Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gizarte solidarioa eta konprometitua gizarte-kohesiorako aktibo nagusietako bat da”

“Gizarte solidarioa eta konprometitua gizarte-kohesiorako aktibo nagusietako bat da”

Markel Olano diputatu nagusiak ATECEri, Hartutako Kalte Zerebralaren Elkarteari, eman dio Gipuzkoako 2022ko Boluntariotza Saria.

Talde argazkia.

ATECE Hartutako Kalte Zerebralaren Gipuzkoako Elkarteak, Markel Olano diputatu nagusiaren eskutik jaso du 2022ko Boluntariotza Saria, gaur arratsaldean foru jauregian egin den ekitaldi batean. Ekitaldi horrek balio izan du elkarteak azken 28 urteetan egindako lanaren aitorpen kolektiboa egiteko. Egunerokoan boluntariotza sustatzeaz gain, ATECEk ia 30 urte daramatza kalte zerebrala pairatzen duten pertsonek bizi duten errealitatea ikusarazten eta gizartea horren inguruan sentsibilizatzen.


“Gizarte solidarioa eta konprometitua da Gipuzkoak duen aktibo nagusietako bat bere gizarte kohesioari eusteko eta gizarte desberdintasunen aurka borrokatzeko. 40.000 boluntariok baino gehiagok modu altruistan eskaintzen dute beren denbora, gainerako biztanleen eta komunitatearen mesedetan. Gipuzkoako gizarteak balio handia hartzen duen muskulu solidario bat du, are gehiago gaur egungoa bezalako une batean, non gizarte premiak biderkatzen ari diren”, azpimarratu du diputatu nagusiak.


Ildo horretan, aitortu nahi izan ditu ATECEren ekarpena eta ibilbidea Gipuzkoako gizarteak dituen “balio onenen alde”. “Bide horretan guztian, egoera zailei lehen aldiz aurre egin behar izan dieten pertsona asko eta familia asko babestu dituzue. Hori ez ezik, bestelako laguntza ere eman diezue: terapiak, laguntza psikologiko eta soziala, gorputz- eta kirol-jarduerak eta aisialdi-jarduerak, eta beste hainbat jarduera” adierazi du. Olanoren iritziz, horrek erakusten du Gipuzkoan errealitate sozial askori ematen ari zaien “erantzun komunitarioa”.


Bestalde, Maite Peñak, Gizarte Politiketako foru diputatuak, eskerrak eman nahi izan dizkie ATECE elkartea osatzen duten pertsona guztiei, “ondo merezitako” sari bat dela azpimarratuz.  “Ehunka pertsonen bizitza hobetzeko lan egiten duzue, kalte hori pairatzen duten pertsonentzat eta euren familientzat babes eta erreferente zarete. Gainera, modu erabat altruistan egiten duzue, trukean ezer itxaron gabe. Eta hori goraipagarria da”, gaineratu du diputatuak. Gipuzkoako Boluntariotza Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea lan sozialagatik eta boluntariotzari emandako bultzadagatik nabarmendu diren pertsonen eta gizarte erakundeen ibilbidea, horrela Gipuzkoa gero eta solidarioago bat eraikitzen lagunduz, diputatuak azaldu duenez. Foru Jauregiko Jargi aretoan eman dute saria, ekitaldi xume eta hunkigarri batean. Aurten, bi urteko pandemiaren ondoren, ekitaldiak ohiko edukiera berreskuratu du, Gipuzkoako hirugarren sektore osoarentzat “oso maitea eta sentitua” den ekitaldi batean.


Gipuzkoako Foru Aldundiak duela 28 urte sortu zuen Gipuzkoako Boluntariotza Saria, Gipuzkoako hirugarren sektore soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko. Hauek izan dira azken urteetako irabazleak: AGIPAD (1999), ACASGI (2000), Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001), Nagusilan (2002), Hijas de la Caridad (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastorala (2006), Juan María Garitano (2007), Izan – Proyecto Hombre Fundazioa (2008), Behar Bidasoa Elkartea (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Itxaropen Telefonoa (2011), Laringektomizatuen Elkartea (2012), Odol Emaileak (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako Elikagai Bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko Boluntariotza (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019), Begisare (2020) eta Kemen (2021).
 

  

3430