Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Nortasun propioa duen turismo jasangarri eta orekatu baten alde egiten jarraituko du Gipuzkoak”

“Nortasun propioa duen turismo jasangarri eta orekatu baten alde egiten jarraituko du Gipuzkoak”

Lurraldearen sektoreko politika defenditu, eta azken egunotan gertatutako erasoak gaitzetsi ditu Imanol Lasa foru bozeramaileak

2017/08/14

Gipuzkoaren turismo eredua defenditu, eta azken egunotan sektore horretako entitate, kide eta eragileen aurka gertatutako erasoak salatu ditu, gaur, Imanol Lasa Foru Aldundiko bozeramaileak. Sorturi dei egin dio beste horrenbeste egin dezan, eta horrelako ekintzak sustatzeari utz diezaion. “Gisa honetako erasoak guztiok atzean utzi nahi dugun garai batekoak dira. Pintadak, irainak, pankartak…estrategia suntsitzaile baten parte dira, Gipuzkoako gizarteari inolako ekarpenik egiten ez diotenak; eta ez dute balio turismoa hobetzeko. Ez dezagun ahaztu jarduera horrek jaten ematen diola jende askori, eta establezimendu eta enpresa txiki eta ertainei. Badirudi ezker abertzalea etsai baten bila dabilela etengabe, eta oraingo honetan turismoarekin dagoela tematuta, hori bai, zehazki noren kontra eta zergatik egiten ari den azaldu gabe”, deitoratu du.

Lasak eztabaidan parte hartu du, azpimarratuz Gipuzkoa “kalitatezko turismoagatik” nabarmentzen dela, eta horrela ikusten dutela “gure mugetatik harago ere”. “Jendea ez dator gugana low cost eskaintza batek erakarrita, edota eguzki eta hondartza bila, baizik eta gure lurraldearen berezitasunagatik, kultur, historia eta monumentu ondareagatik, paisaia eta naturagatik, edo gastronomiagatik. Gure nortasuna, eta herri mailako estrategia ditugu indargune”. Jazzaldia bezalako ekitaldiei, Bluesari, kontzertuei, Zinemaldiari, Behobia bezalako kirol ospakizunei, Munduko surf txapelketari edo kongresuen turismoari lotutako bisitari kopurua ere nabarmendu du, denboralditik harago bidaiariak erakartzea ahalbidetzen duena.

Adierazi du Gipuzkoak “ondo definitutako turismo politika sendoa” daukala, sektoreko eragile eta elkarte desberdinekin, eta gainerako erakundeekin elkarlanean gauzatutakoa. Horren froga, legealdi honetan Aldundian martxan jarritako hainbat proiektu xehatu ditu: Explore San Sebastian Region markaren sorrera; iaz Donostian zabaldutako Gipuzkoako Turismo Bulegoa, eskualdeen eskaintzaren erakusleiho izateko eta hiriburutik harago turismo fluxuak bideratzeko lanean ari dena; Turismoaren Mahaiaren sorrera, sektoreko ordezkari nagusiak plangintzen diseinuan eta erabakietan kontuan hartzeko; kalitatezko enplegua sustatzea, Turislan azokaren bitartez, edota Ogasuna egiten ari den legez kanpoko pisuen jazarpena, 600 jabek baino gehiagok jaso dutelarik gutuna.

Hainbat erronka azpimarratu ditu ere, hala nola eskualdeetan eta barrualdean turismoa sustatzea, urte sasoi bakarrean ez pilatzea, eta, horri lotuta, “sektorearen profesionalizazioa eta enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea”. Edonola ere, jakinarazi du hartutako neurriak fruituak ematen ari direla dagoeneko norabide horietan. Hala, 2016ko datuei erreparatuta, bidaiari kopurua % 9,8 hazi zen Kostaldean –Donostia kontuan hartu gabe- eta % 8,2 barrualdean, eta hazkundearen ehunekoaren zatirik handiena udako sasoiaz kanpo pilatu zen: “Gainera, ostatu-gau kopuruari begiratzen badiogu, horietatik % 30 baino gehiago Donostiatik kanpo pilatzen dira. Ehuneko hori Bizkaian eta Araban daukatena baino dezente hobea da, eta esan nahi du sektorearen banaketa gero eta orekatuagoa dela gurean”.

Era berean, balioan jarri ditu nekazal turismoak Gipuzkoan duen pisua eta bilakaera positiboa. Aurtengo lehen hilabeteetan, ostatu-gau kopurua % 15 igo da. Gure lurraldea da Euskal Autonomia Erkidegoan mota horretako eskaintzarik zabalena duena, 1.500 plaza baino gehiagorekin, “ahaztu gabe gure baserriei eta lehen sektoreari aukera interesgarria eskaini diela”. Hala eta guztiz ere, Lasarentzat, ezinbestekoa da “Donostiak atzerrian duen erakarpen gaitasunaz baliatzen jarraitzea”, Gipuzkoan dauzkagun beste altxorrak ezagutarazteko. Adibide gisa aipatu ditu Geoparkea, Albaola, Burdinaren Harana, gaztaren ibilbidea Goierrin, edota Inaziar Bidea: “Eskualdeak, eta udalak, sekulako ahalegina egiten ari dira haien baliabideak bultzatzeko, eta merkatu aukera berriak bilatzeko. Gure babesa ematen jarraituko dugu”.

