“Soilik epe motzeko ikuspegia” dutenen aurrean, Ezkioko lotunearen aldeko jarrera berretsi du Mendozak, “Gipuzkoaren eta gure herriaren etorkizunaren defentsan”
Volver “Soilik epe motzeko ikuspegia” dutenen aurrean, Ezkioko lotunearen aldeko jarrera berretsi du Mendozak, “Gipuzkoaren eta gure herriaren etorkizunaren defentsan”
“Soilik epe motzeko ikuspegia” dutenen aurrean, Ezkioko lotunearen aldeko jarrera berretsi du Mendozak, “Gipuzkoaren eta gure herriaren etorkizunaren defentsan”
Gipuzkoako diputatu nagusiak dei egin dio Madrili Altsasu eta Ezkio-Itsaso arteko tarteko laginak burutu ditzan; “Ministerioari eskatzen diogu argitasuna, informazioa eta ez dadila erabakia epe laburrean pentsatuz bakarrik hartu”, gehitu du.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, “epe luzeko begirada” eskatu du Euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko lotura erabakitzeko garaian, “arinkeriaz” egindako eta “epe motzeko ikuspegian” oinarritutako jarreren aurrean. Halako jokabideak hizpide hartuta, konexio hori Ezkio-Itsasoko geltokian gauzatzearen aldeko jarrera berretsi du eta aurreratu du “irmotasunez” jarraituko duela “Gipuzkoaren eta gure herriaren etorkizunaren defentsan”. Horregatik, Madrili dei egin dio Altsasu eta Ezkio-Itsasoren arteko laginak burutu ditzan eta eskatu dio “argitasuna, informazioa eta ez dadila erabakia epe laburrean pentsatuz bakarrik hartu”.
Diputatuen Kontseiluko erabakien berri eman eta aktualitateko gaiak jorratzeko eskainitako prentsaurrekoan, diputatu nagusiak gogorarazi du Ezkio-Itsasoko lotura “laburragoa eta, denborak murrizten dituelako, lehiakorragoa” dela. “Beraz, deskarbonizazioan gehiago eragingo du, errepidetik ibilgailu gehiago aterako dituelako. Gainera, ingurumenaren ikuspegitik, inpaktua txikiagoa da eta ez du saturazio arriskurik. Eta hala ere badira eraikitzearen kostu ekonomikoan soilik zentratzen direnak”, gogoeta egin du. “Hori akats larria litzateke”, bere iritziz, eta hori dela eta “beharrezko” jo du gaia epe luzeko begiradarekin lantzeko, datozen “150 urteetara begira herrialdearen apustu estrategikoa” delako. “Funtsezkoa da Gipuzkoaren eta Euskadiren etorkizunerako. Mediterraneoarekin, arku atlantikoarekin eta Europarekin modu iraunkor eta azkarrean lotuko gaituen azpiegituraz ari gara”, gehitu du.
Azken egunotako adierazpenen norabidea ikusita, bestalde, Eider Mendozak bilera eskatu dio Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroari, Aldundiaren posizioaren berri aurrez aurre eman ahal izateko.
Zerga erreforma
Zerga erreformari dagokionez, akordioak lortzeko bidean urratsak emateko “prestutasuna eta ardura partekatua” eskaini die diputatu nagusiak oposizioko alderdiei. “Foru Arauan proposatu ditugun neurriek zuzenean eragiten diete herritarren ongizateari eta gure enpresa txiki eta ertainen etorkizunari”, gogoratu du.
Mendozak baieztatu duenez, oraingoz Elkarrekin Podemos eta PPren proposamen zehatzen berri izan dute, ez horrela EH Bilduren kasuan. “Lehen bidek eragin garrantzitsua izango lukete Ogasunaren ikuspegitik. EH Bilduren ideia nagusiak ezagutzen ditugu, baina oraindik ez dugu proposamen zehatzik jaso. Baina zehatz-mehatz aztertuko dugu hori ere”, gehitu du.
