“Pandemiari aurre egiteko garaian, boluntario sarea da Gipuzkoaren aktibo nagusietakoa”
“Pandemiari aurre egiteko garaian, boluntario sarea da Gipuzkoaren aktibo nagusietakoa”
Begisare elkarteak jaso du 2020ko Boluntario saria, diputatu nagusiaren eskutik, ikusmen desgaitasuna eta pigmentu erretinosia duten pertsonen alde 23 urtez egindako lan eskergagatik.
“Eskuzabaltasuna, konpromisoa, elkarlana eta gizarte kohesioa” bezalako balioak bere egin eta zabaltzeagatik banatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiak Boluntariotza Saria, zeinek saritu duen aurten Begisare elkarteak ikusmen urritasuna eta pigmentu erretinosia duten pertsonen alde 23 urtez egindako lan eskerga. “Zuen lanarekin ekarpen izugarria egin diozue lurralde kohesiotu eta sozialki aurreratu baten aldeko lanari” aitortu du diputatu nagusiak, Markel Olano, gaur goizean foru jauregian egindako ekitaldian.
“Amaitzear gauden urtea gogorra izaten ari da benetan. Pandemiaren ondorioei aurre egiteko garaian, behar sozialak biderkatu diren honetan, boluntarioak izan dira gizarte krisialdi honi aurre egiteko garaian izan dugun eta daukagun aktibo nagusienetako bat”, azpimarratu du Olanok. Gogoratu duenez, 40.000 boluntario baino gehiago daude Gipuzkoan, guztiak ere “kolektibo ahulenei lagundu eta babesteko lanerako prest” daudenak. “Horren erakusle esanguratsuenetako bat dugu Begisare, bere ibilbideak erakusten duen moduan”, gehitu du.
Horregatik guztiagatik, bere “esker ona eta aitortza osoa” eskaini die diputatu nagusiak Gipuzkoako boluntario eta elkarte guztiei. “Guztiok asko ikasi dugu 2020 honetan eta irakaspen nagusietako bat hori da, zeinen garrantzitsua den gizarte sare sendo bat edukitzea, tamaina honetan gizarte krisialdi bati aurre egiteko”, aipatu du. “Etorkizunean ere” hala izan dadin, Olanok dei egin du “elkarlanari eustera”, Gipuzkoak aurrera egiten jarrai dezan “desberdintasunen aurkako borrokan eta gizarte kohesioren aldeko lanean sakontzen”.
a
Maite Peñak, Gizarte Politikako diputatuak, esker onezko hitzak izan ditu Begisarerentzat, baita ere. “Ongi merezitako saria” dela azpimarratu du, “boluntariotza bultzatzeaz” gain, boluntarioak direlako elkarte honen “bihotza”. “Ezer bueltan espero gabe, besteen bizitza hobetzeko egiten duzuelako lan. Eta hori, bihotzez, txalogarria da. Gainera, Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu du ikusmen desgaitasun larria duten boluntarioek beraiek kudeatzen eta gauzatzen dituztela Begisareko proiektuak, “eta horrek erakusten du edozein pertsona izan daitekeela boluntario, eta ez dagoela oztoporik besteei laguntzeko”.
Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariaren helburua, lan sozialagatik eta boluntariotzari bultzada emateagatik nabarmendu diren pertsona eta erakunde sozialen ibilbidea publikoki aitortzea da, horrela, gero eta solidarioagoa den Gipuzkoa bat sortzen lagunduz. Foru Aldundiko ohorezko Jargi aretoan jaso dute saria Begisareko ordezkariek, omenaldi xume baina sentitu batean. Ekitaldian egon zitezkeen pertsonen kopurua mugatua izan denez, ekitaldia streaming bidez jarraitzeko modua izan dute herritarrek.
Begisare elkartearen hautagaitza Biodonostiako Neurozientzia arloko Adolfo López de Munáinek aurkeztu du, bere lanaren balioa nabarmentzeko eta ikusmen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen egindako ibilbide luzea aitortzeko. Izan ere, bi hamarkadatik gorako ibilbidea boluntariotzari estu lotuta dago: ikusmen murriztuko pertsonek beraiek aukeratzen dituzte kondizio bera duten beste pertsona batzuk baliabidez hornitzeko estrategiak.
Gipuzkoan 15.000 pertsona inguruk dute ikusmen urria, eta 200 pertsonak, berriz, erretinosi pigmentarioa. Begisarek arreta integrala eskaintzen die ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei eta haien ingurukoei, ikerketa bultzatzen du Donostia Ospitaleko oftalmologia-zerbitzuaren eta Biodonostia Institutuaren eskutik, eta oso lan garrantzitsua egiten du gizarte-sentsibilizazioan, lurraldean jada finkatuta dauden kanpaina ugariren bidez. Kanpaina horien helburua da kaltetutako pertsonak eta horiek tratatzen eta ikertzen dituzten profesionalak ikusaraztea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak duela 26 urte sortu zuen Gipuzkoako Boluntariotza Saria, Gipuzkoako Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko. Azken urteetako irabazleak honako hauek izan dira: AGIPAD (1999), ACASGI (2000), Gipuzkoako pentsiodunen elkartea (2001), Nagusilan (2002), Karitateko alabak (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006), Juan María Garitano (2007), Izan fundazioa – Gizakia helburu (2008), Behar Bidasoa (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Esperantzaren telefonoa (2011), Laringektomizatuen elkartea (2012), Odol emaileen elkartea (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako elikagaien bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019).
1558