Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Parke naturalak ongizatearen eta oreka berdearen iturri dira Gipuzkoan”

“Parke naturalak ongizatearen eta oreka berdearen iturri dira Gipuzkoan”

Gipuzkoako Parke Naturalen ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-potentzialaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea helburu dituen egunak aurkeztu ditu Foru Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gure ingurunea ezagutu, maitatu eta zaintzea harmonian eta lurralde-oreka berdea bermatuz da Gipuzkoako Parke Naturalen egunen helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Gipuzkoako Parke Naturalen sarea osatzen duten lau udalerrirekin lankidetzan garatu da. Ekimenak ingurune natural horrek eskaintzen duen aberastasuna herritarrei ezagutaraztea bilatzen du, jasangarritasunaren alderdi hirukoitza -soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa-, kontuan hartuta.

Lurralde Oreka berdeko diputatuak, Xabier Arrutik, gaur goizean ekimena aurkezteko prentsaurrekoan adierazi duenez, “Gipuzkoako azaleraren % 15 gure lau parke naturalei dagokie: Aizkorri-Aratz, Aiako-Harria, Aralar eta Pagoeta. Gure biodibertsitatea zaintzeari, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera bultzatzeari eta gure aisialdiaz gozatzeari dagokionez, garrantzi estrategikoa duten lau bitxi dira”. Bere hitzetan, “parke natural horiek jasangarritasunari dagokionez harmonia perfektua irudikatzen dute”. Horrela, “ingurune honetan nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera eta basa-bizitzak elkarri mesede egiten diotela azaldu du, eta horrek, aldi berean, gure komunitate gipuzkoarraren ongizaterako eta aisialdi osasungarrirako giro egokia, segurua eta osasuntsua izatea dakar”.

Ekimenari erreferentzia eginez, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak nabarmendu du egun horietarako antolatutako jardueren helburua dela natur parkeek kontserbazio naturalaren eta jarduera sozioekonomikoaren ikuspegitik duten potentziala erakustea, eta, aldi berean, gure ingurunearen zaintzan kontzientzia sortzea. Arrutiren hitzetan, “ekintza honekin haratago joan nahi dugu, ingurumenaren zaintza eta lehen sektoreak garatzen duen jarduera txanpon beraren bi aldeak direla erakutsi nahi dugu: lurralde oreka berdearena. Gure baserritarrek egunero egiten dituzten lanek gure basoak eta gure ingurune naturala zaintzen dituzte. Era berean, larreak irekitzearekin batera, urtero, 44.000 abelburu igotzen dira gure larreetara, haien jarduerak ingurua garbitzea eta ongarritzea bermatzen du, landaretza sukoia murrizten du eta baso-suteak izateko arriskua prebenitzen du”.

Parke Naturalen egunak larreetako artzaintza-garaiarekin batera ospatzen dira, eta, horrela, jardueren programa aurrera eramateko, lau gune berezi aukeratu dira, bertara hurbiltzen denak inguruko biodibertsitatearen eta abeltzaintza-jardueraren arteko sinbiosiaz gozatzeko.

Gipuzkoako Parke Naturalen Eguna

Egun horien formatua antzekoa izango da lau kasuetako bakoitzean. Hasiera batean, parte-hartzaileak parke natural bakoitzaren barruan ezarritako topagune batean bilduko dira, handik gainerako jarduerak egingo diren gunera joan ahal izateko.

Programatutako ekintzen artean, abereen eta artaldeen funtzionamendua eta zaintza azaltzeko saioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Basabizi basa-fauna berreskuratzeko zentroan zonaldeko biodibertsitatea zaintzeari dagokionez egiten ari diren lanaren azalpenak nabarmentzen dira.

Parte hartzaileek palankarien erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izango dute. Euskal Herriko kirol hau, metalezko barra bat, palanka deritzona, ahalik eta urrutien jaurtizea du helburu XVIII. eta XIX. mendeetan oso hedatua zegoen gure lurraldean.

Eguna Et-Incarnatus musikarekin amaituko da, Migel Zeberioren zuzendaritzapean, Parke Naturalen Egun bakoitzaren arabera aldatuko delarik errepertorioa, eta inguruko gazta dastatu eta erosteko parada ere egongo da.

Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, gaur prentsaurrekoan ere parte hartu duten Aia, Ataun, Oiartzun eta Zegamako alkateen laguntza eta lana eskertu du, “haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen egun hau antolatzea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet egindako ekarpenagatik”.

Intereseko informazioa:

Parke Naturalen eguna ospatzeko datak eta lekuak honako hauek dira:

- Igandea, maiatzak 26: Aiako Harria (Oieleku, Oiartzun)

- Igandea, ekainak 2: Aizkorri-Aratz (Garagartza, Arabako eta Gipuzkoako Partzuegoa)

- Larunbata, ekainak 8: Pagoeta (Iturrarangaña, Aia)

- Igandea, ekainak 16: Aralar (Esnaurreta-Pikueta, Enirio-Aralarko Mankomunitatea)

 

Ospakizuna egiten den egunetan ezin izango da eremura ibilgailu partikularrarekin hurbildu, baimenik ezean. Gipuzkoako Foru Aldundiak doako autobus zerbitzua jarri du parte hartu nahi duen pertsona ororen eskura. Izango den autobus zerbitzu honi buruzko informazio gehiago eta bera erabili ahal izateko izen emateari buruzko informazioa webgune honetan izango da eskuragarri ospakizunaren aurreko astetik aurrera: https://www.gipuzkoanatura.eus

Zuzenean joanez gero, oinez ibilbidea egiteko elkartzeko puntuak ondokoak izango dira:

- Aiako-Harria: Kausoro, Uzpuru, Karrika Auzoa.

- Aizkorri-Aratz: Otsaurte

- Pagoeta: Aiako plaza

- Aralar: Lizarrusti

  

2221