Hori horrela, negoziaketa “konplexua” izango dela iradoki du. Edonola ere, “beti bezala buru-belarri adostasunak lortzen saiatzeko konpromisoa” hartu du. “Fiskalitateak bi helburu ditu: gizartearen eta ekonomiaren alorreko desafioetan eragitea, batetik, eta zerbitzu publikoei sendo eusteko baliabideak lortzea, bestetik. Bi ikuspegi horien inguruko oreka bilatu behar dugu eta horretan saiatuko gara”, laburbildu du
Euskara sustatzeko diru-laguntzak
Diputatuen Kontseiluko erabakien artean, berriz, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak kudeatzen dituen dirulaguntza lerroen oinarri arautzaile orokorrak onartu dira gaurkoan, baita horietako bakoitzaren berariazko oinarriak ere. Honako hauek dira sustatu nahi diren lan lerroak: euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak (elkarteak); itzulpen praktikak egiteko bekak; eta informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz sortu eta hedatzeko proiektuak (IKT eragileak). Guztira, 610.517 euro bideratu dira laguntza lerro honetara.
Diputatu nagusiak emandako datuen arabera, pasa den urtean, diru-laguntza deialdi honi esker, alor horietan 73 proiektu finantzatzen lagundu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, betiere euskararen sustapenarekin lotutakoak. Euskara sustatzeko proiektu eta jardueren lerroari dagokionean, 39 elkarte lagundu ziren diruz. Azkenik, IKTak erabiliz, edukiak euskaraz sortu eta hedatzeko proiektuen kasuan, alor honetako 34 eragileri lagundu zitzaion diruz.
Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez betetzen du Azaroaren 24ko 10/1982 Legeak agindutako sustapen lan hori, euskararen erabilera sozialaren esparruan lanean ari diren elkarteei, erakundeei eta norbanakoei dirulaguntzak emanez.
“Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahia eta asmoa da herrialdearen errealitate soziolinguistikoarekin bat etortzea Foru Aldundiaren hizkuntza jarduerak eta euskararen sustapenerako garatuko dituen ekimenak”, esan du Mendozak. “Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo du Foru Aldundiak, bere jardueran euskarari lehentasuna emanaz eta euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzeko urratsak indartuz. Euskara da gure komunitate izaeraren ardatz nagusietako bat, gipuzkoar gizartea kohesionatzen duen balio nagusietako bat. Horregatik, erabilera sozialean eta digitalean, euskaraz berdintasunez aritu ahal izateko ekimenak babesten ari gara eta horretan jarraituko dugu buru-belarri”, borobildu du.
Zibersegurtasuna indartzeko laguntzak
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak 400.000 euroko dirulaguntza onartu du Gipuzkoako industria enpresetan zibersegurtasuna indartzeko laguntzetarako, Gipuzkoako enpresa sareak digitalizazioaren erronkei segurtasun bermeekin aurre egiteko duen gaitasuna sendotzeko.
2025eko deialdiak aurreko urteetan ezarritako bi laguntza ildoei eusten die. Alde batetik, enpresetan zibersegurtasun industrialaren analisia egitera zuzendutakoa, aurten Europako araudiaren arabera beharrezkoak diren ziurtagiriak lortzeko laguntza barne hartzen duena. Bestalde, produktu industrial ziberseguruak garatzera bideratutakoa, segurtasun digitalaren arloko Europako estandarrak betetzen direla bermatzeko.
Laguntza horietara bideratutako aurrekontua bi jarduera-ildoen artean banatuko da. Enpresetako zibersegurtasun lerroak 265.000 euro izango ditu, eta produktu industrial
ziberseguruak garatzera bideratutakoak, berriz, 135.000 euro. Oinarri arautzaile espezifikoak eta deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.
Diputatu nagusiak nabarmendu du digitalizazioak aukera handiak irekitzen dituela, lurraldeko enpresentzat lehiakortasunerako funtsezko faktorea eta Gipuzkoaren etorkizunerako sektore estrategikoa delako, baina, era berean, berekin dakarrela “behar bezala kudeatu beharreko arrisku berriak”. Ildo horretan, azpimarratu du deialdi berria 2026tik aurrera elementu digitalak dituzten produktuetarako zibersegurtasun baldintzak arautuko dituen Europako erregulazio berriaren barruan dagoela. Programa horren bidez, Aldundiak erraztu egiten du Gipuzkoako enpresa-sarea eskakizun berri horietara egokitzea, eta indartu egiten du enpresa-ingurune seguruago, erresilienteago eta lehiakorrago baten aldeko apustua.
Era berean, Mendozak gogorarazi du, estrategia horren ildotik, Aldundiak buru-belarri jarraitzen duela ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren bitartez, laguntzak enpresen benetako beharretara egokitzeko eta babes digitaleko neurri aurreratuak hartzea sustatzeko.
4053