“Susperraldia pertsona guztiengana eta ekonomiako sektore guztiengana iristea dugu jomugan”
“Susperraldia pertsona guztiengana eta ekonomiako sektore guztiengana iristea dugu jomugan”
Foru gobernuak 2022ko aurrekontu proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan; 1.042 milioi eurorekin, inoizko zuzkidurarik handiena izango da.
Foru gobernuak Gipuzkoako Aldundiaren 2022ko aurrekontu proiektua aurkeztuko du gaur eta bihar Batzar Nagusietan. 1.042 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du eta Markel Olano buru duen exekutiboaren helburua da, “pandemiaren hilabeterik gogorrenen ondoren, susperraldia pertsona denengana eta ekonomiako sektore guztiengana iristea”. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak eman dio hasiera sailetako agerraldiei, eta datorren urteko partidek “kutsu sozial, berde eta ekonomiko argia” dutela adierazi du.
Izan ere, foru diputatuak adierazi duenez, foru aurrekontuaren hazkunde “esanguratsuari” esker, Aldundiak “tresna boteretsu” bat izango du “ekonomia suspertzeko” eta “desberdintasun sozialei muga” jartzeko. Ildo horretan, gogorarazi du “gizarte-zerbitzuen errefortzua” nabarmena izango dela Gizarte Politikako departamentura bideratuko diren 455 milioi euroei esker; horiei, gainera, Adinberri eta Elkar Ekin egitasmoei zuzendutako beste 10 milioi gehitu behar zaizkie. Horrek esan nahi du biztanle bakoitzeko atal horretara bideratutako gastua 642 eurokoa dela gipuzkoar bakoitzeko. Kopuru hori lehen aldiz lortu da eta “gizarteko pertsona ahulenak babesteko eta pandemiaren ondorioak gehien jasan dituztenei laguntzeko balioko du”.
Era berean, Peronak nabarmendu du Ekonomia Sustapeneko sailak “hazkunde garrantzitsua” izan duela, inbertsioen eta etorkizuneko proiektu estrategikoen aldeko “apustu argia” eginez. Azken horietara 41,8 milioi euro bideratuko dira, digitalizaziora bideratutako partidak ahaztu gabe, 39 milioiko aurreikuspenarekin. Foru diputatuaren hitzetan, “iraunkortasunaren ardatza ere argi eta garbi indartuko da”; izan ere, foru diputatuak azpimarratu du aurrekontuek “etorkizunari begirako orientazio sendoa” dutela, “Gipuzkoaren geroa eraikitzeko oinarriak jartzen jarraitu nahi baitute, lurraldearen erronkei lankidetzatik aurre eginez, gizarte justuagoa, berdeagoa eta lehiakorragoa eraikiz”.
Ogasuna eta Finantzak
Ogasun eta Finantzetako departamentuaren kasuan, datorren urtean 55,1 milioi euroko zuzkidura izango du. Aurtengoarekin alderatuta, 5,6 milioi euroko jaitsiera (-%9,2) ekarriko du honek. Hala ere, Perona diputatuak azaldu duenez, beherakada hau azaltzen duena da 2021eko aurrekontuan txertatu zen GHKrentzako 8 milioi euroko mailegua. “Hau da, zerbait puntuala zen eta hori alde batera utzita, gure departamentuaren zuzkidura hazi egin da”, zehaztu du. Igoera hori, giza baliabideak eta digitalizazioaren arloak indartzera bideratuko da.
Foru arduradunak azpimarratu duenez, 2022an ere ahalegin berezia egingo du departamentuak digitalizazioaren arloan, 10 milioi inguru inbertituko baitira bertan, azken urteetan mantentzen den “ahalegina”. “Erakunde moderno eta aurreratua izan nahi dugu, irisgarria, gardena. Teknologiaren aldeko apustu irmoa ari gara egiten, herritarrei kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzeko eta hauek zerga administrazioarekin aritzeko ahalik eta erraztasun gehien izan ditzaten”, azaldu du.
Testuinguru horretan, nabarmendu du berebiziko garrantzia izango duela TicketBAI proiektuak. “Zerbitzuaren hobekuntza, digitalizazioan sakontzea eta zerga iruzurraren kontrako borrokan aurrerapauso erraldoia ematea ahalbidetako digu”, adierazi du Peronak. Gaineratu duenez, 2022 urtean 1,2 milioi euro gehiago bideratu dira arlo honetara eta, honez gain, proiektu hau martxan jartzeko jarri diren kenkarietan ere jarri du azpimarra. “Lurralde bezala daukagun erronka da eta, Ogasunak gaur gaurkoz esku artean duen proiekturik garrantzitsuena da”, nabarmendu du.
