Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 1.100 biztanle baino gutxiagoko udalerrien finantzaketa indartzeko foru arauaren egokitzapena onetsi dute Batzar Nagusiek

1.100 biztanle baino gutxiagoko udalerrien finantzaketa indartzeko foru arauaren egokitzapena onetsi dute Batzar Nagusiek

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatua pozik agertu da batzarkide talde guztien onespenarekin, “Gipuzkoako lurralde oreka sustatzea helburu duen aldaketa” baita.

2024/09/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur goizean egindako osoko bilkuran, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 15/1994 Foru Arauaren egokitzapena onetsi dute, zeinak udalerri txikienek Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez(UFFF) jasotzen duten kopurua arautzen baitu. Arau horren egokitzapenak 1.100 biztanle baino gutxiagoko udalerrien azken urteotako eskariari erantzun nahi dio, eta, horrela, haien finantzaketa indartu.

Udalen eta Foru Ogasunaren arteko lankidetzaren ondorioz, Eudelen Lurralde Batzordeak 15/1994 Foru Arauaren 3.1 a) artikuluan jasotako banaketaren egokitzapena helarazi zion Aldundiari. Aldundiak bere egin zuen proposamena, eta eta araua egokitu zuen udalerri txikien finantzaketa egungo errealitatera egokitzeko.

Hasieran, aipatutako foru arauak ezartzen zuen, biztanleriaren arabera udalerri guztiek urtero jasotzen zuten kuotaz gain, kopuru gehigarri finko bat esleituko zaiela, herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko. Banaketa gehigarri hori berrikusi gabe zegoen 1994. urteaz geroztik. Arau horren egokitzapenaren bidez, eta Batzar Nagusietan onartu ostean, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek, 2025etik aurrera, haien biztanleriaren arabera dagokien kuotaz gain, erreserbatuta izango dute urte bakoitzeko UFFFren % 1,2, eta zati berdinetan banatuko da udalerri horien guztien artean.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak txalotu egin du Foru Aldundiaren egokitzapen proposamenak Batzar Nagusietan izan duen adostasun zabala. “Neurri hori erakundeen arteko adostasunaren eta elkarlanaren emaitza da”, eta “udalerri horien etorkizunaren aldeko apustua egin eta Gipuzkoako lurralde oreka sustatzea du helburu”. Agirrek 33 herri horiek duten garrantzia nabarmendu du, gipuzkoar askoren bizileku direnez gero, eta ingurumena eta ingurune naturala babestearen aldetik zein kultur ikuspegitik lurraldeari egiten dioten ekarpena balioetsi nahi izan du; horrela, ondorioztatu duenez, “dirusarrera berri horrek herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua indartzea ahalbidetuko die, garapen sozialean eta ekonomikoan aurrera egiteko”.

150 biztanleko udalerri baten adibidea

Adibide gisa, biztanle kopuruaren araberako kuotaz gain, gaur arte 150 biztanleko udal batek atal honetan jasotzen zuen kopuru finkoa 1994tik hona urtero 84.141,69 eurokoa izan da, UFFFren bilakaerak goranzko edo beheranzko joera duen kontuan izan gabe. Orain proposatzen den aldaketa horrekin, udal horrek 244.395,67 euro jasoko lituzke aurten.

1994ko foru arauak kopuru finko bat –momentu hartako %1,2aren arabera kalkulatutakoa– ezartzearen arrazoia izan zen UFFFren balizko jaitsiera batek udalerri txikiei kalterik ez eragitea. Denboraren poderioz, ordea, Udal Finantzaketarako Foru Funtsak gora egiten jarraitu du eta, gaur egun, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek %0,32 soilik jasotzen dute atal honen bitartez.

  

4516