Foru bozeramailearen iritziz, “topikoak” alde batera utzi, eta “dagokion tamainan” neurtu behar da turismoaren fenomenoa Gipuzkoan. “Ezin dugu arinki hitz egin masifikazioaz edo saturazioaz. Egia da Donostian, puntu jakin batzuetan, eta kostako zenbait herritan tentuz jokatu behar dugula, baina halakoetan ere ez da urte osoan gertatzen. Errealitate orokorra ez da hori. Turisten eta biztanleen kopurua alderatzen baditugu, oraindik ere turismoarekin benetako arazoa duten beste herrialde askorengandik urrun gaude. Horrek ez du esan nahi ardurarik gabe jokatu eta etorkizunari begiratu behar ez diogunik, jakina. Etorkizuna planifikatzen jarraituko dugu, jasangarritasun irizpideetan oinarrituta”.

Duela gutxi, unibertsitateekin elkarlanean, Aldundiak Turismoaren Gipuzkoako Behatokia martxan jarri duela gogoratu du Lasak. Behatoki horren helburua da turismoaren hazkuntza arduratsu eta jasangarria bermatuko duen Plan Estrategikoa ezartzeko beharrezkoa den ezagutza izatea; guztia, sektorea planifikatu eta indartzera bideratuta. “Datuekin, estatistikekin, neurketekin eta argudio objektiboekin ekin behar diogun errealitate konplexu baten aurrean gaude. Ez diogu oportunismo politikotik, pankartatik eta eslogan errazetik heldu behar”, argitu du.

 “Asko kontrakoa frogatzen saiatu aurren, Gipuzkoako gizarteak ez du turismoa arazo bezala ikusten eta horren adibide dira Deustuko unibertsitateak edo Diputazioak berak egin dituen ikerketa eta inkesta ezberdinak”, azaldu du Imanol Lasak. “Kontrakoa esango nuke; iazko abenduan egin genuen inkesta sozio-politikoaren arabera, gehiengoak, % 57ak, turismoak uzten dituen diru sarrerak kontuan izanda, fenomeno baikor bat bezala ikusten zuen eta 7,9ko nota ematen zion. Lurraldeko arazo nagusien inguruan galdetuz aurtengo maiatzean egin dugun azken inkestan jasotakoari jaramon egiten badiogu, aipatu ere ez da egiten”, zehaztu du.

Aktibitate ekonomiko guztiek arautu beharreko “ondorioak eta afekzioak” dituztela onartu du foru bozeramaleak eta turismoa ez dela salbuespena, baina, bere iritziz, eztabaida hau “modu lasaian hartu behar da, zorroztasun eta seriotasunarekin, alarmismorik sortu gabe”. Eta zentzu horretan gogoratu ditu pisu turistikoen eskaintza arautzeko erakundeak hartzen ari diren neurriak. Hor kokatuko litzateke Donostiako Udala aztertzen ari den tasa turistikoa; bisitatzen gaituztenek aportatu eta eramaten dutena orekatzen eta azpiegitura eta zerbitzu publikoak ordaintzen lagunduko luke. “Mahai gainean dauden gaiak dira. Erakundeen arteko elkarlanetik heltzen ari gara eta adostasun batera iristea espero dugu”, azaldu du.

Turismoa Gipuzkoan gehien hazi den sektore ekonomikoa izan arren, bere eragin ekonomikoa erlatibizatu du Imanol Lasak eta gogoratu du sektorearen pisua lurraldeko BPGaren % 7,4 ingurukoa dela eta krisiaren aurretik zuen mailan dagoela. “Industria eta  balio erantsi altuko zerbitzuak dira gure motorea, gure etorkizuneko bermea, eta hain zuzen ere, horregaitik  gure eredu ekonomikoa eta gizarte ongizatea bermatzeko Aldundiaren apostu nagusia ildo horretatik doa”, zehaztu du. Nolanahi ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak lehenetsi du turismoaren indarra erabiltzea berrikuntza, ekintzailetasuna edo mugikortasunaren, kulturaren eta IKT-en inguruko garapena lortzeko palanka gisa.

Sorturen gaitasun falta

Azkenik,  konfrontazioa edo ofentsa eragiten duen edozein jarrera baztertu eta behin betiko proposamenak aurkeztuz erakundeetan lan egiteko eskatu dio foru bozeramaleak ezker abertzaleari.  Jaiak ospatzen ari diren Gipuzkoako herri askotan agertu diren kartel eta pintada iraingarriek nabarian  uzten dute akzioak eta eztabaidak modu lasai batean planteatzeko Sortuk duen ezgaitasuna”.

 

  

1585