Diputatu nagusiaren kabinetea
Diputatu nagusiaren kabineteko zuzendaritzei dagokienez, aurrekontuak indartu dira Gipuzkoa sozialago, berdeago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiteko helburu partekatuari ekarpen garrantzitsua egiteko. Horretarako, Etorkizuna Eraikizen zeharkako irismena eta izaera hedatzen jarraitzeko lan egingo dute zuzendaritzek eta, aldi berean, klima-aldaketaren aurkako borrokan beharrezkoa den eraldaketa soziala eta ekonomikoa sustatuko dute, bai eta lurraldean gizarte, genero eta hizkuntza desberdintasunak areagotzea saihesteko politika publikoak indartzea ere.
Ikuspegi estrategiko horrekin, ahaldun nagusiaren kabineteak 25.664.425 milioi euroko partida globala du aurrekontu proiektuan, hau da, % 4,74ko igoera izan du aurreko urtearekin alderatuz (1.162.373 milioi gehiago). Hazkunde horren arrazoi nagusia Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako Zentroa (553.000 euro) abian jartzea da, baita Climate KICekin eta hainbat eragile sozial eta ekonomikorekin batera Gipuzkoa Deep Demonstration (900.000 euro) proiektuaren inguruan egindako apustua ere.
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak, lehen aipatutako erreferentziako zentroaz gain, ahalegin berezia egingo du euskararen erabilera soziala bultzatzeko laguntzen deialdietan (571.680 euro) –datorren urtean Euskaraldiaren edizio berri bat egitea aurreikusten da, hain zuzen ere–, bai eta eremu sozio-ekonomikoan euskara sustatzeko deialdietan ere (60.000 euro). Berdintasunerako Zuzendaritzak % 6,97ko aurrekontua du, eta Etorkizuna Eraikizen esparruan emakumeen etxeei buruzko lurralde-proiektuaren garapenean jarriko du azpimarra datorren urtean, EHUrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin batera ikerketa lana abiatuz, eta indarkeria matxistaren aurreko prebentzioa eta erantzuna indartuko ditu.
Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzatik, datorren urteko partidak, memoria historikoa, bizikidetza eta kultura demokratikoa sustatzeko ekimen berriak aurreikusteaz gain, datozen hilabeteetan onartuko den Giza Eskubideen eta Aniztasunaren II. Plana aplikatzera eta abian jartzera bideratuta egongo dira. Azkenik, Estrategiaren foru zuzendaritzak Etorkizuna Eraikizen ekosistemari bultzada berri bat emateko lan egingo du, bereziki zeharkako izaerari dagokionez.
Gobernantza
Gobernantzako departamentuaren kasuan, 64,8 milioi euroko zuzkidura izango du datorren urtean, aurten baino 3 milioi euro gehiago (+%4,8). Mendoza diputatuak azaldu duenez, jarraipeneko aurrekontua izango da eta igoera, batez ere, digitalizazioaren arloa indartzera bideratuko da. “IZFE foru sozietatearen bitartez ari gara digitalizazioaren arloan sakontzen eta, hori dela eta, datorren urtean 2,3 milioi euro gehiago jarriko ditugu esparru horretan”, azaldu du.
Foru diputatuak azaldu duenez, departamentuak esku artean duen desafio nagusia da Aldundiaren transformazio prozesuari jarraipena ematea, “XXI. mendeko administrazio moderno eta aurreratua izaten jarraitzeko”. “Gipuzkoarrek dituzten beharrei erantzutera bideratutako administrazioa gara eta izan behar dugu, eta dituzten behar berriei erantzuteko gai dena”, esan du. Horretarako, giza zein teknologia baliabidetan sakontzen jarraituko du Gobernantza departamentuak, Funtzio Publiko eta Zerbitzuen Berrikuntza eta Eraldaketaren zuzendaritzaren bitartez.
Herritarren Partaidetzaren kasuan, Aurrekontu Irekietara bideratutako partidak hazi egingo dira –handitu egin da udalentzako (%40 gehiago) eta elkarteentzako (%73 gehiago) diru-laguntzetarako zuzkidura– eta, gainera, berritasun gisa, datorren urtetik aurrera proiektuak finantzatzeko kreditua bi urtetan esleituko dela (2022-2023). “Honela, herritarrek hautatutako proiektuek epe luzeagoa izango dute proiektuak gauzatzeko, eta horrek proiektuak ahalik eta hobekien kudeatzea ekarriko du”, azaldu du Mendozak. Azkenik, Suaren aurkako babes eta sorospeneko zuzendaritzaren kasuan, hazkunde bat aurreikusten da autoeskala berrietan inbertsioak egiteko, suhiltzaileen flota berritzearekin departamentuak duen konpromiso argiaren lekuko.
