Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Ukrainar herriarekin gaude eta egongo gara aurrerantzean ere, behar den denbora guztian”

“Ukrainar herriarekin gaude eta egongo gara aurrerantzean ere, behar den denbora guztian”

Eider Mendoza diputatu nagusiak Gipuzkoan bizi diren ukrainar herritar talde bati harrera egin die gaur arratsaldean, Errusiak hasitako inbasioaren bigarren urteurrenaren atarian.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza diputatu nagusiak Gipuzkoan bizi den Ukrainako herritar talde bati harrera egin dio gaur arratsaldean Foru Aldundian, Errusiak orain dela bi urte hasitako Ukrainako inbasio gerraren urteurrenaren atarian. “Larunbatekoa data beltza da”, aipatu du, Putinek “alde bakarrez eta modu bidegabean” hasitako inbasioarekin bat, ukrainarren artean “heriotzak, erbestea eta sufrimendua” hedatu zirelako, gogorarazi du Mendozak, eta horregatik guztiagatik “elkartasun osoa” adierazi dio Ukrainako herriari. Horrekin batera, diputatu nagusiak aldarrikatu du ukrainar herritarrek beren “etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko eskubidea eta zilegitasuna” dutela, inolako “mehatxu edo erasorik gabe”.

Harreraz gain, ukrainar talde honetako kideen testigantzak eta haien egoeraren berri zuzena edukitzeko aukera izan du diputatu nagusiak bilera batean. Topaketan parte hartu dute, baita ere, Ion Gambra, Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, eta Ucrania-Euskadi elkarteko ordezkariek.

“Gipuzkoak aspalditik elkartasun lotura sendoak ditu Ukrainarekin. Inbasio bidegabea hasi zenetik une oro egin dugun moduan, gure elkartasuna adierazi nahi diogu ukrainar herriari, oro har, eta gure artean bizi diren ukrainar herritarrei; zuekin gaude eta zuekin egongo gara behar den denbora guztian”, aldarrikatu du. Gerra hastearekin bat, ukrainar herritar eta errefuxiatuen aldeko “olatu solidario indartsua” sortu zuen gure lurraldean. “Orduz geroztik, makina bat familia eta hainbat elkarte errefuxiatuen alde beren ekarpena egiten ari da Gipuzkoan eta ahalegin hori aitortu eta goraipatu nahiko nuke, baita ere”, gehitu du.

Mendozak gogoan izan ditu, baita ere, azken bi urte hauetan, munduko beste hainbat puntutan ere “herritar zibilen sufrimendua” eragin duten gatazkak, Ivan Illarramendi euskal herritarraren hilketa ekarri zuten atentatuak eta Gazatik “etengabe iristen zaizkigun irudi izugarriak”, horren lekuko. Hori dela eta “elkartasuna” adierazi die Gazan “biolentzia bidegabea eta giza eskubideen urraketak” jasaten ari diren herritarrei. Eta, aldi berean, Europako Batasunari eta nazioarteko komunitateari eskatu die munduan “autoritasmoari eta bortizkeriari aurre egin” diezaioten, “nazioarteko legedia betearaziz eta gerra nahiz giza eskubideen urraketa oro” geratzeko “erabaki irmoak” hartuz.

  

1149