Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Oroimen historikoan, belaunaldi berriei gure iragana transmititzean jarri nahi dugu arreta”

“Oroimen historikoan, belaunaldi berriei gure iragana transmititzean jarri nahi dugu arreta”

Maribel Vaquero Bizikidetza zuzendariak aurreratu duenez, Aldundiak 132.000 euroko diru laguntza deialdia ireki du oroimen historikorako

Maribekl Vaquero

Oroimen historikoa ikertu eta landu, egia azalera atera eta belaunaldi berriei transmititu, “gazteek gure herriko historia ezagutu dezaten”. Hauexek lirateke Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunak memoria historikoaren arloan, Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendariak  gaur azaldu duenez. Helburu hauei jarraiki aurkeztu du foru arduradunak aurtengo oroimen historikoko diru laguntza deialdia, 132.000 euro baino gehiago dituena. “Aldundiarentzat egia ezagutzea, justizia eta erreparazioa ezinbesteko helburuak dira, eta berriro errepika ez dadin, lan berezia egin nahi dugu ikerketan eta transmisioan”, adierazi du Vaquerok.

            Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaria Donostian agertu da, Igone Virtorekin batera, Irungo udaleko Gizarte Ongizatea, Hezkuntza eta Gazteria saileko zuzendariak. Vaquerok gogoratu duenez, iazko apirilean Oroimenaren Mapa aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak bi helburu nagusirekin: oroimenaren arloan orain arte “egindakoaren mapa” osatu, eta horren arabera, egin gabe dagoena identifikatu eta “egia” ezagutzeko zer egin behar den planifikatu. Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak iraganean jazotakoa berreskuratu eta gizarteratzearen garrantzian jarri du azpimarra, “memoria eraiki eta osatzen jarraitzea baita ez-errepikapenerako bermerik onena”.

Vaquerok azaldu duenez, deialdia aste honetan ireki da, eta eskaerak aurkezteko epea 2017ko maiatzaren 15ean amaituko da. Bi lan lerrotan banatzen da: alde batetik, udalentzako lerroa, 50.000 eurotakoa eta bestetik, elkarteei zuzendutako 82.200 eurotako  beste lerro bat. Azaldu duenez, lehen lerrora 12 proiektu aurkeztu ziren pasa den urtean, guztira 15 udal (lau udalek proiektu bateratua aurkeztu baitzuten). Elkarte memorialisten kasuan, berriz, 21 proiekturentzako diru laguntzak esleitu ziren, ikerketa eta transmisioaren esparruetan gehienbat. 

21 proiektu hauen artean dago Orbel Haizea ekimena. Irungo Udalak duen programa hau 2012an martxan jarri zen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du bitarte honetan. Frankismo garaian egon ziren giza eskubideen urraketaren transmisio historikoa gazteei bultzatzen duen proiektua da Orbel Haizea. “Kontzentrazio esparruen inguruan eta, bereziki, Gurs-eko kontzentrazio gunearen inguruan lan egiten dugu eta gazteei helarazten diegu bertan jazotakoa”, azaldu du Igone Virto proiektuaren arduradunak.

“Gazteek Gerra Zibila eta diktadura ezagutu zuten pertsonen zuzeneko testigantzak ezagutzeko aukera dute lehen fase batean. Bigarrenean, Gurs-era bidaiatzen dute bertako kontzentrazio zelaia ezagutzeko”, gehitu du Virtok. “Ikerketa eta transmisioa ezinbestekoak dira guretzat. Gertatutakoaren ikerketa historikoa zein politikoa egitea ezin bestekoa dela uste dugu, gure herriaren historia ezagutzeko”, azpimarratu du bere aldetik Maribel Vaquero, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak.

Emakumea eta memoria

Vaquero zuzendariak azaldu duenez orain artean gehien landutako gaiak frankismoaren biktimak, gerra garaia eta frankismoa izan dira, eta gutxien, emakumea, euskara, erbestea eta Euskadiko gudontzidia. “Hori dela eta, saiatu gara, deialdietan eta zuzenean lagundu dugun proiektuetan gai hauetan azpimarra jartzen”, azpimarratu du Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak. “Memoria osoa izan nahi badugu, oroimen historiko osoa jazo behar dugu, ahaztuen ahotsa barne hartzen duena”, berretsi du.

2015tik aurrera gabezia hau betetzeko zenbait neurri hartu dira. Alde batetik diru laguntza lerroetan emakumearen papera bereziki aintzat hartzea eskatu da. Honen emaitza, 2016an banatutako laguntzetan, elkarteek aurkeztutako 21 proiektuetatik, 6 proiektuk emakumea oinarri izan dute. Eta bestetik, zuzenean emakumearen ikuspegia barneratzen duten proiektuak diruz lagundu dira: Emeek emana erakusketa eta Ama nora goaz? berriki aurkeztu den dokumentala. Bietan, emakumeek bizitako eta lehen pertsonan kontatutako bizipenak jasotzen dira.

  

1530