Ingurumena eta Obra Hidraulikoak
“Aurrekontu hauek krisiaren irteera bidezko eta berdea bermatzen dute”, adierazi du Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako bigarren diputatu nagusiordeak eta Ingurumen diputatuak, adierazi duenez. “Batetik, trantsizio ekologikoaren alde egingo dugu, proiektu zehatzak eta baliabide ekonomikoak izango dituena, Gipuzkoa lehiakor eta jasangarrirantz aurrera egin ahal izateko; eta, bestetik, zerbitzu publikoen eta gizarte-politiken kalitatea bermatuko duten gizarte-aurrekontuak egingo ditugu, sektore ahulenei eta pandemian gaizkien pasatu duten langileei arreta eskaintzeko. Azken finean, egungo eta etorkizuneko belaunaldien ongizatearen eta bizi-kalitatea bermatuko duten aurrekontuak dira.”
Ildo horretatik, foru diputatuak adierazi du Ingurumen eta Obra Hidraulikoak izan dela hazkunde handiena izan duen departamentua, aurreko ekitaldian baino %23 gehiago. Aurrekontuaren gehikuntza hori trantsizio ekologikoko ereduetara eta lankidetza publiko pribatuko ereduetara eramango da, horiek baitira Itun berdean eta Next Generation funtsetan ezarritako giltzarria. Eredu berri horiek “Gipuzkoari, gure enpresei, gure komertzioari eta gure herritarrei baliabide ekonomiko gehiago iritsiko zaizkiela ziurtatuko dute, azken batean, gure ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko, baina, batez ere, gure ekonomian tokiko enplegua sortzeko eta gure gazteentzat aukera berriak bultzatzeko” gehitu du diputatuak.
Ingurumen Departamentuak aurrekontua egokitu du, Next Generationetik datozen Europako funtsak Gipuzkoara berreskuratze eta erresilientzia mekanismoaren bidez iritsiko direla ziurtatzeko aukera emango duten proiektuak bultzatzeko. 2021. urtean hasi diren eta 2022. eta 2023. urteetan gauzatzen jarraituko duten proiektu horien artean, hauek dira, besteak beste: Berrerabilpenerako Prestakuntza Zentroak 1.700.000 euroko ekarpena izango du eta 250 lanpostu berri sortuko ditu; Gipuzkoak hidrogeno berdearen eta garraioaren deskarbonizazioaren aldeko apustua egingo du GHKn milioi baten bitartez, eta Ekonomia Zirkularreko Plastikoaren Berrikuntza Gunea sustatuko du. Gune hori Zumarragan kokatuko da eta beste milioi bat erabiliko da horretarako.
Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea
Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko departamentuak 122.054.102 euroko aurrekontua izango du, iaz baino %5,81 gehiago igoera, alegia. Aipatzekoa da 2021ean jada kontuek %39ko gorakada izan zutela eta Jabier Larrañaga diputatuak nabarmendu duenez, Aldundiak “jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua indartzeko konpromisoa sendotu” du. “Egoera ekonomiko globalaren konplexutasunak, lehengaien eta energiaren garestitzea bezalako mehatxuekin, hornidura arazoekin edo COVID-19aren gorakadarekin, iaz egindako apustuarekin jarraitzeko beharra eta egokitasuna berresten digute. Aurrekontu hauek premisa argia dute: susperraldia sendotzea, krisiak zigortutako pertsonak eta sektoreak babestuz, gure lehiakortasuna indartuz eta etorkizuneko ekonomia eraikiz”, laburbildu du.
Ildo horretan, azpimarratu behar dira ‘Lurraldearekiko Konpromisoa’ programan izandako igoera, 26,7 milioi guztira, zeinek hartzen dituen bere baitan sektore kaltetuenei, ekintzaileei, talentuari, etorkizuneko enpleguari edo lehiakortasun programei laguntzera bideratutako partidak; eraldaketa digitalaren bultzadarako 5,3 milioiak –1,4 gehiago–, ‘Gipuzkoa 4.0: fabrikazio aurreratua’ programarako, alegia; I+G+b sarea eta oro har berrikuntza bultzatzera bideratu diren 6,5 milioiak –900.000 euro–; eta lurraldeko proiektu estrategikoak sustatzeko gordetako 34 milioiak, Mubil (21 milioi), Adinberri (4,6), Elkar EKIN (3), Ziur (1), teknologia kuantikoak (1) eta terapia aurreratuak (500.000 euro).
Bestalde, turismoa garatzeko politikek ere gora egin dute zuzkiduran, 3,9 milioi eurora iritsiz. Ardatz nagusi gisa, lehentasunezko merkatuetan sustapena eta digitalizazioa sustatuko dira. Lehen sektorera bideratutako programek ere gora egiten dute, natura ingurunearen kudeaketak edo lurralde orekak 39 milioi inguruko aurrekontua izango dute. Belaunaldien arteko erreleboa, nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna, animalien osasuna, banda zabal ultra-lasterraren hedapena, udalerri txikien bizi-kalitatea hobetzea, natura-ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea eta basoen kudeaketa iraunkorra izango dira lehentasunezko ekintza-eremuetako batzuk.
3443