Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Zorra murriztu eta etorkizuneko proiektuak sustatzeko baliatuko dugu zerga-bilketako hobekuntza”

“Zorra murriztu eta etorkizuneko proiektuak sustatzeko baliatuko dugu zerga-bilketako hobekuntza”

2018 urtea errekorrarekin itxi zuela azaldu du Markel Olanok, eta esan du “mugarria” dela lurraldearentzako Ez Ohiko Funtsaren inguruko akordioa

2019/02/15

4.837 milioi euroko zerga bilketarekin itxi zuten 2018 urtea Gipuzkoak, aurreko urtean baino %3,6 gehiago eta aurrekontuan aurreikusitakoa baino %3,6 gehiago baita ere. Honela, lurraldeak bere zerga bilketa errekorra gainditu du bigarren urtez jarraian eta hau, Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanoren arabera, ekonomiaren momentu onaren adierazle da. “Lehentasunak orain zorra murriztu eta Gipuzkoaren etorkizunerako proiektu estrategikoak bultzatzen jarraitzea dira. Zerga bilketak bizi duen une positiboak horretarako bidea ematen digu, eta baliatu egin behar dugu”, esan du foru arduradunak. Gainera, balioan jarri du atzoko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan Ez Ohiko Funtsa sortzeko erabakia ere, eta esan du Gipuzkoarentzako “mugarri kualitatibo eta kuantitatiboa” dela. 
Foru arduraduna Batzar Nagusietan agertu da gaur, Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako batzordean, atzo Gasteizen egin zen bileran hartutako erabakien berri emateko. Herri-dirubideen Euskal Kontseiluak urtean bi ohiko bilera egiten ditu, bata urrian eta bestea otsailean. Kasu honetan, atzoko topaketan aurreko urteko likidazioa egin zen, eta itunpeko zergen bilketa banatu zen EAEko administrazioen artean. 
Olanok, bere hitzaldian, ekonomia sustapenaren alde egiten jarraitzearen alde egin du. “Egungo agertokian, hazten ari dira enpresen salmentak, langabezia murrizten ari da, enpleguak kalitate hobeagoa du… Hau guztia gero zerga bilketan islatzen da, eta bide beretik jarraitu behar dugu”, esan du diputatu nagusiak. Hau honela, “zuhurtziaz eta zentzuz” kudeatzen jarraitzearen alde egin du, testuinguru positiboa erakundea indartzeko baliatuz. “Alde batetik, zorra murriztuz, honek gure maniobra gaitasuna hobetuko baita, garai zailagoak iristen direnerako; eta, bestetik, Gipuzkoa prestatu eta bere posizioa hobetzen lagunduko duten etorkizuneko proiektuak landuz”, nabarmendu du. 

Ez Ohiko Funtsa
Bestalde, euskal erakundeek Ez Ohiko Funtsa sortzeko hartutako erabakia ere izan du hizpide diputatu nagusiak. Finantza erreminta berri honen helburua lurralde historikoen egonkortasuna bermatzea da, Ekarpen Legea berritzeko prozesuak jarraitzen duen bitartean. Honela, egungo araudiak sortzen dituen desorekak leuntzea lortzen da. Olanoren iritziz, akordioari esker “urteetan zehar luzatu diren desadostasunak gainditu, arriskuak murriztu eta Gipuzkoaren interesen defentsa bermatzen da”. 
Honela, diputatu nagusiak neurri honen beharra ere defendatu du: “Egungo Ekarpen Legea 2007koa da eta 2011tik luzatuta dago, eta desorekak sortzen ditu, gure lurraldeari bereziki eragiten diotenak. Orain, Ez Ohiko Funts honen onarpenarekin, erreminta gehigarri bat daukagu desoreka horiek zuzentzeko”. “Hau guztia posible izan da negoziaketan Gipuzkoaren interesak gailendu direlako eta, beraz, oso albiste pozgarria da gure lurraldearentzako”, esan du diputatu nagusiak.

  

2906