Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Zuen aitzindari lanaren bitartez, berdintasuna erein duzue euskal politikagintzan”

“Zuen aitzindari lanaren bitartez, berdintasuna erein duzue euskal politikagintzan”

Azken hamarkadetako bizitza politiko eta instituzionalean aitzindari izan diren emakume gipuzkoarren ekarpena ikusarazi du Aldundiak ekitaldi batean.

Martxoaren 8aren atarian, azken lau hamarkadetan lurraldeko eta herrialdeko bizitza politikoan eta instituzionalean aitzindariak izan diren emakumeen ekarpena ikusarazi eta aitortu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur arratsaldean Donostiako Antzoki Zaharrean egindako ekitaldi batean. Bertan, Haziak izenburupean, hainbat esparrutan, alderditan eta erakundetan ordezkaritza politikoa izan duten emakume bidegileen testigantzak ezagutzera ematen dituen dokumental labur bat estreinatu da. Horrela, emakume horiek aitorpen publiko eta kolektiboa jaso dute gizarte “justu eta berdinzaleago” baten alde egindako ekarpenagatik.

 

“Zuen aitzindari lanari esker, zuen konpromiso sozial eta politikoaren bitartez, berdintasuna erein duzue euskal politikagintzan”, aitortu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak. Dokumentalerako beren testigantza eskaini duten bost emakume aitzindarik egindako solasaldian parte hartu du Olanok eta, adierazi duenez, euskal politikan eta erakundeetan aztarna ireki duten emakumeen lana “eredugarria da egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat”, zuetako bakoitzak, hainbat alderdi eta tradizio politikoren barruan, hautsi egin dituzuelako “gizarteak ezarritako kristalezko sabaiak eta estereotipoak”.

 

Diputatu nagusiak azpimarratu du beharrezkoa dela “aitortza kolektiboa” eskaintzea emakume aitzindariei eta, konpromiso sozial eta politikotik abituz, Gipuzkoako gizartea “berdintasun eraginkor eta erreal baterantz eraldatzeko” lan egin duten eta lan egiten duten “emakume guztiei”. Era berean, gogorarazi du emakumeen ekarpena, askotan alde batera utzia izan dena, “funtsezkoa izan dela Euskadiren instituzionalizazio-prozesuan, autogobernuaren eta politika publikoen garapenean, bai eta bizikidetzaren eta kultura politiko demokratikoaren aldeko konpromisoan” ere.

Olanok, halaber, adierazi du beharrezkoa dela emakumeen eta gizonen berdintasunerantz “jauzi bat” egitea gizartearen esparru guztietan, Gipuzkoan gizarte-desberdintasunen aurka partekatutako konpromisoaren testuinguruan. “Jauzi horrek esan nahi du guztiok, gizon nahiz emakume, gure jarduera publikoaren erdigunean berdintasunaren agenda ezartzea, gizartea eraldatzeko politika publikoen bitartez, maila guztietan benetako berdintasun eraginkorra lortzeko”, laburbildu du.

Ekitaldia Juan Carlos Etxeberria kazetari donostiarrak aurkeztu du eta Klara Mendizabal abeslariaren emanaldia ere entzun ahal izan dute bertaratu direnek. Publikoan ziren, ordezkaritza sozial eta politiko zabal baten artean, hala nola, Eider Mendoza foru bozeramailea eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Bingen Zupiria, Kultura sailburua; eta Eneko Goia Donostiako alkatea, beste hainbat alkateren artean.

Haziak filmaren proiekzioaren ondoren, mahai-inguru bat egin da, euskal politikan aitzindari izan diren bost emakumeren parte-hartzearekin. Emakume horietako bakoitzak, tradizio politiko desberdineko kide izanik, bere bizipenak eta gogoetak partekatu ditu. Hala egin dute Begoña Amunarrizek, Euskadiko lehen legebiltzarkideetako batek (EAJ-PNVren ordezkari gisa); Anttoni Nazabalek, diktaduraren ondorengo lehen legegintzaldian Zaldibiako zinegotzi izandakoak (HBren ordezkari gisa); Gema Zabaletak, Gipuzkoako lehen bi foru diputatuetako batek (PSE-EEren ordezkari gisa); Lola Arrietak, Donostiako Gestorako zinegotziak (Alderdi Komunistaren exekutibako kidea); eta Maria José Usandizagak, Donostiako diktadura osteko lehen udalbatzako zinegotziak eta Kongresurako hautagaiak (UCD/PP).

