“Sakona da Jose Maria Setienek gure herrian utzitako arrastoa”
“Sakona da Jose Maria Setienek gure herrian utzitako arrastoa”
Markel Olanok doluminak agertu dizkie Donostiako Gotzain emerituaren senitarteko eta lagunei, eta Gipuzkoako Elizari
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, bere “atsekabea eta samina” azaldu ditu gaur, Donostiako Elizbarrutiko Gotzain emeritu Jose Maria Setien Alberroren (Hernani, 1928) heriotzaren berri izandakoan. “Lehen mailako erreferente etiko eta intelektual bat joan zaigu. Sakona eta aberatsa izan da euskal gizarteari elizgizon gisa egin dion ekarpena eta sakona da gure herrian utzitako arrastoa”, adierazi du diputatu nagusiak, nabarmenduz baita ere Setienek “bizikidetzaren eta gizarte justuago baten alde egindako lan nekaezina. Lider sozial eta espiritual bat joan zaigu”.
1979ko otsailaren 17tik 2000ko urtarrilaren 13ra Donostiako Gotzain izana, 2003ko abenduaren 23an Gipuzkoako Urrezko domina jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, egiaren eta giza eskubideen alde egindako lanagatik. Urte hartan domina jaso zuten, baita ere, Iñaki Gabilondo kazetari donostiarrak eta Juan Celaya enpresari eta euskaltzale oñatiarrak.
Diputatu Nagusiak doluminak agertu dizkie Setienen senitarteko eta lagunei, nahiz Gipuzkoako Elizari. “Bere bizitzako jardunean, Gipuzkoa eta Euskadiko herriak bizitako kezka, arazo eta errealitateari erreparatu zien eta, gizartearen parte den Eliza baten ordezkari nagusi gisa, honen zauri eta saminekiko gertutasuna erakutsi zuen bizi guztian zehar. Arazo horien aurrean bere lana, ahalmena, gogoeta eta ekintza bideratuz, gainera”, gogoan hartu du Olanok. “Bere hautua izan zen gizartearen ezinegon sozial, ekonomiko, politiko eta kulturaletatik gertu kokatzea”, aipatu du.
Bereziki nabarmendu nahi izan du Diputatu Nagusiak “giza eskubideen urraketa ororen” eta bortizkeria gainditzeko “arnas luzeko konponbide baten alde” Setienek erakutsitako “jarrera zorrotz bezain hausnartua”, hainbat eta hainbat “irain eta kritika bidegabe” eramatera jaso zituena. Bestetik, Olanok gogoratu duenez, gizarte mailan Gipuzkoako gizarteak sufritu izan dituen hainbat errealitate gogorri aurre egin eta egitasmo berritzaileak martxan jarri zituen, beti ere “kolektibo ahul eta behartsuenen alde egiteko eta haien duintasuna bermatzeko”.
1655