Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Ni Singular Naiz’ ekimenak tokian tokiko merkataritzaren balioak sustatuko ditu eskualdeetan

‘Ni Singular Naiz’ ekimenak tokian tokiko merkataritzaren balioak sustatuko ditu eskualdeetan

Singular Dendak izendatutako 100 establezimendu baino gehiagok hartuko du parte.

Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egindako prentsaurrekoan, Singular Denda izendapena duten Gipuzkoako 100 establezimendu baino gehiagok parte hartzen duen “Ni Singular Naiz” kanpaina aurkeztu dute.

 

Elkarrekin aurkeztu dute ekimena Imanol Lasa Ekonomia Sustapenerako, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Julen Maiz Gipuzkoako Merkatarien Federazioko lehendakariak. “Arlo sozialean oinarritzat dituen balioetan posizionatu nahi dugu Singular Dendak marka, eta hiriko bertako komertzioa balio erantsi berezia eskaintzen diolako baloratzen duen bezeroarekiko konplizitatea sortzea. Izan ere, azken batean, bezeroa berezi sentitzen da gauzak egiteko, bizitzeko eta pentsatzeko modu batekin bat datorren moduan erosita”. Merkatarien Federazioko lehendakariaren ustez, “berezi egiten dituzten produktuei” ikusgarritasuna ematea da kanpainaren beste helburuetako bat. Ostegunean, hilak 26, hasi eta azaroaren 24ra arte iraungo du kanpainak.

 

Establezimendu bakoitzak identifikatzen duen produktu edo zerbitzu hori aukeratu du, komertzioak transmititzen dituen balio horiek dituena, eta dendako ikusteko moduko leku batean egongo da ikusgai, kanpainaren beste elementu batzuekin batera: argi-kutxa bat, “Ni Singular Naiz” poltsa bat eta gaur egun Singular Denda izendapena duten 163 denden gida bat; eskualde bakoitzeko turismo-informazioko guneetan, hoteletan, museoetan eta beste hainbat puntutan kontsultatu ahal izango da gida hori.

 

Gaur emango zaio hasiera kanpainari, Donostian. Singular Dendak markako 43 establezimendu izango dira protagonista astebetez. Horietako 41 Donostiakoak, Oreretako bat eta Hernaniko beste bat. Prentsa-ohar honen amaieran xehatuta dago lehenengo fase honetan parte hartuko duten komertzioen zerrenda. www.singulardendak.com webgunean ere kontsulta daitezke komertzio horien izenak.

 

Datozen zortzi asteotan, udalerri hauek bisitatuko ditu kanpainak: Tolosa, Arrasate, Ordizia, Irun, Azpeitia, Eibar eta Zumarraga. Tokian tokian laster egingo diren deialdietan, kanpainan parte hartzen ari diren eskualdeko Singular Denden berri emango da, eta markaren enbaxadore bat izango du kanpainak eskualde horietako bakoitzean. Maite Eskarmendi kazetaria eta Erreala futbol taldea, gaurko honetan Itxaso Uriarte jokalariak ordezkatua, izango dira Donostiako eskualdeko enbaxadoreak.

Singular Dendak programaren barruan garatuko da kanpaina; programa horren xedea da Gipuzkoako merkataritza bereiztea, profesionalizatzea eta modernizatzea, Gipuzkoako Foru Aldunduko Ekonomia Sustapenerako, Turismoko eta landa-inguruneko departamenduak lagunduta.

Zera nabarmendu du Imanol Lasak: “Gipuzkoa ezaguna da, batez ere, gauzak egiteko modu batengatik, ondorengo balioetan oinarritzen dena: zintzotasuna, kalitatea, talde-lana, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza…Gauza bera esan daiteke Gipuzkoako merkataritzaz ere. Egia da erronka garrantzitsuei aurre egiten ari dela sektorea; hala nola teknologia berriak sartu izana eta belaunaldi arteko erreleboa.  Guk, bide horretan, gauzak erraztu nahi ditugu, eta bidaia-lagun izan, datorren apustua babestuz, etengabeko hobekuntzaren eta bikaintasuna aldeko apustu eginez”.

 

Diputatuaren esanetan, “erritmo bizian ari da bilakatzen ekonomia, eta zaila da erritmo horretara egokitzea. Hori oso agerikoa da komertzioan, batez ere. Baina, bestalde, egia da Gipuzkoako merkataritzak badituela oso markatuta dauden berezko ezaugarriak: Hurbiltasuna, profesionaltasuna, jasangarritasuna, espezializazioa, zerbitzu ona… Horixe da Making Gipuzkoa delakoa, gauzak egiten jakite hori, datozen lau urteotan bultzatzen jarraitu nahi duguna”. Azkenik, tokian tokiko merkataritzak gizarteari egiten dion ekarpena goraipatu du, eta zera azpimarratu: “gure erosketa- eta kontsumo-erabakiak Gipuzkoarako zer eredu ekonomiko eta sozia nahi dugun erabakitzeko tresnak dira. Aprobetxa dezagun”.

 

Lehenengo kanpaina da ‘Ni Singular Naiz’, baina ez azkena.  Julen Maizek adierazi duen bezala, “kanpainak lantzen jarraituko dugu, hirietako tokian tokiko komertzioen berezitasuna nabarmenduko dutenak, haien berezko ezaugarriei balioa emanez, komertzioetako pertsonei balioa emanez, haien egiteko moduari, konpromisoari eta lurraldearekiko inplikazioari. Merkataritzaren eta turismoaren artean sinergia oso interesgarriak sortzeko erronka eta aukera dugu. Erosketa-ibilbide bereziak sortzen ari gara, turistentzako erosketa-esperientzia oso oso bereziekin eta, zergatik ez, baita bertako jendearentzako ere, eta laster izango dugu horiek partekatzeko aukera, hau ere Diputazioarekin lankidetzan”

  

2358