euskal erakunde guztiek #MaskaraBeti #SiempreMascarilla goiburuaz abian jarriko dituzten gainerako ekimenekin.

“Maskara erabiltzea eta osasun arloko neurriak zorrotz betetzea: horixe da erarik onena norbera babesteko eta besteak ere babesteko”, adierazi du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta gipuzkoarrei dei egin die “ez ahaztera azken hilabeteotan ikasi behar izan dugun guztia”. “Lurraldean izan diren azken berragertzeek gogorarazten digute birusak gure artean segitzen duela. Gipuzkoak hasiera-hasieratik heldu dio krisi honi komunitate gisa, eta halaxe jarraitu behar dugu: elkartasunez jokatuz, den-denok gure onena jarriz eta erantzukizun pertsonal eta kolektiboaz jokatuz. Arduratsuak izan eta guztien onerako egiteko modurik onena maskara une oro eramatea da, maskara erabiltzeak bizitzak salbatzea dakar”, gehitu du.

Bihartik aurrera jarriko da abian kanpaina eta hainbat arlotan oso ezagunak diren herritarrek parte hartuko dute, kultura, kirol, gastronomia, zientzia eta hedabide arloetakoek, esaterako. Herritarrak kontzientziatzearren maskara jartzeko keinua egingo dutenen artean dira, besteak beste, Pedro Miguel Etxenike fisikari ospetsua, Elena Artzak eta Karlos Arguiñano sukaldariak; Joseina Etxeberria, Xabier Euzkitze, Gabriela Uriarte, Kike Amunarritz, Juan Carlos Etxeberria eta Julian Iantzi komunikatzaileak; Aritz Aranburu surflaria; Real Sociedad taldeko Ane Etxezarreta eta Ander Guevara futbolariak; Richard Oribe igerilaria; Bera Berako eskubaloiko arduraduna, Tati Garmendia; Leire Martínez, Pablo Benegas eta Izaro musikariak; Koldobika Jauregi eskultorea; Aitor Arregi zinemagilea eta Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria; eta Twin Melody ordiziar influenzerrak. 

 

Elkartasuna eta hurbiltasuna

Herritar ezagun horiekin batera, Gipuzkoako diputatu nagusia bera eta foru diputatuak azalduko dira kanpainan. Astearte honetan izandako Diputatuen Kontseiluan, hain zuzen ere, gobernu taldeak pandemiaren gaur egungo egoera aztertu zuen eta foru administrazioan sentsibilizazio soziala areagotzeko ekintzak ugaritzea erabaki zuen. Joan zen astean ere bideo bat zabaldu zuen Aldundiak sare sozialetan eta toki telebistetan, bereziki gazteak animatzeko osasun agintariek emandako segurtasun arauak zorrotz betetzera.

Azkenik, diputatu nagusiak “bere elkartasunik eta hurbiltasunik handiena” adierazi nahi izan die COVID-19aren eraginez senitartekoren bat galdu duten gipuzkoar guztiei, eta bere adorerik handiena transmititu die gaixotasuna jasan duten guztiei, bereziki gaitzaren eragina era larrian pairatu duten guztiei. Orobat, goraipatu ditu hilabeteotan birusari aurre egiten “lehen lerroan” aritu diren profesional guztiak, eta konpromisoa berretsi du kolektibo “zaurgarrienak ahalik eta gehien babestearren” lanean jarraitzeko. “Horiengatik guztiengatik, ezin dugu gure buru erlaxatu, eta arreta osoaz jokatu behar dugu, maskara une oro jarriz”, azpimarratu du.

  

1628