Topaketari amaiera emateko, plaka oroigarri bat eman zaie Haziak proiekturako lekukotza eman duten 18 emakume aitzindariei. Emakume horietatik 15ek Antzoki Zaharreko ekitaldian parte hartu dute eta txalo zaparrada sentitu bat jaso dute ikusleen aldetik.

Dokumental laburra

Berdintasuneko eta Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzek elkarlanean gauzatu dute egitasmo hau, euskal politikagintzan aitzindari izandako emakumeen testigantza jaso asmoz. Lan horretan aritu da, foru zuzendaritzen babespean, Ainhoa Novo EHU-UPVko Zientzia Politikoetako irakaslea, zeinek dokumentatu dituen 18 emakume bidegileren testigantza eta elkarrizketak. Ikerketa horren helburua izan da diktaduraren osteko urteetan bidea urratu duten emakumezkoen lekukotasunak jasotzea, datozen urteetan etorri daitezkeen azterlan berriek material hori guztia eskuragarri izan dezaten eta egiten diren ikerketetan andrazkoen ahotsa eta ekarpena kontuan hartua izan dadin.

Euskal gizarteko alderdi eta mugimendu politiko desberdinetan jardun duten ordezkariak elkarrizketatu ditu Novok, gipuzkoar gizartearen pluraltasun eta sentsibilitate anitzak kontuan izanda. Guztiek ere, maila pertsonalean eskaini dute beren testigantza eta ez, beraz, alderdi politikoen izenean.

Dokumental laburra, hemen ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=vIwbXpTfvlk

 

 

 

‘HAZIAK’ ERREKONOZIMENDU KOLEKTIBOAN PARTE HARTU DUTEN EMAKUME AITZINDARIAK

 

  • Inaxi Otegi, Gipuzkoako lehen emakumezko alkatea. Zizurkil. (HB).
  • Mirentxu Etxeberria, Tolosako alkatea. (EAJ-PNV).
  • Aurora Bascaran, Eibarko alkatea. (PSE-EE).
  • Gema Zabaleta, lehen foru diputatua. (PSE-EE).
  • Maria Jesus Aranburu, lehen foru diputatua. (EAJ-PNV).
  • Begoña Amunarriz, lehen eusko legebiltzarkideetako bat. (EAJ-PNV).
  • Mari Karmen Garmendia. Sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea (EAJ-PNV).
  • Arantza Quiroga. Eusko Legebiltzarreko presidentea (PP).
  • Marta Mitxelena, lehen batzarkideak (EE).
  • Bakarne Larrañaga, lehen batzarkideak (EAJ-PNV).
  • Esther Larrañaga, Gipuzkoako BBNNetako lehen presidentea (EAJ-PNV).
  • Ana Miranda, lehen senataria eta Europako parlamentuko diputatua (PSE-EE).
  • Ana Urchueguia, Lasarte-Oriako alkatea (PSE-EE).
  • Maria Jose Usandizaga, Donostiako zinegotzia diktadura osteko lehen legealdian eta Espainiako Kongresurako hautagaia (UCD/PP).
  • Maria Pilar Larreina, Donostiako gestorako alkateordea.
  • Lola Arrieta, Donostiako gestorako zinegotzia (Alderdi Komunista exekutibako kidea).
  • Anttoni Nazabal, Zaldibiako zinegotzia lehen legealdian (HB).
  • Kontxu Yarza, Hernaniko Udalean Lasarteko zinegotzia (HB).
  • Maria Pilar Subinas, Gipuzkoako lehen batzarkideetako bat.
  

1928