Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Senegalek lidergo sozial handia erakutsi du desberdintasunei aurre egiteko

Senegalek lidergo sozial handia erakutsi du desberdintasunei aurre egiteko

Gipuzkoaren helburua bere laguntzen % 20 Saharaz hegoaldeko lankidetzan inbertitzea da.

2018/07/10

Bertako eragileek ezarritako irizpideetatik abiatuta, Gipuzkoaren helburua bere laguntzen % 20 Saharaz hegoaldeko lankidetzan inbertitzea da.

Senegalera bidaia ofiziala egin ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak esperientziaren, sortutako aliantzen eta bisitatutako proiektuen balantze oso positiboa egin du. Denis Itxaso Kultura eta Lankidetza Departamentuko foru diputatua «oso pozik» agertu da «Saharaz hegoaldeko eskualdean foru laguntza jasotzen duten ingurumen eta osasun proiektuek izandako emaitza positiboengatik», eta adierazi du interes handia duela ezagutu dituzten beste programa batzuk ere laguntzeko, adibidez, Dakarreko emakume ekintzaileen elkartearena.

«Gipuzkoak konpromiso handiagoa behar du Afrikarekin, eta nazioarteko lankidetzara bideratutako baliabide gehiago erabili behar ditu Saharaz hegoaldeko eskualdean; izan ere, horren baitan dago Senegal moduko herrialdeak bizitza eta ekonomia aukerak eskaintzen dituzten ingurune erakargarri bihurtzea, milaka hiritarren bizi-proiektuak garatu ahal izateko».

«Senegaleko energiak funtsezko bi oinarri ditu: emakumeak eta gazteak. Bi taldeek borondate handia erakutsi dute herrialdearen garapena oztopatzen duten desberdintasunei aurre egiteko, eta lankidetzan ari diren Europako eragileekin ados jartzeko garapen lokalari lagunduko dioten proiektuak garatzeko asmoz. Senegaleko gizarteak oso argi utzi digu badakiela zer nahi duen, eta badakiela nola konbentzitu behar dituen gazteak bidaia klandestinoak egin ez ditzaten. Laguntza eskatu digute, baina beren etorkizunaren jabe eta beren proiektuen gidari izan nahi dute». 

«Gazte eta emakume batzuek lehentasunen eta jarraitu beharreko bidearen berri eman digute: sexu eta ugalketa osasuna eta heziketa, sexu-transmisioko gaixotasunak geldiarazteko; kultura eta balioak emakumeen eta LGTB kolektiboen diskriminazioari muga jartzeko; eta ingurumen-borroka, laborantzak eta arrantza bermatzeko, horiei esker lortuko baita landa eremuetako garapen lokala, ekonomikoa eta elikadurazkoa». Bertako eragileen ikuspegi hori garbi edukita eta hura errespetatzeko asmoz, Gipuzkoak, bidaia horren ondoren, diru laguntzen dekretuak egokitzeko konpromisoa hartu du, Saharaz hegoaldeko Afrikan diru laguntza publikoak nabarmen igotzeko, hurrengo bi urteetan Aldundiaren laguntza humanitario globalaren % 20 gutxienez izan dadin». 

  

1393