«Oroimena bihotzean gordetzen da»
«Oroimena bihotzean gordetzen da»
Aldundiak eta Afagi elkarteak Alzheimerraren Mundu Eguna dela eta antolatutako programazioa aurkeztu dute.
Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Koldo Aulestia Afagiko lehendakariak irailaren 21ean Alzheimerraren Mundu Eguna dela eta urtero antolatzen den kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Aurtengo leloa hau da: «Oroimena bihotzean gordetzen da». Lelo horrekin nabarmendu nahi da alzheimerra gaixoen adimen gaitasuna eta oroimena murrizten joaten bada ere, badagoela toki bat, «poetikoki bihotza deitzen dioguna, non emozioek bere horretan dirauten, bizirik. Toki bat non umetako abestiak, lagunen begirada, edo senitartekoen laztanak gordetzen diren» adierazi du Aulestiak. Era berean, diputatuak gizartearen kontzientziazioa areagotzeak duen garrantzia nabarmendu du, Gipuzkoan 12.000 pertsonatik gora jasaten duten gaixotasun honi «modu egokian heltzeko eta arreta osoa eskaintzeko».
Maite Peñak adierazi du «ezinbestekoa» dela elkarlanean aritzea alzheimerra «gaixoen eta inguruko pertsonen eskubideen, autonomiaren eta duintasunaren errespetua» oinarri duen ikuspuntu batetik aztertzeko. Diputatuak gaineratu du «lanean jarraitu behar dugula, alderdi guztietatik, gaixoei ez ezik senitartekoei eta zaintzaileei ere arreta osoa eskaintzeko». Esan dugun bezala, adituek «XXI. mendeko epidemia» deitu izan duten gaixotasun honek 12.000 pertsonari, eta, ondorioz, 36.000 familiako zaintzaileri erasaten die gaur egun Gipuzkoan, baina aurreikuspenen arabera, 2050. urtean «36.000 pertsonari eta 108.000 familiako zaintzaileri erasango die. Aurreikuspen horiek oso kontuan hartzen ditugu eta benetan lagungarriak dira gizarte politikak diseinatzen jarraitzeko. Nolanahi ere, gizarte kontzientzia areagotzeko lanean jarraitu behar dugu sentsibilizazioa, gizarte inplikazioa eta ikerketa sustatuz» esan du Maite Peñak.
Alzheimerra ikusarazteko asmoz, Afagik prestatutako kanpaina irailaren 18an hasiko da, alzheimerrarekin bizitzeari buruz Oñatin emango den hitzaldi batekin, eta Zarautzen amaituko da, urriaren 25ean eskainiko den ‘Ahantzitako Oroitzapenak’ kontzertu antzeztuarekin. Bitarte horretan hainbat ekitaldi egingo dira Gipuzkoan zehar (Irun, Hondarribia, Eibar, Mutriku, Elgoibar, Oñati, Donostia, Ordizia, Pasai Donibane, Errenteria, Tolosa, Orio eta Zarautz): adituen hitzaldiak, bi zineforum, ‘Oroimenean’ ikus-entzunezkoa, mahai inguruak eta ‘Invisible Beauty’ dantza ikuskizuna Afagi elkartearen eta Ai Do Project dantza konpainiaren eskutik. Ekitaldi horien artean nabarmentzekoa da irailaren 21ean, Alzheimerraren Mundu Egunarekin batera, Kontxako pasealekuan eguerdiko 12:00etan egingo den VII. Giza Kate Solidarioa, egun hori aukeratu baitzuten Munduko Osasun Erakundeak eta Alzheimerraren Nazioarteko Federazioak alzheimerraren eguna ospatzeko.
Aulestiak jakinarazi du, aurten ere, antolatutako programa bitarteko, alzheimerrari bere osotasunean heltzea bermatzeko «beharrezko» kontzientzia aldarrikatu nahi dela, erakundeen, elkarteen eta gizartearen lankidetza oinarritzat hartuta. Aulestiak zein Peñak prebentzioaren garrantzia azpimarratu dute, eta jarraitu beharreko bidea gaixotasunari aurrea hartzea dela adierazi dute: «Alzheimerra bereziki eta dementzia guztiak orokorrean mendekotasunaren kausa nagusiak dira, eta, horregatik, lortu nahi dugun helburuetako bat da diagnostiko zehatz eta goiztiarra egitea, lehen sintomak gaixotasuna azaleratu baino askoz lehenago gertatzen baitira» gogorarazi du diputatuak.
Halaber, Aulestiak nabarmendu du ezinbestekoa dela Alzheimerraren Plan Nazionala garatzea, zeina Ministerioan aurkeztu baitzuen bere garaian alzheimerraren inguruan lanean ari diren eragile eta elkarteek eta zenbait erakunde publikok osatzen duten Dementzien Estatuko Taldeak. Amaitzeko, Maite Peñak parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak eta espero du jendea antolatutako ekintzetan inplikatzea eta parte hartzea «gizarte guztia kontzientziatu beharra dagoelako gaixotasun honi aurre egiteak dakartzan beharrei erantzuteko».
1882